Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 26 maiatza, 2021 Ekintzailetza Start up UP Euskadi

Diversity4equality: “Inpaktu soziala eragiteko erreminta boteretsua dugu ekintzailetza”

Programaren hirugarren edizioa hasi berri da. Mondragon Team Academy, Zuhura Africa eta Fundación Anesvad-ek elkarrekin antolaturik.
abc challenge

Maialen Mendizabal Africa Basque Challenge-ren atzean dagoen ‘Diversity4equality’ kooperatiba berriaren CEO da. Programa hau 2018an hasi zen, Euskadi eta Afrikako profil anitzak elkartuz, erronka sozialei konponbideak elkarrekin aurkitzeko asmoz.

Programaren hirugarren edizioa hasi berri da. Mondragon Team Academy (Mondragon Unibertsitatea), Zuhura Africa (STEM-eko gazte ekintzaileen entitatea) eta
Fundación Anesvad-ek elkarrekin antolaturik.

 

Nola sortu zen Africa Basque Challenge?

Euskadi eta Kenya artean sortutako kidetasuna zela eta, 2018ko udaberrian atera genuen programa hau. Ekintzailetza epe luzera aukerak sortzeko erreminta oso baliagarria dela ohartu ginen; hortaz, oso interesgarria zatekeen gazteekin lantzea. Hala, 40 partaidez (hogeina euskaldun eta keniatar) osaturiko lehenengo edizioa antolatu genuen. Geroago antzeman genuen ekimena baino, honen inguruan sortutako komunitatea zela benetan baliotsua. Programa solte bat egiteak zentzurik ez zuenez, programa berriak egiteari ekin genion.

 

Eta zertan datza?

“40-4-4” formula jarraitzen dugu. Edizio bakoitzean herrialde desberdinetako 40 gaztek parte hartzen dute, eta gero, lau hilabetez elkarrekin lan egiten dute; lehenik taldeak sortzen, eta geroago, proposatutako erronkarako konponbidea garatzen.

Lehenengo edizioko erronka hirigunea eta landa eremuaren arteko haustura zen. Euskal Herrian bezalaxe, Kenian ere arazo hau berau dute.

Bigarren eta hirugarren edizioetan osasunerako eskubidean zentratu gara.

Programaren amaieran aurkezpen moduko ekimena egiten dugu eta lau irabazle hautatzen dira. Irabazleek azelerazio-prozesu bat eta euskarri ekonomiko txiki bat eskuratzen dute proiektua martxan jartzeko.

 

Nolako proiektuak sortu dira talde hauetan?

Lehenbiziko bi edizioetan 80 partaide baino gehiago izan dira Africa Basque Challengen. 18 proiektu sortu dira, eta hauetatik 9 dagoeneko martxan dabiltzan enpresak dira.

Proiektuen artean bereziki polita dugu ‘House of Coco’, kokoen zuntzen bidez eraikitzeko blokeak sortzeko ekimena. Keniako gobernuak lursail bat laga berri die eta bertan eraikiko dute honelako adreiluz osatutako lehenengo etxea.

Senegalekin egindako edizioan ere ekimen interesgarriak sortu ziren, hala nola hainbat eskualdetan zehar mugitzen den ekintzailetza-furgoneta, emakumeei euren proiektuetan laguntzeko, edota etxebizitzetako uraren kalitatea hobetzeko iragazkia, orain prototipo fasean dagoena.

 

Oraintxe hirugarren edizioa ateratzen ari zarete. Berririk?

Lanaren prozesua berbera da, eta osasunerako eskubidearen erronkari ekingo diogu berriz, orain arrunt garrantzitsua delako. Hala ere, baditugu gauza berriak.

Aurten hiru herrialdetan aterako dugu batera: Kenia, Senegal eta Euskal Herria. Gainera, prozesuan zehar Moviltik-ek kanpaina bat egingo du sareetan eta dokumental bat sortuko du, partaideak protagonista izango dituena. Osasunerako eskubideaz mintzatzeaz gain, eragina duten proiektuak ekintzailetzaren bidez nola sor daitezkeen eztabaidatuko da.

Programaren helburua benetako enpresa eta proiektuak sortzea da, lan egiten dugun herrialdeetan eragin positiboa izatea lor dezaketenak.

 

Eta nola lortzen duzue? Zerk egiten du berezi programa hau?

‘Diversity4equality’ metodologiaz arduratzen da, ez baita ekintzailetza-programa arrunta. Euskal Herrian 18-45 urte bitarteko pertsonentzat ireki genuen deialdia, edozein profiletakoak, enpresak sortzen inolako esperientzia izan behar ez dutenak. Ekintzailetza eta gizarte berrikuntzaren elementuak biltzen dituen metodologia erabiltzen dugu, eta lau perspektibatan jarduten dugu: garapen pertsonala, taldeen sorkuntza, negozioari dagokion partea eta komunitatearen garapena. Metodologia hau profil guztientzat eskuragarria da.

 

Berebiziko garrantzia ematen diozue kultura, profila, adina eta beste hainbat ezaugarriren araberako talde anitzak egiteari. Zergatik?

Doitasuna aniztasunaren bidez lantzen dugu, aniztasuna edonon dagoela uste baitugu: hirietan, erakundeetan, sendietan…

Aniztasunean bizitzen ikasi behar dugu, eta honen balorea aprobetxatu. Gure programetan profilak oso anitzak dira, eta honexek ematen die balioa taldeei, ikuspuntu eta esperientzia desberdinak batzen direlako. Tokiko inpaktua eragiten duten proiektuak izan arren, guzti honi esker, mundu mailako ikuspuntua izatea lortzen dugu.

Niretzat adibide oso argia dugu ‘Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan’. Helburuok berberak dira denontzat, nola edo hala, erronka berak bizi baititugu. Hortaz, norbere etxetik lan egiteak ez du zentzu handirik. Testuinguru bakoitzeko arazoak amankomunean ipiniz gero, eragin handiagoa lortuko dugu.

 

Prozesu honetan Diversity4equality ere sortu duzue enpresa gisa…

Bai! Oraintxe kooperatiba bihurtzeko prozesuan murgildurik gaude! 2018an hasi ginen Africa Basque Challenge-rekin, baina gerora programa beste herrialde batzuetara eramateko aukerak izan ditugu, Euskal Herritik eta Afrikatik kanpo; beraz, izenak ez zuen zentzu handirik…

Ekintzailetza txapelketa baino, komunitate bat sortzea da gure egitasmoa. Coworking digital bat sortzeko helburuaz hasi zen ekimena, partaideak kontaktuak izateko, laguntza jasotzeko eta plataforman bertan aurki daitezkeen finantza-iturriak lortzeko. Hauxe da gure ideia.

Datorren urtera begira, programara sartu nahi duten hainbat herrialde dago; betiere aniztasunetik abiaturik lan eginez, mundu mailako erronkei konponbideak emateko. Gainera, formakuntza eta aholkularitza eskaintzen ari gara, metodologia hauek euren jardunean sartu nahi duten erakundeentzat.

Lotutako albisteak

Wake Up Euskadi 27 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Dryfing Naia Espinosa 27 abendua, 2024 Ekintzailetza
Arabako startup-a Dryfing, Expansión Start UP Sariak Ingurumen kategorian lehen saria
Irakurri gehiago
26 abendua, 2024 Ekintzailetza
Marzianosek gozoki osasungarriez gozatzeko aukera ematen du, zaporeari uko egin gabe
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 20 abendua, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
19 abendua, 2024 Ekintzailetza
BIC Bizkaiak 10. urteurrena ospatzen du 65 enpresa garatu, 500 lanpostu sortu eta 175 milioi euroko fakturazioarekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak