EHUren udako ikastaroen barruan, ekainaren 15ean jardunaldi bat eskainiko da bertatik bertara aztertzeko zeintzuk diren hidrogenoaren aplikazioak, aukerak eta estrategia garraioan. EHUk eta Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatu dute ikastaroa. Presentzialki nahiz online jarraitu ahal izango da, eta bereziki zuzenduta dago mugikortasunaren industriako profesionalei. Zabalik dago izena emateko epea.
Garraioak sortzen du Europar Batasuneko CO2 isurketen %20. European Green Deal itunak, Euskadiko Jasangarritasun Energetikoaren Legeak edo Mugikortasun Jasangarriaren inguruan osatzen ari diren legeriek hainbat neurri ezartzen dituzte CO2 isurketarik gabeko EB bat lortzeko 2050ean. Hidrogenoa da deskarbonizaziorako energia-nahasketa horretan erabiliko den energietako bat. Hain zuzen, hidrogenoak mugikortasunean izango duen papera aztertzeko antolatu da “Hidrogeno berdearen lasterketa” izeneko udako ikastaro hau.
Garraio jasangarriaren erronka horri erantzuteko, hidrogenoaren merkatua puri-purian dago eta hainbat eragile ditu bai bere lidergoan eta bai bere balio-katean. Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak hizpide hartuko du Hidrogenoaren Euskal Estrategia, Euskadik merkatu horretan izango duen posizionamendua bideratuko duena.
Bestalde, ezagutzera emango dira CAF, Irizar eta Petronor-en esperientziak, azalduko da zein den Mubil zentroaren eginkizuna mugikortasun berriaren industriako ekosistemaren integratzaile bezala, eta SPRI Taldeak hizpide hartuko du nor den nor sektore horretan eta zeintzuk diren bektore energetiko berri horren garapenak ekarriko dituen negozio eta lan igurikipenak. EEEk moderatutako mahai-inguru bat ere egingo da, zeinetan parte hartuko duten Energia eta Mugikortasun klusterrek eta ikastaroko hizlari guztiek.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?