Euskal enpresek uztail honetan ezagutuko dute SPRIren bitartez Adimen Artifiziala industria-jardueran eta jarduera sozioekonomikoan aplikatzeko eredu berria. Eredu hori 2025erako Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren barruan diseinatu da eta Arantxa Tapiak, Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, berriki aurkeztu du Gobernu Kontseiluan.
Gainera, enpresek aukera izango dute bi milioi euroko aurrekontua duen Adimen Artifizial Aplikatuarentzako Laguntza Programa berria ezagutzeko “Inteligencia Artificial, ya es presente | Adimen Artifiziala, orain da” izeneko prestakuntza eta dibulgazio ekimen honetan, zeina uztailean egingo baita lau jardunaldi telematikoren bidez. SPRI Taldearen programa honek dirulaguntzak banatuko ditu Adimen Artifizialean oinarritutako zerbitzu edota konponbide komertzialak aplikatzeko proiektuetarako. Laguntza programa 2021ean argitaratuko da.
Adimen artifiziala edo ikasteko eta arazoak modu autonomoan konpontzeko makinen gaitasuna, jarduera sozial eta ekonomikoa aldatzeko potentzial handiena duten teknologietako bat da. Euskadik babes transbertsala ematen dio Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Adimen Artifizialaren garapenari, badirelarik industriarentzako laguntza zuzenak eta baita ere euskal unibertsitateek eskaintzen duten prestakuntza teknologiko espezializatua. Horrez gain, Euskadiko Teknologi zentroek enpresei zuzendutako hainbat jarduera antolatzen dituzte Basque Research & Technology Alliance (BRTA) sarearen bitartez.
Hala, SPRIk Adimen Artifizialari buruzko lau hedapen-jardunaldi antolatu ditu bere Enpresa Digitala zentroen bitartez, enpresek teknologia hori aplikatuz izango dituzten onurak ezagutarazteko. Adimen Artifizialaren aplikazioari esker prozesu eta produktuen errentagarritasuna hobetuko da eta enpresa arloko gaitasun eta aukera berriak sortuko dira, balio handia sortuko baita digitalizazioaren aurrerapen azkarraren ondorioz gero eta eskuragarriago ditugun datuak eta informazioa oinarritzat hartuta.
Antolatu diren lau topaketetan SPRIk Adimen Artifizialaren aplikazioarekin lotutako laguntza publikoen eskaintza osoa (teknikoa eta gizatiarra) aurkeztuko du, arreta berezia eskainiz Adimen Artifizial Aplikatuarentzako Laguntza Programa berriari.
“Inteligencia Artificial, ya es presente | Adimen Artifiziala, orain da” jardunaldiak
Lehen jardunaldia ekainaren 29an (eguerdiko 15:30etan) izango da, eta bertan ezagutaraziko dira “Adimen Artifizialeko inbertsioei errentagarritasuna ateratzeko giltzarri praktikoak”. Topaketa honetan aztertuko dugu nola optimizatu enpresan adimen artifizialeko konponbideak ezarri eta erabiltzen hasteko prozesua, baina orobat hitz egingo dugu adimen artifiziala txertatuta duten produktu berrien merkaturatzeaz. Eta hori guztia, tamaina eta heldutasun digital desberdinetako enpresen adibide praktikoetan oinarrituta.
Bigarren jardunaldia, “Digitalizazioaren Aroa: Adimen Artifizialaren Aplikazio Praktikoak eta Sekurizazioa”, uztailaren 1ean egingo da (goizeko 9:30etan). Jardunaldi honetan azalduko da zer den adimen artifizial aplikatua eta bere segurtasuna, horrelako prozesuak martxan dituzten produkzio-enpresen esperientzien bitartez.
Negozio-ereduak eraldaketa digital sakon batean murgilduta daude, merkatuak erabakitze-prozesu gero eta azkar eta konplexuagoak eskatzen baititu. Datu kopuru izugarriak eta gero eta exijenteagoa den ekonomiaren konplexutasunak nabarmen mugatu eta gainditu du gizakiaren inferentzia-gaitasuna. Adimen Artifiziala erabilita datu konplexuen analisia automatizatu daiteke, zehatzagoa eta azkarragoa bihurtu, eta erabakiak hartzen lagundu.
Uztailaren 8an (9:30) “Adimen Artifiziala: optimizazio handiak arazo handientzat” izeneko jardunaldia egingo da. Bertan aztertuko da Adimen Artifizialean oinarritutako produktu eta prozesu industrialen diseinuaren optimizazioa, eta enpresan izan dezakeen inpaktua. Ia negozio-arlo guztietatik datuak atera, biltegiratu eta prozesatzeko gaitasuna gero eta handiagoa izaki, posible da datu horiek ezagutza bihurtzea.
Azkenik, uztailaren 13an (9:00) “Adimen Artifiziala ezartzea zerbitzu edo/eta konponbide komertzialetan” Izeneko jardunaldia egingo da, eta bertan azalduko da nola ezartzen den Adimen Artifiziala, zein urrats eman behar diren Adimen Artifizialeko proiektu bat gauzatzeko eta zein diren sektore bakoitzeko berezitasunak.
{Horretarako, euskal enpresa-sarean erreferentziazkoak diren industrietako -automozio, siderurgia, kimika, logistika, finantzak eta ingeniaritza (edo elikadura)- benetako sei kasu aurkeztuko dira.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?