Pandemiaren ondorioz, berrikuntza lehentasun bihurtu da euskal enpresetarako, eta, beraz, osasun-krisiaren aurreko inbertsio-mailak berreskuratzea erabaki dute. Nolanahi ere, erregistro horietara itzultzeak merkatuan duten posizonamenduari eusteko balioko du soilik, baina ez hura hobetzeko, “Euskal Berrikuntzari buruzko Pertzepzioaren Txostenaren” aditu taldeko 250 kideren arabera. Hirugarren edizioan, Euskadiko I+G eta berrikuntzaren pertzepzioaren behatoki honek, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasquek sortutakoa, ohartarazten du inbertsioa aurten hasiko dala berreskuratzen eta 2022an biziagoa izango dala, “enpresak lehiakorrak izaten jarraitzeko ezinbesteko baldintza“.
“Euskal Berrikuntzari buruzko Pertzepzioaren Txostena” bi urtean behin egiten da, arlo horietan ibilbide profesional aitortua duten espezialisten talde handi batek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemari buruz duen pertzepzioa oinarri hartuta. Adituen talde hori Innobasquek bere bazkideekin batera sortutako zazpi berrikuntza-taldeetako bat da, hainbat espezializazio-arlotatik berrikuntza eta I+G arloarekin lotutako alderdi guztiak jorratzeko eta Euskadiko adierazleen bilakaera aztertzeko. Diziplina arteko lantalde horiekin lankidetzan aritzeak aukera ematen dio Agentziari hainbat ikuspuntu espezializatu izateko, adibidez, arrakasta-kasuak identifikatzeko, joera globalak aurreikusteko, ETE-en beharrizan espezifikoak lantzeko edo prospektibaren erabilera sustatzeko.
250 talentuko diziplina anitzeko panela
Kasu honetan, euskal berrikuntzaren pertzepzioaren taldeak, 2020an, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema osatzen duten kolektibo eta erakunde guztietako 250 ordezkari bildu ditu. Horien artean daude enpresetako, I+G unitateetako eta enpresa-erakundeetako arduradunak, gizarte-instituzio edo -erakundeetakoak, unibertsitateetakoak, zentro teknologikoetakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste agente batzuetakoak, hala nola Ikerketa Sanitarioko Zentroak (ISZ), Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ) edo Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak (BERC). Banakako balorazioei esker, Innobasquek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistema nola hautematen den azter dezake, eta kolektibo bakoitzak antzematen dituen indarguneak eta ahulguneak ezagutu.
Edizio berri honetan, txostenari jarraikiz, sistemak goranzko balorazioa du lanbide-jarduera bertan garatzen dutenen artean. Sei urtetan, panelak uste du berrikuntzaren egoerak hobera egin duela Euskadin; zehazki, 2016ko 6,38tik iazko 6,80ra igo du `nota´. Egoera ongien hautematen dutenak ikertzaileak dira. Horiek nota 6,91ra igoko lukete. Atzetik enpresaburuak datoz, 6,84rekin. Kritikoenak, ordea, gizarte-instituzio eta -erakundeetako ordezkariak dira. Batez beste 6,42 eta 6,08ko notak dituzte, hurrenen hurren.
Informazioa inkesten bidez lortzen da; beraz, horiek aztertuta ondoriozta daiteke sistemaren barruan profesionalek indargunetzat jotzen dituztela langile ikertzaile kualifikatuen presentzia eta ikerketa-ibilbidea garatzeko baldintzak, finantzaketa publikoaren garrantziarekin eta baliabideak ardaztearekin batera. Gainera, administrazioek zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko orduan jartzen duten arreta erantsi behar zaio. Balantzaren beste aldean, hobetu daitezkeen alderdiak dira finantzaketa pribatua eta egindako ahaleginen eta lortutako emaitzen arteko harremana.
Azkenik, ‘2020ko Euskal Berrikuntzari buruzko Pertzepzioaren Txostenari’ esker, Euskadin I+G+b arloko etorkizunaren inguruan adituen taldeak dituen aukerak ezagut daitezke. Izan ere, edizio honetan bi inkesta egin dira osasun‑krisiaren ondorengo egoera islatzeko. Ildo horretan, aurten eta bereziki datorren urtean gastu-maila berreskuratzea aurreikusteaz gain, inkestari erantzun dioten gehienek uste dute zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politikaren lehentasun nagusiak ekimen estrategikoak sustatzea, enpresetan eta gizartean digitalizatzea eta ETEetan berritzea izan behar direla. Panelaren barruan ados ez dauden bakarrak ikertzaileak dira. Euren ustez garrantzitsuagoa da ezagutzaren transferentzia eta talentuaren kudeaketa hobetzea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?