Foro Industrialak atzo eginiko bileran elkarrekin bildu ziren Europako Batzordeko presidenteorde Margrethe Vestager, Barne Merkatuko komisario Thierry Breton, EBko 27 estatu kideetako ordezkariak eta EBko exekutiboak aukeratutako industria-politikako 28 aditu europarrak. Batzarrean Foro Industrialaren 2021-2022 urteetarako lan-ildo nagusiak adostu zituzten: Europako 14 ekosistema industrialen analisi sistematikoa, ekosistema industrial bakoitzarentzako trantsizio-bideak garatzea, EBren menpekotasun estrategikoen analisia, eta mugaz gaindiko inbertsio-premiak nahiz ekosistemen arteko kolaborazio-aukerak identifikatzea. Era berean, Foro Industrialeko kideek lehen eskutik ezagutu zituzten1 turismoaren ekosistemako trantsizio-bideen eszenatoki desberdinak. SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Cristina Oyónek ordezkatu zuen Eusko Jaurlaritza bilera horretan.
2020ko martxoaren 10ean, Europako Batzordeak bere estrategia industrialaren oinarriak ezarri zituen, helburutzat hartuz trantsizio bikoitza (ekologikoa eta digitala) bultzatzea, EBren lehiakortasun industriala sendotzea mundu mailan, eta Europako autonomia estrategiko irekia hobetzea. Estrategia industrial berria aurkeztu eta biharamunean, Osasunaren Munduko Erakundeak COVID-19aren pandemia deklaratu zuen.
Harrezkero, eta 2021eko maiatzaren 5era arte, Europako Batzordea lanean aritu da Estrategia Industrialaren bertsio berri bat garatzeko, hasieran finkatutako helburuak indartzen dituena eta lan-unitate gisa ekosistema industrialaren kontzeptua ezartzen duena. Hala, 14 ekosistema aukeratu dira, zeintzuek Europako jarduera industrialaren %80 biltzen baitute.
Estrategiaren eguneratze-aldi horretan, Europako Batzordeak aholkularitza-batzorde bat sortu du Estatu kideetako ordezkariekin, enpresa-elkarte desberdinetako ordezkariekin eta 14 ekosistema industrialetako solaskide sozialekin. SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Cristina Oyónek Vanguard Initiative2 ekimenaren ordezkari bezala parte hartzen du foro horretan. Vanguard Initiative elkarteak Europako eskualde industrializatuenetako 39 biltzen ditu.
Foroa 2021eko otsailean sortu zenetik, SPRIk (Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunean duen ordezkaritzak lagundurik) bere hondar aletxoa jarri du Europako estrategia industriala eguneratzeko; izan ere, eskualde mailako garapenaren osagaia txertatu dio, osagai oso garrantzitsua tresnak enpresa-sarearen errealitatera eramateko eta sare horren ezagutza Europako erabaki estrategikoetaraino eskalatzeko.
Atzo –ekainaren 29an— egindako bileran, Europako Batzordeak proposatu zuen lau lan-mahai sortzea Foro Industrialaren barruan:
– Europako 14 ekosistema industrialen analisi sistematikoa. Lantalde honek errendimenduaren adierazle garrantzitsuenak definitzen lagunduko du bilakaera ekonomikoa aztertzeko eta ekosistema bakoitzak lortu dituen aurrerapenak gainbegiratzeko (lehiakortasunean, trantsizio ekologiko eta digital bikoitzean, merkatu bakarreko integrazioan eta erresilientzia ekonomikoan lortu direnak).
– Ekosistema industrial bakoitzerako trantsizio-bideak garatzeko laguntza. Lantalde honek jarduera-eredu komun bat garatuko du datozen hilabeteetan, haren bidez ziurtatzeko ekosistema industrialak aurrerantz doazela eredu jasangarri, digital eta erresiliente baterantz, ekosistema bakoitzaren erronken arabera.
– EBren menpekotasun estrategikoen analisirako laguntza. Lantalde honek aztergai izango du atzerriko hornitzaileekiko menpekotasuna 137 produktu sentikorren kasuan, bai eta menpekotasun horrek ekosistema industrial jakin batzuetan duen inpaktua.
– Mugaz gaindiko eta ekosistemen arteko inbertsio-premien eta lankidetza-aukeren identifikazioa.
Oyonek adierazle garrantzitsuenei buruzko gomendio batzuk eman zituen bileran, eta proposatu zuen I+Gko inbertsio publiko nahiz pribatuko neurriak hartzea ekosistema bakoitzean, eta pertsonen jarduerekin erlazionatuta dauden eta genero bereizle diren adierazleak sartzea genero-berdintasunaren aldeko neurriak bultzatzeko ingurune industrialean. Orobat esan zuen Vanguard Initiative elkartearen asmoa dela lantalde guztietan parte hartzea, eta bere babesa eman zion Fabrikazio Aurreratuari buruzko lantalde bat sortzeko proposamenari, elementu horizontal eta komuna delako ekosistema industrial guztietan.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?