KRUCE Romu Artechek eta Alaitz Osak osatzen dute. Salmentetan profesionalak diren bi pertsona hauek EUREN LANBIDEA dute pasiotzat, eta HARREMANETAN oinarritutako salmentak bultzatzen dituzte
Zerk bultzatu zintuzten KRUCE sortzera?
Inguruko enpresetan urteotan izan dugun esperientzia partekatu eta zabaltzeak motibatu gintuen, enpresei salmenten esparruan lagunduz, emaitza hobeak lor ditzaten.
Eta nola egin duzue bideragarri?
Enpresek denbora nahiz baliabide faltagatik garatu ezin dituzten erronka komertzialei aurre egiten lagunduz.
Talde komertzialak errendimendu altuko talde bilakatuz. Honetarako, motibazioa behar da, baita mentalitate irabazlea eta berau emaitzetara bideratzea.
Laburbilduz, enpresei GEHIAGO eta HOBETO saltzea lagunduz.
Ekintzaile heldu eta finkatuak zaretela esan genezake.
KRUCE 202ko martxoan (alarma estatua baino aste bi lehenago) sortutako proiektu ekintzailea da.
Romu eta Alaitz pertsona ekintzaile “heldu samarrak” gara, baina ekiteko adin tarte jakin bat ote dago? …
Jakina ezetz! Ziur aski, zuen esperientzia eta heldutasunari esker, KRUCE aholkularitza bat baino gehiago da.
Aholkulariak eta salmenten sortzaileak izan aurretik, komertzialak izan ginen.
Hainbat hamarkadako esperientziak eta bizipenak ditugu salmenten munduan; bai herrialde barnean, bai nazioartean.
Arrakasta eta porrot komertzialak geure azalean bizi izana; salmentetan EZEZKOEK eragiten dituzten emozioak ezagutzea; maleta hartu eta herrialde ezezagun batera produktu edota zerbitzu bat pertsona ezezagunei saltzera joatea; ukatuak izatearekiko beldurra, porrotarekiko beldurra, gauza ezezagun orok dakarren beldurra… faktore guzti hauek oso ondo ezagutzen ditugu. Ondorioz, esperientzia zabal honek gure zerbitzuek balio gehigarri oso praktikoa izatea errazten dute.
Hesi guzti horiek gainditu izana zeuen burua aurkezteko modurik onena da, zalantza gabe.
KRUCEk salmentetako profesionalei oztopo oro gainditzen laguntzen die, umiltasuna, hurbiltasuna, esperientzia eta umorea direla medio. Baina, batez ere, saltzaile hobeak eta salmentetan lider hobeak izateko ilusioa baliatzen dugu euskal enpresek hazten jarrai dezaten, euren merkatuak mundu osora zabaltzen dituzten bitartean.
KRUCEren zerbitzuak hobeto ezagutu ditzakezue haien webgunean: www.kruce.es
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?