Hilabete honetatik aurrera, Gobernu zentralak 600 milioi euroko laguntzak banatuko ditu proiektu industrialentzat, eta euskal enpresek aukera izango dute laguntza horiek eskuratzeko. Inbertsio Industrial Produktiboei laguntzeko Funtsa (FAIIP) aurten jarriko da martxan lehen aldiz, eta azken hogei urte hauetan indarrean egon den Rendus funtsa ordezkatuko du. SPRI Taldeak, enpresa garapenerako euskal agentziak, bere aldetik, funts horren garapen- eta koordinazio-lanetan laguntzen jarraituko du.
FAIIP funtsaren ezaugarriak asteazken honetan egindako jardunaldi telematiko batean ezagutarazi dira. Berrindustrializazioa eta lehiakortasuna bultzatzea da laguntza-programa horren helburua. Maileguak manufaktura sektore osoarentzat dira, eta enpresa handiei nahiz txikiei zuzentzen zaizkie. Finantzatzen dira proiektu industrial berriak, toki-aldatzeak, produkzio-ildoak hobetzeko proiektuak eta 4.0 Industriaren inplementazioa.
SPRI Taldeko Enpresa Sustapeneko zuzendari Aitor Cobanerak ireki du jardunaldia, non parte hartu duen baita ere Luz Maria Potel Perolek, Industria Ministerioko Programen Kudeaketa eta Exekuzioko Azpi-zuzendaritza Nagusiko zerbitzu-buruak. Potelek azpimarratu du laguntza horiek “doako finantza-aholkularitza ematen dutela, dauden finantzaketa-ildoak ezagutarazteko. Ohartu gara enpresek ez dituztela ezagutzen finantzaketa-ildoak eta batzuetan ez dakitela zein den finantzaketa-ildo egokiena euren proiektuarentzat”.
Potelen arabera, FAIIP funtsak (aurtendik hasita Sepides enpresa publikoak kudeatuko duena) “Reindus funtsaren filosofiari jarraitzen dio eta espreski pentsatuta dago instalazio berriak sortzeko, lantegiak tokiz aldatzeko edo produkzio- nahiz prozesu-ildoak hobetzeko, batez ere 4.0 industriarekin loturik”.
Potelek esan du funts hau aurrekoa baino malguagoa dela, deialdia irekia delako. Asmoa da hilabete honen erdialderako zabaltzea eskaerak aurkezteko epea. FAIIPek mailegu arruntak ematen ditu (300 milioi), eta baita ere mailegu parte-hartzaileak (180 milioi) eta kapitaleko partaidetzak (120 milioi). Proiektu bakoitzaren aurrekontuaren %75 finantzatzen da.
“Aktibo finkoak finantzatu daitezke, esaterako obra zibilak eta produkzioko aparatuak. Lursailen erosketak, aldiz, ezin dira finantzatu. Kostu finantzagarrien artean sartzen dira softwarea, patenteen gastuak, prozesu-produktuarekin lotutako I+G-ko gastuak eta I+G-ko ekipoen kostuak, eta baita ere langile eta ikerlarien gastuak eta prozesuak diseinatzeko kanpoko kolaborazioenak”.
Ministerioko arduradunak gaineratu du badirela beste bi laguntza-ildo ere, baina horiek atzeratuago daudela, zerikusia dutelako Covid-19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko sortutako Europako Next Generation funtsekin.
Lehenengo ildoa PERTEak dira, Ministroen Kontseiluak onartzeke dauzkanak. “Berritasun gisa, badaude I+G-rako laguntzak 4.0 industrian, adibidez Activa finantzaketa-programa; programa horrek Next Generation funtsak jaso ditu eta enpresa industrialen eraldaketa digitala bultzatzen du”. Guztira, 80 milioi euro banatuko dira mailegutan eta 15 milioi euro dirulaguntzatan.
Bigarren laguntza-ildoa manufaktura-industriako berrikuntzarekin eta haren jasangarritasunarekin lotuta dago; hau ere Europako funtsekin ordainduko da eta I+G+B-ko proiektuak eta ingurumen-inpaktua hobetzeko proiektuak finantzatuko ditu. Kasu honetan, guztira 80 milioi euro banatuko dira mailegutan eta 14 milioi dirulaguntzatan.
Hemen aurkezpena:
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?