Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikotik, Fesia Technology enpresa gazteak nerbio-sistema zentralean gaixotasunak edo lesioak dituzten gaixoak errehabilitatzeko gailu medikoen belaunaldi berri bat garatzen dihardu. Lesio hauek iktusa, esklerosi anizkoitza, bizkarrezur-muineko lesioak edo garun-paralisia jasan duten pazienteetan agertzen dira. Estimulazio elektriko funtzionalean (FES) oinarrituta, Fesiak ibilera (Fesia Walk) eta eskua (Fesia Grasp) neurorrehabilitatzeko gailuak eskaintzen ditu, erabiltzailearen mugikortasunean hobekuntzak lortuz.
“Gaixotasun neurologikoek askotan eragiten diote, modu batean edo bestean, kontrol motorraren gaitasunari edo, kasu larrietan, funtzio muskularraren erabateko galerari; hala ere, muskuluaren eroankortasuna eta kitzikagarritasuna bere horretan gelditzen da. Estimulazio elektriko funtzionalak (FES) korronte elektrikoa erabiltzen du nerbioak aktibatzeko eta, ondorioz, giharrak aktibatzeko”, azaldu dute Donostiako start-upetik. Teknologia hori optimizatzeko, eremu anitzeko elektrodoaren erabilera txertatu du Fesiak, eta horrek haien esanetan, “nahi diren muskuluen aktibazio selektiboagoa eragiten du. Horrela, gure produktuek errendimendu funtzional hobea dute eta giharren nekea murriztu egiten da”.
Ezaugarri horren ondorioz, gailu malguak, moldagarriak, kablerik gabeak eta interfaze “oso erabilerrazekoak” lortzen dira, enpresa teknologikoaren arabera. Era berean, edozein erabiltzaile, terapeuta edo pazienteri elektrodoen hainbat posizio eta tamaina probatzeko aukera ematen dio, elektrodoa azaletik kendu beharrik gabe. Horrez gain, irtenbideek app bati konektatutako software bat dute, pazientearen errehabilitazio-prozesua monitorizatzeko eta jarraipen eraginkorragoa eta egiazkoagoa egiteko aukera ematen duena. Bestalde, app-ak aukera ematen dio erabiltzaileari bere aurrerapenaz jabetzeko, eta, horrela, osasun-zentrotik kanpo errehabilitazioarekin jarraitu ahal izateko.
Nazioartekotzearen eta ikerketaren aldeko apustua
Hainbat zentro medikok eta gailu eta ekipo medikoen hornitzaileek Fesia Walk eta Fesia Grasp dituzte dagoeneko, eta ez Euskadin bakarrik. Donostiako enpresak mundu osoko enpresekin ditu hitzarmenak, hala nola Corpomediarekin Argentinan, Lyncare Irlandan, Applied Technology Arabiar Emirerri Batuetan, Omanen eta Indian edo Fysioline Baltikoko herrialdeetan.
Gainera, 2019an Hazitek Enpresaren I+G Laguntzeko Programaren finantziazioa jaso zuen. Programa hori SPRI Taldeak ematen du, eta Tecnaliarekin eta ‘Aita Menni’ Ahizpa Ospitalariak Etxearekin lankidetzan proiektu bat garatzeko izan zen. FESKU izeneko proiektua 2021eko martxoan amaitu zen, eta eskuaren eta hatzen mugimenduei buruzko informazioa biltzea zuen helburu, Fesia Graspen erabiltzen den eremu anitzeko estimulazio elektriko funtzionalaren sistemak erabilita. Ondoren, sistema horren algoritmoak aztertu eta hobetzea zen xedea, “horrela, pertsona bakoitzarentzat estimulazio parametro optimoak ezartzeko gai izan gara”, gaineratu du Fesiak. Halaber, proiektuan aztertu da langile klinikoek eremu anitzeko estimulazio elektrikoko sistemarekiko duten gogobetetasuna, sistema hobetzeko eta etorkizuneko bertsioetan profesional klinikoen behaketetara egokitzeko.
Halaber, uztailean Toribio Echevarria sarietan Enpresa Berria kategorian izendatu dute, beste bost proiekturekin batera. Sari hori Eibarko Udalak ematen du, BIC Gipuzkoaren zuzendaritzapean eta SPRI Taldearen UP! Euskadi programarekin lankidetzan, eta ekintzaileei zuzendua dago. Aurten 22 hautagaitza izan ditu eta kategoria honetan, besteak beste, 10.500 €-ko saria ematen da enpresa berri horien garapena eta hazkundea bultzatzeko.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?