BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza-plataformak irailaren 10ean itxiko du 6. ediziorako izena emateko epea. Uztailetik mundu osoko startupak sar daitezke programa honen edizio berrian, Eusko Jaurlaritzaren SPRI – Enpresen Garapenerako Agentziaren laguntzaz, fabrikazio aurreratuaren, energiaren, osasunaren eta elikagaien arloetako 65 enpresa aitzindaritan euren soluzioak ezartzeko.
Ekimena sortu zen industriaren eraldaketa digitala sustatzeko, konpainia handien eta talentu berrien arteko lankidetzaren bidez, eta aurten trakzio-enpresei Osakidetza, Arteche, Celsa Group eta Cofares batu zaizkie.
BIND 4.0 nazioartean erreferentziako programa bihurtu da 2016an sortu zenetik. Iaz, esate baterako, 750 hautagaitza jaso zituen, aurreko edizioan baino % 30 gehiago, eta horrek agerian jartzen du startupek plataforma honen aldeko apustua egiten dutela erreferentziako bezeroen eskutik merkatura bizkorrago iristeko. Izan ere, BIND 4.0k hiru helburu nagusi ditu: Euskadiko industria-ekosisteman startupen garapena bizkortzea, enpresen eraldaketa digitala sustatzea eta Euskadiko ekosistema industria-ekintzailetzako hub aurreratu gisa kokatzea. Horrela, programa 2016an abian jarri zenetik 130 startup baino gehiago azeleratu dira eta 200 proiektutik gora garatu dira, eta 7 milioi eurotik gorako fakturazioa gainditu da.
Azelerazioaren eta berrikuntza irekiaren programan sartzen direnean, BIND 4.0k startupei eskaintzen dien abantaila handietako bat teknologia berrien, berrikuntza irekiaren eta 4.0 industriako startupen arloko merkatu-estrategietan adituak diren 40 bat mentoreren laguntza da. Inbertsore klub hau azeleratzailearen espezializazioarekin lerrokaturik dago, eta bere helburua da laguntza-zerbitzuak indartzea eta parte hartzen duten startupen eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremana sustatzea.
Horrez gainera, startup guztiei Euskadiko Industria 4.0 ekosistemarekin eta trakzio-enpresekin networking jardueretan parte hartzeko aukera ematen zaie, hain zuzen ere, startupak industria-ehunean, Europan proiekziorik handiena duen egituran, murgiltzen laguntzeko, eta horixe da beste erreklamo nagusietako bat. Bestalde, parte hartzeagatik soilik, hainbat finantzazio-iturri eta dirulaguntza ere eskura ditzakete, eta Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan (BIC) lan-espazio bat dohainik izateko aukera dute.
Startupek irailaren 10era arteko epea izango dute programaren webgunearen bidez (www.bind40.com) izena emateko. BIND 4.0 produktu eta zerbitzu teknologiko disruptiboak dituzten bost kontinenteetako startupen bila ibiltzen da. Horien soluzio teknologikoa jada merkatuan edo azken garapen-fasean egotea eta soluzio horrek partner enpresei balioa eman ahal izatea eskatzen da.
BIND 4.0ri buruz
BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma publiko/pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI taldearen eta Euskadiko ekintzailetzaren ekosistemako UpEuskadi plataformaren bidez sortua.
Gaur egun egoitza Euskadin duten erreferentzia globaleko 65 enpresa lider nagusirekin lankidetzan dihardu, eta teknologiaren arloko nazioarteko hainbat enpresak ere parte hartzen dute bertan, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services enpresek.
Ekimenak bi helburu ditu: industriaren eraldaketa digitala sustatzea eta, aldi berean, ekimen berritzaileak azkarrago finkatzea, enpresa handien eta startupen arteko lankidetza-eredu baten bitartez. 2016tik BIND 4.0 plataformak bere bost edizioetan 130 startupek baino gehiagok garatu dituzten 200 proiektu bizkortu ditu guztira.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?