Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 30 iraila, 2021 Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Coinalde, eraginkortasuna helburu duen iltze fabrikazioa

Azken urteotan, Arabako enpresa berregituraketa eta ekoizpen-sistemak berritzeko prozesuan murgilduta dago, bere eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko xedearekin. Orain, minutuko 2.500 iltze fabrikatzeko gai diren makinak ditu.

Gaur egun, iltzea ‘commodity’ produktua da, hau da, prezio baxukoa, fabrikatzaileen artean ia bereizketarik edo espezializaziorik ez duena. Horregatik, Euskaditik zaila da ekoizpen-kostu txikiagoa duten beste leku batzuekin lehiatzea. Baina badira kasu arrakastatsuak, hala nola Arabako Coinalde enpresarena, azken urteotan produktibitatean eta 4.0 industrian jarri baitu arreta, merkatu horretan bereiztea ahalbidetzen dion eraginkortasuna lortzeko.

Coinaldek 52 langile ditu bere bi egoitzen artean, Gasteizen eta Jelcz-Laskowicen (Polonia), eta iltzeen fabrikazioan espezializatuta dago. Ekoizpenaren % 90 paleten eta enbalajearen sektoreko enpresetara doa, eta gainerako % 10a eraikuntzara bideratzen da. Enpresak mota guztietako iltzeak egiten ditu, 2,5 milimetrotik 9 mm-ra bitarteko diametroa dutenak, eta 25 mm-tik 200 mm-ra bitarteko luzera dutenak. Iltzeak lauak, hariztatuak edo eraztunekoak izan daitezke. Palet fabrikatzaile bakoitzak, egiten duen produktuaren arabera, iltze mota espezifiko bat erabiltzen du.

Azken urte hauetan, 2015etik aurrera, Coinalde bere ekoizpen-ekipoak hobetzeko prozesuan dago, produktibitate handiagoa lortzeko eta prezio lehiakorragoa izateko. Dionisio Merchán Coinaldeko gerentearen hitzetan, “makineriari dagokionez, enpresa zaharkitua zen Coinalde, eta gure negozioa ekonomikoki, finantzarioki eta industrialki bideragarria izateko modu bakarra lehiakideak baino eraginkorragoak izatea zen”. Horrela, enpresa 4.0 industria prozesu batean murgilduta dago, sentsorizazioa eta adimen artifiziala duten makina berriekin.

“Orain, makinek beren ahalmenaren % 95ean lan egitea lortu dugu, eta, ondorioz, minutuko 1.600 iltze eta 2.500 iltze artean fabrikatzeko aukera ematen digu. Lehen, ordea, gure ekoizpena 400 eta 800 arteakoa zen makina arruntekin”, azpimarratu du enpresako gerenteak. Hobekuntza hori SPRIren Renove Industria 4.0, Renove Maquinaria 2020 eta Nazioarteko Gauzatu programei esker burutu da, besteak beste, baita Mondragon Korporazioaren eta banku-erakundeen finantzazio laguntzen bidez ere.

Coinaldek lantegi bat du Polonian, eta handik Italiara, Frantzia erdialdera eta iparraldera, Belgikara, Herbehereetara eta Alemaniara esportatzen du. “Iltzea kostu txikiko produktua da, eta garraioak eragin handia du produktuaren azken prezioan; beraz, ezinbestekoa da efizientea izatea eta ekoizpena hedatuta izatea”, adierazi du Dionisio Merchánek. Bestalde, Gasteizko egoitzatik, Coinaldek Espainian saltzen du eta Portugalera, Frantziako erdialdera eta hegoaldera, Afrikako iparraldera, Kanadara edo Singapurra esportatzen du.

Funtsezko jarduera gisa katalogatua izan zenez, COVID-19ak ekarritako pandemiaren ondorioek ez zuten eragin handirik sortu enpresaren jardueran.

Etorkizunari begira, Coinaldek bere eraginkortasuna eta produktibitatea handitzen jarraitu nahi du, mundu mailan iltzeak fabrikatzen punta-puntako enpresa izaten jarraitzeko.

4.0 industria, teknologia adimendunak eta material aurreratuak inplementatuz, SPRI Taldearen lehentasunetako bat da, eta hori lortzeko SPRIren aldetik lotura teknologiko bat bezala jarduten dugu, euskal enpresek 4.0 soluzioak eskura ditzaten, hala nola laguntzak eta prozesu osoan zehar arlo horretako profesionalen babesa. Informazio gehiago hemen.

Lotutako albisteak

21 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Elgar Works: automobilgintzako piezen egiaztapen automatiko berria garatzen ari den Arabako enpresa
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Miesa Bizkaiko enpresak soluzio integralak eta neurrira egindakoak eskaintzen ditu automatizazioaren eta industriako kontrolaren arloan
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Industria Sailak Eraldaketa Digitalarekin konpromiso handiena duen administrazio publikoaren saria jaso du
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Ametsek piezak planopean mekanizatzen ditu, dibertsifikatutako industria-sektore baterako
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
INARTRANS 4.0 proiektuak Adimen Artifiziala garraio instalazioen eraikuntzan integratzeko lan egiten du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak