Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 urria, 2021 Zibersegurtasuna Bio-osasuna Ris3 Euskadi

Touchlight, gaixotasun generiko sendaezinak desagerraraztea helburu duen Donostiako enpresa

SPRI Taldearen zibersegurtasunerako laguntza jaso duen konpainia honek munduan bakarra den produktua garatzen du:  terapia aurreratuetan eta medikuntza pertsonalizatuetan aplikatzeko ADN sintetikoa
Alfredo Martínez, Operazioetako zuzendaria.

 

Touchlight enpresak bi urte eta erdi pasatxo daramatza lanean Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean eta ADNa ekoizten du terapia genikoetan erabiltzeko. Terapia genikoak medikuntzaren eta teknologiaren mugetako bat dira eta orain arte sendaezinak ziren sortzetiko gaixotasunak sendatzeko erabiltzen dira.

 

Konpainia horrek SPRI Taldearen laguntza jaso du bere zibersegurtasun industriala hobetzeko.

 

Jasotako dirulaguntzarekin hainbat hobekuntza egin dituzte, konpainiako IT arduradun Marco Salicio-k azaldu bezala: “modulu gehigarriak, posta elektronikorako egiaztapen bikoitza, sarearen segmentazioa, konpainiaren konexio parametrizatuak eta sarearen monitorizazioa, besteak beste”. Laguntza horrek bere baitan hartzen ditu bai softwarea eta bai aholkularitza, eta laguntzaren xede diren hobekuntza ia guztiak aplikatu dira dagoeneko. “Hobekuntzei azken ukituak ematen ari gara, oraindik zeregin batzuk geratzen baitzaizkigu sarearen monitorizazioan”.

 

Enpresa hau 2019an sortu zen bi konpainia handiren arteko akordio baten ondorioz: Asklepios BioPharmaceutical amerikarra eta Touchlight UK ingelesa. “Ingelesek bazuten ADN sintetikoa egiteko teknologia oso efiziente eta azkar bat, eta amerikarrek urteak zeramatzaten lanean terapia genikoaren arloan. Hemen ADN sintetikoa fabrikatzen dugu, terapia genikoko prozesuetarako oinarrizkoa den osagaia, adierazi dute Alfredo Martínez operazioetako zuzendariak eta Lara Pascual finantza zuzendariak.

 

Terapia genikoak sortzetiko gaixotasunak dituzten gizaki garatuak tratatzeko erabiltzen dira; gaixotasun horiek endekapenezkoak izaten dira sarritan, eta “gaixotasun arraroak” epigrafean sailkatu ohi dira. “Sinpleki azalduta, terapia genikoak akatsik gabeko gene bat sartzen du gizaki garatu baten zeluletan, sortzetik duen gene disfuntzionala ordezkatzeko. Horrela, injekzio bakar batekin senda daitezke orain arte sendaezinak ziren eta gaixoari sufrimendu handia eragiten zioten gaixotasunak”. Touchlight AAV enpresak ekoizten duen materiala produktu berri bat da, jatorri bakteriarreko plasmidoak ordezkatzera datorrena. Touchlight enpresaren ADN materiala garbiagoa eta seguruagoa da, sintetikoa baita, eta ez bakterietatik eratorria. Konpainiaren bezero garrantzitsuenak biofarmazia sektoreko enpresak dira.

 

Bi terapia geniko

Onartutako bi terapia geniko daude merkatuan: bata Zolgensma, Novartis laborategiena, bizkarrezurreko giharretako distrofia tratatzeko erabiltzen dena, eta bestea Luxturna, Spark Therapeutics enpresarena, itsumena eragiten duen erretinaren endekapena tratatzen duena. Horiez gain, hainbat enpresa eta ikerketa-zentroren ehunka eskaera daude entsegu klinikoak egin eta terapia genikoak probatzeko, eta guztiak dira Touchlight AAV-ren bezero potentzialak.

 

Lan-esparru honek izan dezakeen etorkizunaren erakusgarri, Alfredo Martínezek jakinarazi du Pfizer laborategiek terapia geniko arrakastatsu bat garatu dutela Duchenne giharretako distrofia tratatzeko; gaixotasun hori distrofina (giharretako proteina bat) kudeatzen duen gene akastun batek eragiten du, eta 3.600 gizonezkotik batek nozitzen du, gehienbat haurrek. Terapia hori Conner izeneko haur bati aplikatu zitzaion. Conner-ek probatuak zituen gaixotasun honentzako errehabilitazio-tratamendu eta protokolo mediko guztiak, baina ez zen gauza etxeko eskaileren solairu bat igotzeko. Lehenengo faseko entsegu kliniko batean murgildua zegoela, injekzio bakar bat jaso zuen, distrofinaren gene funtzionala daramaten birus ez infektatzaileak barneratzeko. Gurasoek grabatutako bideo batek hauxe erakusten du: terapia aplikatu eta handik sei astera, hirugarren eskaileran amore eman behar izaten zuen mutiko hura gai da eskailera-zati bera osorik eta denbora normalean igotzeko. Injekzioa hartu eta handik zortzi astera grabatutako beste bideo batean zoriontsu ikusten da Conner, eskailera bat ia korrika igo dezakeelako merkataritza-gune batean.

 

Touchlight AAV-k 53 langile ditu Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkean dauzkan instalazioetan, eta horietako bost I+G lanetan aritzen dira esklusiboki, sail hori baita negozioaren arima (jardueraren % 50 hartzen du).

 

Etorkizuneko erronkak

Etorkizuneko erronketako bat da produktu hau erreferente bihurtzea sektorean. “Bezero batzuek laster sartuko dute gure produktua fase klinikoetan, eta uste dugu une horretan eskaeraren eztanda bat egongo dela”. Konpainiak aurreikusten du asko haziko dela datozen urteetan, eta horrekin batera produkzio-gaitasuna eta lantegia ere hazi egingo direla.

 

“Gure konpainiak produktu bakarra ekoizten du, eta hobetzea espero dugu. Orain CEIT-ekin ari gara lanean, Touchlight AAV-ren egoitzatik metro gutxira dagoen teknologi zentroarekin, eta asmoa da % 100 sintetikoa izango den ADN bat ekoiztea (gaur egun plasmido portzentaje txiki-txiki bat erabiltzen dugu sintesiaren erreakzioa abiatzeko), ADN sintetiko horrekin gizakiengan aplikatzeko moduko lehen produktu biologiko sintetikoa sortuko genukeelako”.

 

Horrez gain, enpresak baditu beste erronka batzuk ere: langile kualifikatuak kontratatzea, industria berri batean oso zaila baita hori, eta lehengaien hornikuntza lortzea.

 

Touchlight AAV enpresako arduradunek eskerrak eman nahi dizkie AskBio eta Touchlight UK bazkide fundatzaileei euren babes irmoagatik eta baita ere Eusko Jaurlaritzari, proiektua sortu zen unetik bertatik eman dien “laguntza paregabeagatik”. Laguntza honekin Jaurlaritzak argi erakutsi du industria-sektorea berritzeko eta Euskadin teknologia berriak ezartzeko hartua duen konpromisoa.

Lotutako albisteak

22 Azaroa, 2024 Zibersegurtasuna
Ironchip, munduan bakarra den lokalizazioaren bidezko zibersegurtasun-produktua duen Barakaldoko ETEa
Irakurri gehiago
5 Azaroa, 2024 Zibersegurtasuna
Grupo INTek sistemen, programazioaren eta zibersegurtasunaren zeharkako laguntza eskaintzen du
Irakurri gehiago
28 urria, 2024 Zibersegurtasuna
Sustatu zibersegurtasuna zure ETEan SOC zerbitzuak ezarriz eta lortu zibersegurtasuneko ziurtagirik zorrotzenak
Irakurri gehiago
4 iraila, 2024 Zibersegurtasuna
Ironchip, geolokalizazio-adimen artifiziala zibersegurtasunaren zerbitzura
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Eraldaketa digitala
Telekomunikazioen, zibersegurtasunaren eta cloudaren arloko berritasunak erakutsiko dituzte maiatzean 130 enpresak baino gehiagok
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak