Lantek, mundu mailako liderra metalaren sektoreko makina eta lantegien kontrol eta kudeaketarako software industrialean, berrikuntzaren eredu argia da. Bere negozioaren % 20 (4,1 milioi euroko inbertsioa) bideratzen du I+G-ra, eta enpresako 270 langileetatik 70 inguru aritzen dira esklusiboki arlo horretan. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialerako programaren laguntza jaso du.
Konpainia 1986an sortu zen, eta harrezkero teknologia izan da bere zutabeetako bat. Enpresaren beste ardatz bat nazioartekotzea da, sortu eta handik bost urtera heldu baitzion bide horri lehenik Frantzian eta 1996an Alemanian. “Orduan ez zen batere ohikoa software industrialeko enpresa batek horrelako zerbait egitea” dio Alberto López de Biñasprek, konpainiaren zuzendari nagusiak. “Gure enpresa CAD/CAM software konponbideen garapen, merkaturatze eta integrazioan zentratzen zen, eta txapa, hodi eta profilen ebaketan espezializatua zegoen, baina jakin dugu egokitzen eta eboluzionatzen, eta metalaren sektorean eraldaketa digitala bultzatu duten aitzindarietako bat gara, fabrikazio aurreratuko konponbideak sortuz eta garatuz”.
Eraldaketa digitaleko konponbideak eskaintzen dizkiete metalaren sektoreko enpresei, hasi produkzioaren planifikaziotik edo lantegiaren kontroletik eta lainoan oinarritutako konponbideetaraino. “Lantek-en bezeroek aukera dute informazio garrantzitsu eta bateratua eskuratzeko eta prozesu desberdinen arteko (eskaintzak, eskaerak, fabrikazioa abiaraztea, albaranak, fakturak, etab.) informazio-trukearen ondoriozko arazoak murrizteko”. López de Biñasprek nabarmendu du informazio hori onlinekoa dela, zuzena eta denbora errealekoa.
Lantek-ek metalaren sektoreak berezko dituen arlo guztientzat lan egiten du: automozioa, aeronautika, itsas sektorea, ontziolak, energia eolikoa, eguzki-energia, galdaragintza, igogailuak, etxetresna elektrikoak, nekazaritzarako makineria, autobusak eta kamioiak eta material mediko-kirurgikoa. “Metalezko piezak edo osagaiak behar dituzten sektore guztietan gaude”.
Enpresak eskaintzen dituen konponbideek 450etik gora fabrikatzaileren 1.200 makina-erreminta modelo baino gehiago kontrolatzen dituzte. “Munduko makina-oinarri handiena da, eta gure konponbideekin 6,2 milioitik gora tona txapa ebakitzen dira urtero”.
Eskaintzen duen produktu suite-a “konponbide pertsonalizatu bat da metalezko txapa, hodi eta profil ebaketaren mundu industrialerako”. Errendimendua ateratzen die eskuratzen dituen datuei, eta beraz, posible da materiala aprobetxatzea, energia aurreztea edo denbora errealeko erabakiak hartzea.
López de Biñasprek aipatu du bezeroen partner bihurtzen direla eraldaketa digitaleko prozesu horretan. “Euren ondoan lan egiten dugu, eta horrek hainbat abantaila ditu: ondo ezagutzen ditugu makina eta azken teknologiak, eta nazioartekotzeak ikuspegi global bat ematen digu jakiteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Gai gara bezeroak benetan behar duena identifikatzeko, eta baita ere hurrengo urratsa zein den jakiteko”.
Beste inork ez bezalako zerbitzua ematen dugu: lantegiko makinak eta ekoizpen-prozesua kontrolatzen ditugu eta negozioari datuetan oinarritutako konponbide globala eskaintzen diogu. “Ez daukagu lehiakiderik, beste inork ez du halakorik eskaintzen makinen eta sistemen ingurune heterogeneo batean eta azken teknologiak aplikatuz”.
Lantek-ek 270 langile baino gehiago enplegatzen ditu, horietatik erdiak Arabako Teknologi Parkean eta Bilboko Iberdrola dorrean dituen egoitzetan. Hogei bulego ditu hamalau herrialdetan, eta “posizionamendu oso globala dugu, banatzaile eta partner sare bat osatu dugulako bulegorik ez dugun tokietan”. Iaz 20,1 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta kopuru horren % 86 esportazioen bidez eskuratzen du. Aurtengo aurreikuspenek diote negozioa % 30 haziko dela.
I+G-ko inbertsioa da “gure muina” eta 2020ko inbertsioa 2,4 milioi eurokoa izan bazen, aurtengoa 4,1 milioikoa izan da, “iazkoa baino handiagoa. I+G-n esklusiboki aritzen diren 70-80 langile inguru dauzkagu”. Enpresak 28.700 bezero baino gehiago ditu.
SPRI Taldeak zibersegurtasun industrialerako emandako laguntzarekin diagnostikoak eta hobetzeko ekintzak garatu dituzte, eta proiektua garapen fasean dago. “Enpresa teknologikoa garen aldetik, egin beharreko zerbait da, gure helburua baita etengabe hobetzea zibersegurtasunaren arloan”.
Hauek dira enpresaren erronkak: metalaren eraldaketako enpresen aldaketa digitalerako partner izaten jarraitzea, bost urtean fakturazioa bikoiztea eta talentu kualifikatua erakartzea. “Gure proiektua pertsonengan oinarritzen da. Profesional onenak izan ez bagenitu, Lantek-ek ez zukeen izango gaur egun duen maila”. Pandemian zehar “enplegua babestu genuen, eta horri esker lortu dugu hazkunde handi hau”. López de Biñasprek laneko formula malgu berrien aldeko apustua egiten du (adibidez telelana), “baina beharrezkoa den elkarreragina galdu gabe”.
López de Biñasprek hazkunde inorganikoa ere aipatu du. “Baliteke erosketaren bat egitea, estrategikoa bada”. Eta, zalantzarik gabe, I+G+B-ko inbertsioa handituko dute “SPRI Taldearena bezalako laguntzekin”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?