Lehenengo bi urteak arrakastaz bete ondoren, sTES proiektua, SPRI Taldearen Hazitek programaren baitan dagoena, azken fasera irtsi da, gaur egun industria-prozesuetan erabiltzen diren ur beroaren eta/edo lurrunaren metagailuen energia biltegiratzeko ahalmena hirukoizten duen sistema bat garatuz.
Horretarako, energia-eraginkortasuna hobetzen eta prozesu horien kostuak murrizten dituzten material berriak erabili dituzte. Hala azaldu du Gorka Naveranek, Giroa-Veoliako, proiektuaren liderra, I+G saileko koordinatzaileak: “Fase-aldaketako (PCM) materialak erabili ditugu, hau da, egoera aldatuta energia bero latente moduan biltegiratzeko gaitasuna duten materialak. Kasu honetan, fase solido-solidokoa izan da 100 ° C-tik 190 ° C-ra bitarteko tenperatura-aplikazioetarako. Horrek instalazioen eraginkortasun energetikoa hobetzea eta erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea ahalbidetuko digu, instalazioen edukiera nabarmen handitzea lortuz. Gainera, egungo metagailu termikoen biltegiratze termikoaren ahalmena hirukoiztu ahal izango da bolumena handitu gabe.
Ezaugarri horietako materialak lortzeaz gain, karga- eta deskarga-teknologia bat garatzea ere badu helburu proiektuak, fluidoaren eta biltegiratze-materialaren arteko transferentzia termikoaren prozesua simulatzeko gai den tresna konputazional bat diseinatu ahal izateko. Horretarako, ekipo espezifiko bat eraiki da Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den CIC EnergiGUNE euskal ikerketa-zentroaren instalazioetan. Ekipo hori 50 kg ur bero edo lurrun sortzeko gai da, 300 ° C-ra arte.
Ondorioz, material berrien eta tresna konputazionalaren garapenari esker, biltegiratutako kWh-ko sistemaren kostuak % 30-40 artean murriztu ahal izango dira, dauden merkataritza-soluzioen aldean. Horrela, 2 urterako inbertsioaren itzulera erdira murriztea espero da. Hori guztia Giroa-Veoliako instalazioetan testatuko da 2021aren amaieran, ondoren elikaduraren, paperaren eta ehungintzaren sektoreetako hainbat industria-prozesutan ezartzen hasteko, besteak beste.
“Balio-kate osoa estaltzen duten agenteak izatea da sTES proiektuaren gakoa”, ziurtatu dute CIC Energigunetik. Izan ere, proiektuak Giroa-Veolia enpresaren lidergoa izan du, zerbitzu energetikoetan liderra den enpresa; gainera, ARA TTren, bero-transferentziaren eta presio-ontzien merkaturako ekipamendu-ondasunak diseinatzen eta fabrikatzen espezializatua dagoen enpresa, eta CIC Energigune euskal zentro teknologikoaren parte-hartzea ere izan du, zeinak ikerkuntza-osagaia eta laborategietan saiakuntzak egiteko aukera eman baitu. “Horrela, parte-hartzaileen lankidetzak proiektuaren estaldura integrala bermatzen du, materialen diseinu eta garapenetik industria aurreko eskalan balioztatzeraino”, baieztatu dute ikerketa-zentrotik.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?