Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 20 abendua, 2021 Ekintzailetza Up Euskadi Zibersegurtasuna Energia Enpresa Zibersegurtazuna programa Start up UP Euskadi

Veltium, ibilgailu elektrikoarentzako kargagailu adimendunak

Bost urte eskas dituen enpresa honek kudeaketa energetiko hobea lortzeko zerbitzuak ere eskaintzen ditu, eta SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialerako programaren laguntza jaso du
Alberto Delgado, Veltiumeko zuzendari kudeatzailea.

 

Arabako Teknologi Parkean kokatutako Veltium enpresak bost urte eskas ditu, baina dagoeneko merkatu-kuota handia eskuratu du ibilgailu elektrikoentzako kargagailu adimendunei esker. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialerako programaren laguntza jaso du.

 

2016an sortu zen, mugikortasun elektrikoan irmoki sinesten duten lau bazkideren eskutik, denak ere eskarmentu handikoak sektorean. Ohartu ziren bazegoela negozio-aukera bat ibilgailuak kargatzeko azpiegituren arloan. “Badakigu datozen urteetan milioika ibilgailu elektriko ibiliko direla gure errepideetan, egunero kargatu behar direnak, eta hor badagoela ase gabeko premia bat, hau da, birkargatzeko modu seguru eta adimendun bat eskaini beharra dagoela eszenatoki askotan, baina batik bat etxeko erabilpenean, eta horrela sortu zen enpresa” azaldu du Alberto Delgadok, Veltiumeko zuzendari kudeatzaileak.

 

Konpainia honek kargagailu adimendunak eskaintzen ditu, argindarra merkeen dagoen unean kargatzeko programatzen direnak eta argindarraren erabilpen-baldintzetara egokitzen direnak. “Energiaren kudeaketaz ere arduratzen dira, autoa kargatzeaz harago”. Enpresak berak egiten du ekipoen garapen osoa: diseinua, fabrikazio mekanikoa, elektronikaren diseinua eta software guztia ere bai.

 

Kargagailuarekin batera, Veltiumek aplikazio mugikor bat eskaintzen du karga kontrolatzeko, eta Interneteko plataforma bat ere bai, “non informazio guztia jartzen baita erabiltzaileen eskura”. Hala, bezeroek kargei buruzko informazio guztia eskuratu dezakete: erabiltzaileak, kontsumitu den energia, iraupena, prezioak, etab.

 

Lehen urteetan, enpresaren zeregin nagusia izan zen produktua garatzea eta osagarriak merkaturatzea. Bere portfolioa etxeko kargan zentratzen da, Lite gamako kargagailuen bidez. Nahiz eta amaierako erabiltzaile gehienak partikularrak izan, baditu enpresak bere bezeroen artean, hasi konpainia elektrikoetatik eta instalatzaile baimenduetaraino.

 

Bere produktua lotutako azpiegiturei zuzentzen zaie, hau da, etxe edo garaje batean ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegiturei.

 

I+G

“Gero badaude birkarga publikoak, izan liteke aukerako birkarga bat edo birkarga ultra-azkar bat, gasolindegi arrunt bat bailitzan. Kasu bakoitzerako behar diren produktuak desberdinak dira, eta gu lehenengoetan zentratu gara”.

 

Aurtengo fakturazioa milioi bat euro ingurukoa izango da. “Hauxe izan da Lite gamarekin bolumen handiko jarduera komertziala izan dugun lehen urtea”. Horrez gain, 16 lagun ari dira lanean zuzenean nahiz zeharka Veltiumentzat. 2021eko inbertsioen % 72 I+G-ko jardueretara bideratu dira.

 

SPRI Taldeak zibersegurtasun industrialerako programaren bidez emandako laguntzarekin “gure sistemako komunikazio guztien ikuskapena egin dugu; ikuskapena egin eta akatsak zuzentzeko hainbat neurri hartu ditugu. Justifikazioak ixteko fasean gaude orain. Helburua zen ziurtatzea gure sistema eta bere elementu guztiak (kargagailuak, aplikazio mugikorrak eta cloud plataforma) seguruak direla”.

 

Datorren urterako helburu nagusia da produktu-sorta zabaltzea eta karga publikorako zein enpresetarako egokitutako konponbide espezifiko berriak merkaturatzea. “Xedea da gure ekipoak errazak izan daitezela instalatzeko eta erabiltzeko, nahiz eta gauza konplexuak egin behar dituzten. Eta horregatik, I+G-ko proiektuetan parte hartzen dugu, aztertzeko zein teknologia berri txertatu dezakegun gure kargagailuetan. Asmoa da funtzionaltasun berriak instalatzea: nola lortu ibilgailuek eta azpiegiturek euren artean hitz egitea, nola eskaini ordainbide desberdinak eta gardenak, edo nola integratu kudeaketa energetikoa kargagailuan”.

 

Alberto Delgadok dio teknologia berriei esker posible dela ibilgailu bat kargatzea, esaterako, argindarraren tarifak egokienak diren unean, planifikatutako ordutegi batean edo soilik energia berdea erabiliz.  “Kudeaketa energetiko hori da eszenatoki berria. Eszenatoki berri horretan erabiltzaileak ez dira soilik energia kontsumitzaileak, eta aktiboki kudeatzen dute euren eskaera, elkarrekin konbinatuz kontsumoa, sorkuntza eta biltegiratzea. Datorren urtean landuko dugu nola txertatu informazioa birkargan”.

Lotutako albisteak

Wake Up Euskadi 22 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 15 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Zaindari 14 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Zaindarik guraso-kontrol eraginkor eta erraza proposatzen die familiei
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 8 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak