Jolasek, parke eta haurrentzako jolasen ekoizleak, 30 urte baino gehiago daramatza parkeetarako altzariak eskaintzen eta merkatuan erreferente bihurtu da, mundu osoko herrialdeetan presentzia duelarik. Zarautzen dagoen enpresa ezaguna da, besteak beste, iraunkortasunaren alde egiten duelako, edukiontzi horitik berreskuratutako hondakin plastikoak erabiltzen baititu jolas-parkeak egiteko. Orain, apustu horri faktore teknologikoa gehitu behar zaio, Lü gehitu baitu bere jarduerara, hezkuntza-sektoreari zuzendutako produktu berri bat, edozein espazio joko interaktiboko ingurune bihurtzea ahalbidetzen duena.
“Jolasetik uste dugu teknologiarik onena pertsonen bizitza hobetzen duena dela eta Lü-k horretan laguntzen du. Berrikuntza digitala eskola-inguruneko bilakaera fisikoari eta mentalari aplikatzen dion produktua da; izan ere, edozein espazio itxi, gimnasio bat kasu, zeharkako ikaskuntza-espazio bihurtzen du, eta bertan forma fisiko eta mentalean egotea lortzen da sormen handiko proposamen interaktiboen bitartez”, azaldu du Gipuzkoako enpresak.
Soluzioak 3D kamerekin funtzionatzen du, eta horiek sabaian muntatuta, aukeratutako espazioaren horman elementu interaktiboekin egindako hainbat joko proiektatzen dituzte, hartzailearen parte-hartzea eskatzen dutenak. Halaber, denbora errealeko argi- eta soinu-sistema bat du, parte-hartzaileen murgiltzea handiagoa izan dadin. «Hiru konfigurazio posible daude. Lehena, Üno, horma interaktiboa bakarra sortzen duen instalazio iraunkorra da, eta sabaian finkatzeko aurrez muntatutako hiru modulu ditu: 3D kamera, soinua eta argiak eta proiektorea. Hori oso egokia litzateke espazio txikienentzat”, azaldu dute. “Ondoren, Düo daukagu, bi Ünoren elkarketa izango litzatekeena, bi horma interaktibo sinkronizatu sortuz esperientzia talde handiagoetan gauzatu ahal izateko. Eta, azkenik, konfigurazio mugikorra dugu, horma interaktibo garraiagarri bat izatea ahalbidetzen duena, hainbat aretotan erabiltzeko. Muntaia ez da 20 minutu baino gehiagokoa, eta oso formatu egokia da eskola edo enpresentzat”, Jolasetik adierazi dutenez.
Instalazioekin batera, Lü-k hainbat trebetasun pedagogiko garatzera bideratutako aplikazio-sorta zabala proposatzen du, psikomotrizitatearekin edo mugikortasunarekin zuzenean lotutakoetatik hasi eta, aurrekoaz gain, memoria, logika, matematika, erlaxazioa edo hizkuntza lantzen dutenetaraino. «Mineworld aplikazioak, adibidez, hizkuntzaren eta hitzen trebetasunak garatzen ditu. Horretarako, objektu bat proiektatzen da, adibidez, ardi bat, letrez inguratua, eta helburua hitza sortzea izango da, kasu honetan “ardia”, dauden letra guztien artean letra zuzenei sakatuz. Beraz, aukeratutako espazioko horma batean proiektatuko genuke jolasa, eta, adibidez, baloi bat botako genuke letra zuzenetara, bilatzen dugun hitza osatzeraino, punteriarekin lotutako trebetasunak garatuz,hitzak eratzearekin batera», azaltzen dute.
Beste aplikazio batzuek parte-hartzaileen mugikortasuna, erritmoa eta memoria garatzen dituzte. Grööve izenekoak , adibidez, azken koreografia batera iritsi arte egin daitezkeen dantza-urratsen sekuentzia bat eskaintzen du; edo Corner edo Dunkekin futbol- edo saskibaloi-partidak egin daitezke, edo punteria praktikatu, Jolasen arabera, “ikasleentzat motibagarriagoa, eskuragarriagoa eta inklusiboagoa den ingurune batean”.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako programak eta laguntzak ditu. Hemen kontsulta daitezke.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?