Geminis Lathes 65 urte dituen Elgoibarko enpresa bat da. Tamaina eta konplexutasun handiko makina-erremintan espezializatuta dago, eta negozioa dibertsifikatzea funtsezkoa izan da krisialdian aurrera egiteko. Konpainia horrek SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso du, zeinak ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzen baititu euskal enpresetan.
Enpresa hau 1957an sortu zen Elgoibarren Geminis izenarekin eta sasoi hartan tornu horizontalak fabrikatzen zituen. 1979an egin zuten kontrol numerikoko lehen tornua, eta 2002an, konpainiak Goratu izena hartu zuenean, gaur egungo lantegia atondu zuten, fresagailuak eta tornuak ekoizteko. Hurrengo mugarria 2010ean iritsi zen, prozesu anitzeko makinak fabrikatzen hasi zirenean. 2019an Geminis izena hartu zuen berriro, Maher Holding taldearen barruan.
“2016an tren makinak garatzen hasi ginen, eta 2019an produktu-gama guztiz berri bat diseinatu eta fabrikatu genuen, GTi izenekoa. Horrekin, jauzi handi bat eman genuen diseinu arloan” dio Edorta Arrietek, konpainiako marketin zuzendariak. Diseinuak hiru parametro ditu Geminisen. Lehenengoa da langilea errespetatzea ergonomia eta segurtasuna hobetuz. “Horrela, lan-ingurune abegitsuago bat sortu dugu, abangoardiako produkzio-ekipoak erabiliko dituen talentua erakarri eta mantentzeko”.
Bigarrena da makina-erremintak garbiak izatea eta ingurumena errespetatzea. “Sortzen ditugun txirbil guztiak eta daratuluen hondarrak berrerabili egiten ditugu mekanizatuko prozesuan, eta horrela lan-ingurune garbi eta seguru bat lortzen dugu”. Hirugarrena da makina-erremintek ekodiseinuaren irizpidea betetzen dutela, “hau da, kontsumoa eta elementu kutsagarriak gutxitzen ditugu eta osagaien berrerabilpena bultzatu. Izan ere, ekodiseinuaren ISO140006 ziurtagiria dute”.
Edorta Arrietek harro dio bere ekipoak oso fidagarriak direla; “egiturazko elementuen sendotasunean oinarritzen direnez, makinek gehiago irauten dute eta mekanizatuaren zehaztasuna hobea da. Geuk egiten ditugu mekanizatu kritikoak, eta beti erabiltzen ditugu lehen mailako marken osagaiak. Horrela lortzen dena da makinek gehiago irautea eta bezeroei erraztasunak ematea zerbitzu teknikorako edo ordezko piezak eskuratzeko”.
Enpresak hiru produktu-gama eskaintzen ditu: tornu horizontalak 150 tonarainoko makinekin; trenen mantenimendurako makinak (gurpilak, ardatzak, ardatz-gurpil multzoak), “izan ere, lankidetza akordio bat sinatu dugu Talgo enpresarekin”; eta prozesu anitzeko makinak, mekanizatu-operazio konplexu eta anitzak egin ditzaketenak biraketa piezetan, eta modu automatizatuan tamaina handikoetan. Adibidez, zentral nuklearretarako turbinak. “Produktu-gama guztiek dute 4.0 teknologia, beraz, gure bezeroek digital lean manufacturing delakoa txertatu dezakete euren produkzio-lantegietan.
Metatutako esperientzia zabalari, mekanizatu prozesuko ezagutzari eta aplikazioetako ingeniarien lantaldeari esker, Geminis-ek erantzun oso espezializatua eman diezaieke bezero exijenteenei. Sektore hauetarako egiten du lan gehienbat: altzairu-fabrikak, sektore eolikoa, energia sorkuntza, oil&gas, burdinbideak, garabiak eta itsasontzien zein mekanizatu handien mantenimendua, oro har.
Enpresak orain 71 langile ditu plantillan, eta urtean 20 milioi euro fakturatzen ditu batez beste. Egiten duen lanaren erakusgarri, aipa liteke urtean 40 makina-erreminta inguru fabrikatzen dituela, hori bai, kontuan hartu behar da eredu sinpleenak egiteko sei hilabeteko lana behar dela, eta konplexuenak egiteko urte eta erdirainokoa.
Negozioaren dibertsifikazioari esker lortu dute krisialdiak gainditzea. “Atzematen ditugun eskaerak oso aldakorrak dira, baina produktu eta sektore desberdinak konbinatzen ditugunez, egonkor mantentzen ditugu bai fakturazioa eta bai lana”.
I+G-n egiten duen inbertsioa fakturazioaren % 5ekoa da. Esportazioak produkzio osoaren % 90etik gorakoak dira: “nagusiki Alemaniara (% 25), AEBetara (% 20) eta Europako beste herrialde batzuetara esportatzen dugu. Eta batzuetan Asia eta Ekialde Ertainera ere bai, baina eskaera horiek aldakorragoak dira”.
SPRI Taldearen Hazitek programako laguntzarekin makina-erreminta berezi bat garatu dute tren makinen gurpilen mantenimendurako. Proiektu hori oraindik garapen fasean dago.
Etorkizunerako erronkei dagokienez, azpimarratu dute beren aldaketa teknologikoen berri eman behar diotela merkatuari, pandemiagatik ezinezkoa izan baitzaie azkenaldian. “Gure merkatuak lerrokatuta egon behar du Geminis gaur egun denarekin. Azken bi urteotan asko aurreratu dugu, baina pandemiak ez digu utzi azoketara joaten, eta hori eragozpen handia izan da gure bilakaera ezagutzera emateko”. Horrez gain, produktu-gama berria sendotzea da helburu nagusia.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?