SPRIk bere agendan sartu du arlo sozio-sanitarioko proiektuak eta berrikuntzak garatzen dituzten enpresentzako laguntza- eta orientazio-zerbitzua, eta konpromiso horrekin parte hartu du “Silver is Gold” ekitaldian. Ekitaldi horren helburua da Zilarrezko ekonomiak Gipuzkoan eskaintzen dituen aukerak sustatu eta dinamizatzea eta baita ere ikusgai jartzea agente instituzional zein pribatuek jokatu behar duten papera berrikuntza aktibatzeko eta zahartze osasuntsurako konponbideen garapena ahalbidetzeko.
SPRIko Osasun eta Trantsizio Sozio-sanitarioko arduradun Maria Aguirrek parte hartu du “Silver is Gold” jardunaldian, bertatik bertara aurkezteko “SPRIk sektoreko enpresei eskaintzen dien arreta-zerbitzu pertsonalizatu berria”. Aguirreren arabera, “zerbitzu honen xedea da gidari eta orientabide izatea arlo horietako konponbideak garatzen dituzten enpresentzat, eta ezagutza espezializatuarekin osatzea I+G, berrikuntza, giza baliabide, ekintzailetza, nazioartekotze, eraldaketa digital eta beste hainbat arlotan eskaintzen diren laguntza transbertsalak.
Adinberrik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk elkarrekin eskainitako hitzaldi batean eman da ezagutzera zerbitzu berria. Eta Adinberriren balio-proposamenaren esparruan aurkeztu da bere laguntza-zerbitzu integrala, hiru erakundeen tresna, zerbitzu eta laguntzez osaturik dagoena eta 2021etik aurrera hirurek elkarrekin eskaintzen dutena.
Markel Olano ahaldun nagusiak ireki du jardunaldia, eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak, berriz, itxi egin du. Jardunaldian zehar, hizlariek Adinberriren Adimen Aurreratuko Sistemaren txosten baten bitartez azaldu dute euren ikuspegi prospektiboa arreta eta zaintzen esparruan aplikatzen diren teknologia berriei buruz eta, horrez gain, hizpide hartu dituzte sektore sozio-sanitarioaren erronkak arreta-ereduen arloan eta nola aprobetxatu erronka horien aukerak.
Euren esperientzia ez ezik, proposamen berritzaileak ere aurkeztu dituzte: esaterako “Resivoz”, Caser Residencia, Vicomtech eta Resiplus erakundeen artean garatutako sistema, zeinak ahots bidezko elkarreragina erabiltzen baitu egoitzetan informazioaren erregistroa optimizatzeko; Ubikare eta Mutua Madrileña erakundeek garatutako “Ubikare-Naiha”, Adimen Artifizialaren bidez profesionalei sostengua emateko eta erabaki onenak hartzen laguntzeko erizaintza-sistema adimendun bat; Wattio-k eta Eusko Jaurlaritzako Beti ON tele-laguntza zerbitzuak garatutako “Wattio-Zaintek” konponbide berritzailea, zeinak teknologia erabiltzen baitu bakarrik bizi diren pertsona nagusien zaintza hobetzeko, euren pribatutasuna inbaditu gabe eta autonomia mugatu gabe; eta, azkenik, Kompai Robotics ekimen frantsesa, zeinak robotika asistentziala diseinatzen eta aplikatzen baitu adineko pertsonen zerbitzura jartzeko.
Jardunaldian parte hartu du baita ere “Silver Valley” kluster frantsesak. Zilarrezko ekonomiako enpresak barne hartzen dituen kluster bat da, aitzindaria Europa osoan eta erreferente bat nazioartean, eta 4.500dik gora profesional biltzen ditu. Adinberri Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du kluster horrekin.
Zilarrezko ekonomia gero eta garrantzitsuagoa da testuinguru ekonomikoan, eta hori argi ikusten da “Silver is Gold” topaketak izan duen parte-hartze mailan, 300dik gora profesional elkartu baitira. Adinberri Fundazioak antolatu du jardunaldia “Etorkizuna Eraikiz” programaren esparruan (Foru Aldundiak abiarazia Gipuzkoak etorkizunean izango dituen erronkei modu kolaboratiboan aurre egiteko) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2030 Plan orokorraren eta RIS3 estrategiaren testuinguruan. Estrategia horrek trantsizio sozio-sanitarioa, teknologiko-digitala eta energetiko-klimatikoa lantzen ditu, eta lehentasunezkotzat jo ditu Osasun Pertsonalizatuaren arloa eta “Zahartze Osasuntsua” izeneko Zeharkako Ekimen Trakziogilea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?