Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 11 otsaila, 2022 Berrikuntza Women in industry

Emakumeen parte-hartze handiagoak enpresen lehiakortasuna hobetzen duela esan du SPRI Taldeak Bruselan

SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendari Cristina Oyónek parte hartu du  EU Industry Days ekitaldian, Europako Batzordeak industria europarraren etorkizuneko erronka eta aukerei buruz eztabaidatzeko antolatzen duen jardunaldi garrantzitsuenean

Aste honetan egin da Bruselan EU Industry Days jardunaldia. Europako Batzordeak urtero antolatzen duen ekitaldi bat  da, trantsizio berdeari eta digitalari buruzko eztabaida sustatzeko industria-ekosistema desberdinen artean eta, hartara, areago handitzeko Europako enpresen erresilientzia.

Ekitaldiaren formatuari dagokionez, hitzaldiz osaturik dago eta hitzaldi horietan Europako hainbat eragilek hartzen dute parte. Hala, formatu horrek posible egiten du industria arloko aukera eta politikak partekatzea Europako industriaren erronkak gainditzeko. Gainera, 2022ko edizio honek gazterian jarri du fokua eta nabarmendu du beharrezkoa dela aintzat hartzea industrian Europako gazteen egungo kezkak, hala nola gizarte berdintasuna, gazteen enplegu prekarioa edo eredu jasangarri eta sozialki arduratsuetaranzko trantsizioaren garrantzia.

Cristina Oyón presente egon da ekitaldi horretan ordezkari bezala parte hartzen duelako Europako Batzordearen Foro Industrialean. Organismo hori 2021eko otsailean sortu zen Europako estrategia industriala eguneratzeko, eta bertara biltzen dira, besteak beste, Estatu kideetako nahiz enpresa elkarte desberdinetako ordezkariak eta 14 industria-ekosistemekin lotutako solaskide sozialak. SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendari Cristina Oyónek Vanguard Initiative ekimenaren ordezkari bezala hartzen parte du foro horretan. Vanguard Initiative elkarteak Europako eskualde industrializatuenetako 39 biltzen ditu.  

Foro Industriala sortu zenetik, SPRIk -Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunean duen ordezkaritzak lagundurik- bere hondar alea jarri du Europako estrategia industriala eguneratzeko, estrategia horretan txertatuz eskualde mailako garapenaren osagaia. Osagai hori biziki garrantzitsua da tresnak enpresa-sarearen errealitatera eramateko eta sare horren ezagutza Europako erabaki estrategikoetaraino eskalatzeko. SPRIk paper bereziki aktiboa du manufaktura aurreratuan, esan nahi baita estrategia eguneratzeko lehentasunezko bost lan-arloetako batean.

Cristina Oyónek gaur goizeko hitzaldian hartu du parte (“Preparing the workfoce for the future of Manufacturing”), eta bertan,  EIT Manufacturing, Adecco eta FICEPeko ordezkariekin batera hizpide hartu du industriak talentuaren arloan dituen erronka garrantzitsuenak eta azpimarratu du beharrezkoa dela enpresen lehiakortasun-maila areagotzen eta trantsizio berde eta digital bikoitza ahalbidetzen lagunduko duten profil kualifikatuak aurkitzea.

Europako per capita BPGda %6,1etik %9,6ra bitartean handitzea

Zehazki, Cristina Oyónek azpimarratu du emakumeen presentzia beharrezkoa dela enpresen eta ekonomiaren lehiakortasuna bermatzeko, horixe baita duela ia bi urte World Manufacturing Forum-ek sortutako eta hainbat herrialdetako 25etik gora adituk osatutako “Women in Manufacturing” aditu-taldeak iritsitako ondorio nagusietako bat.  Cristina Oyón da aditu-talde horretako buru. Aditu talde horretan sortutako eztabaiden bidez ikusi da enpresetan emakume gehiago izatea lagungarria dela emaitzak hobetzeko, produktibitate-maila handitzeko, erabaki hobeak hartzeko, berrikuntzarako, sormenerako eta eraginkortasunerako. Funtsean, Genero Berdintasunaren Europako Erakundearen arabera, enpresetan genero berdintasuna hobetzeak berekin ekarriko luke Europako per capita BPGda %6,1etik %9,6ra bitartean handitzea 2050erako.

“Argi dago genero berdintasuna ez dela bakarrik giza eskubide kontu bat, baizik eta premia bat lehiakortasuna bermatzeko”, adierazi du Cristinak. Oyónek esan du aditu-taldeak hiru ildo nagusi identifikatu dituela ildo horretan aurrera egiteko:

  1. Datuak eta argitalpenak. Industria-jarduerari buruzko datuak generoaren arabera sailkatuta eskura daitezen normalizatzea, emakumeak Industrian duen eboluzioaren jarraipena egin ahal izateko.
  2. Industria erakargarri egitea emakumeentzat. Erakutsi Industria teknologian, berrikuntzan eta jasangarritasunean oinarritutako jarduera ekonomiko bat dela, balioa sortzen duena ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan.
  3. Emakumezko erreferenteak izatea. Ikusgarritasuna eman emakumeek industrian duten parte-hartzeari, bokazio industriala inspiratu eta piztuko duten emakumezko erreferenteak izateko emakume gazteen artean.

Ideia horiek, hainbat jarduera konkretutan zehaztuko direnak,  aditu-taldearen barruan jorratuko dira. Datozen hilabeteetan, talde horrek  bere ahalegin guztiak bideratuko ditu helburu honetara: gobernu, nazioarteko organismo, industria eta industria elkarte, unibertsitate eta ikastetxeek konpromisoa har dezatela identifikatutako jarduerak garatzeko.

 

 

Lotutako albisteak

18 abendua, 2024 Berrikuntza
Loyola Norte, Gipuzkoako muntaketa elektrikoen erreferrentziazko ETEa
Irakurri gehiago
12 abendua, 2024 Berrikuntza
Buruplast automobilgintzaren sektorerako osagai plastikoak fabrikatzen zentratzen da
Irakurri gehiago
12 abendua, 2024 Berrikuntza
SPRIk eta Euskadiko Teknologia Parkeak urrezko A saria lortu dute, EUSKALITen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria
Irakurri gehiago
2 abendua, 2024 Berrikuntza
Mongar, lau hamarkada Bizkaiko galdaragintzari eskainiak
Irakurri gehiago
28 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eskualdeen lehiakortasuna sustatzeko topaketa batean parte hartu du SPRIk Belgikan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak