Eusko Jaurlaritzak 6,1 milioi euro eskaintzen dizkie enpresei aurten laguntzatan, EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) diagnostikoak egiteko edo EIKTak ezartzeko. SPRI Taldearen Industria Digitala programaren helburua da gaitasun digital berriak barneratzen laguntzea enpresei, euren ekoizpen-prozesuetan aplikatu ditzaten.
Iazko edizioan bezalaxe, aurten ere proiektu bakoitzak 18.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez.
Laguntza-eskaerak aurkezteko epea zabalik dago jada eta irailaren 23an itxiko da. Iaz 686 proiektu babestu ziren 6,16 milioi euroko aurrekontuarekin. Proiektu bakoitzak 8.990 euroko laguntza jaso zuen batez beste. Uste da aurten 640 eskaera jasoko direla.
Programa honek aurrekontua handitu zuen joan den irailean, 5,1 milioitik 6,1 milioira igo baitzen, eta 2022an mantendu egingo da 6,1 milioiko kopuru hori.
Industria digitala programak laguntzak ematen ditu EIKTen diagnostikoak egiteko edo EIKTak ezartzeko proiektuetarako, besteak beste arlo hauetan: enpresa barruko informazio-sistemetatik Cloud zerbitzuetaranzko migrazioa; sentsorika, SCADA, zerbitizazioa, prozesuen automatizazioa, Big Data eta Blockchain; errealitate birtuala, areagotua eta mistoa eta ikusmen artifiziala; Smart Factory eta gaitasun fisiko nahiz birtualak konbinatzen dituzten prozesu industrialen simulazioa; fabrikazio gehigarria, zeinak bere baitan hartzen baititu ingeniaritza- eta aholkularitza-zerbitzuak, laguntza emateko hasierako ideiatik eta diseinutik produkzio faseraino; gamifikazioa eta arlo horretako aholkularitza-proiektuak, zeintzuek jolasetatik ateratako teknikak aplikatuko baitituzte erabiltzaileak leialtzeko, motibatzeko eta haien konpromisoa lortzeko; merkataritza elektronikoa; enpresako kudeaketa aurreratuko sistemak; produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa eta telelana.
Programa honek eskaintzen dituen laguntzek bere baitan hartzen dituzte aholkularitzako eta ingeniaritzako gastuak eta hardwarea edo softwarea erosteko gastuak. Onuradun izan daitezke joan den urtarrilaren 1etik aurrera hasitako digitalizazio proiektuak.
Plan honek euskal enpresei laguntzen die, besteak beste, prozesuak automatizatzeko eta neurtzeko sentsoreak ezartzen, eredu birtualak egiten, fabrikazio gehigarrira egokitzen, zerbitzariak edo aplikazioak lainora migratzen, telelana ezartzen edo merkataritza elektronikoa garatzen.
Industria Digitala SPRI Taldeak Euskadiko Agenda Digitalaren esparruan kudeatzen duen neurrietako bat da, eta helburutzat du euskal enpresei digitalizatzen laguntzea, lehiakor izan daitezen eta puntako enpresa bihurtu daitezen 4.0 Europan. Programa honen helburua da Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKTak) txertatzen laguntzea industria arloko enpresetan eta produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzu teknikoetako eta diseinu eta logistikako enpresetan, xedetzat hartuz euren lehiakortasuna hobetzea.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?