EUNek 48 urte bete ditu. Egoitza Beasainen duen enpresa beasaindar hau da munduko bakarra apal mugikorrak eta kudeaketako softwarea diseinatu, fabrikatu, merkaturatu eta instalatzen duena, konponbide egokia eskainiz edukiak eraginkortasunez gorde eta kudeatzeko espazioen optimizaziorako. SPRI Taldearen laguntza bat jaso du Innobideak programaren bitartez, zeinak enpresako langileen partaidetza sustatzen baitu kudeaketa-eredu berri baten bidez.
Konpainia Beasainen sortu zen 1974an galdaragintza fineko tailer gisa, inguruko enpresa handiei zerbitzu emateko. Bere lehen etapan iraultza bati ekin zioten eta produktu propioa fabrikatzen hasi ziren: torloju gabeko apalategiak eta gero dentsitate handiko apalategi mugikorrak (eskuzkoak eta automatizatuak) espazioa optimizatzeko. “Diseinutik hasita berritzen dugu” diote Alberto Lorenzo Mitxelenak, EUNeko CEOak eta Nerea Egurenek, Pertsona eta Finantzen arloko arduradunak eta fundatzailearen alabak.
EUNen bigarren etapa 2000. urtean iritsi zen, nazioartean zabaltzen hasi zirenean eta beraizik espezializatu zirenean “papera gordailatzeko konponbideetan, bai liburutegietan eta bai artxiboetan (epaitegiak, udaletxeak, bankuak, eta abar)”.
Hirugarren etapa 2017an abiatu zen, apustu egin zutenean 5S metodoan oinarritutako kudeaketa aurreratu, digital eta jasangarriaren alde. “5S-ak estrategikoak dira guretzat, gure misioa baita espazioak optimizatzea edukiak eraginkortasunez gorde eta kudeatzeko. Badakigu 5S-ek hainbat abantaila dakarzkiotela edozein antolakunderi (irudia, eraginkortasuna, lan-istripuak izateko arrisku gutxiago, kudeaketaren sozializazioa…), baina, gure kasuan, abantaila horiek eskaintzaz gain, baita ere laguntzen digu gure misioarekin bat datorren irudi koherente bat ematen, hau da, etsenpluaren bidez predikatzen, eta gainera aukera ematen digu ikasten eta ikasitakoa bezeroei helarazten gure produktu, konponbide eta zerbitzu hobetuen bidez” diote, eta nabarmendu egin dute “gure Beasaingo eta Mexikoko egoitzetan” 5S-etan lortutako urrezko diploma.
2017an, salmenten % 80 papera gordetzeko altzarietatik (artxiboak) zetorren, beraz, digitalizazioa zen gure negozioaren mehatxu handiena. “Marka diagnostiko bat egin genuen, eta ikusi genuen EUNen “ahatetxo itsusia”, salmenta gutxien zuen gure produktua, hots, EUN Logic softwarea, aukera bikaina zela gure lehiakideengandik bereizteko”.
Hala, mehatxua erronka bihurtu zen eta gaur egun munduko enpresa bakarra gara apalak eta kudeaketako softwarea diseinatu, fabrikatu, merkaturatu eta instalatzen duena, konponbide egokia eskainiz edukiak eraginkortasunez gorde eta kudeatzeko espazioen optimizaziorako. “EUNen konponbideek aukera ematen diete gure bezeroei edukiak eraginkortasunez eta segurtasunez kudeatzeko (erabiltzaileentzat, edukia eta informazioa) eta posible dute baita ere eduki hibridoak kudeatzea, hots, fisikoak nahiz digitalak”. Konpainia papera gordailatzeko konponbideetatik beste aukera batzuk eskaintzera pasatu da, eta orain gordailu-konponbideak eskaintzen ditu retailerako (Adidas, Gucci, Louis Vuitton, Ralph Laurent), industriarako (Toyota, Nissan, Nestlé), bulegoetarako (Amazon, Coca Cola, Walmart, HSBC), museoetarako (Museo Gordailua, Monakoko Museo Ozeanografikoa, Stockholmeko Historia Naturaleko Museoa), laborategietarako (Pfizer, Moderna, Astra Zeneca), administrazio publikoetarako (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Saudi Arabiako gobernua, Peruko Kultura Ministerioa, Mexiko Estatuko Botere Judiziala) edo futbol klubetarako (Real Madrid, FC Barcelona, Athletic-a edo Atlético de Madrid).
“Gure bezeroek badute ezaugarri komun bat: eraikin berri bat dute edo berritu beharreko ekipamendua duena eta gorde beharreko eduki bat gutxienez, hiru helburu hauekin: espazioa optimizatu, altzaria espazioan integratu eta edukitzaile eta eduki fisiko edo/eta digitalaren erabilera eraginkor eta jasangarria bilatu”.
Lau produktu-gama dituzte: 600 Storage (apalak), 400 Lockers (takillak), 200 hanging eta softwarea. Salmenten herena Iberiar Penintsulan kontzentratzen da, beste heren bat Europan, Afrika iparraldean eta Ekialde Ertainean eta gainerakoa Latinoamerikan.
“Azken hilabeteetan hainbat proiektu handi izan ditugu esku artean, besteak beste, 40.000 metro linealeko edukierako hiru artxibo saldu dizkiegu Arabia Saudi, Norvegia eta Mexikori”.
Enpresaren urteko fakturazioa 15 milioi eurokoa da eta 80 lagun dituzte plantillan. Negozioaren % 6 eta % 8 bitarteko portzentajea bideratzen dute I+G+b-ra, eta horri beste “% 8 eta % 10 bitarteko portzentajea gehitu behar zaio 4.0 fabrikaziorako makinerian inbertitzeko, softwareko produktu propiorako (EUN OS eta EUN Logic) eta barne-kudeaketako softwarerako”.
EUNek, familia-jabetzako enpresa den aldetik, helburutzat du EUN “beren bigarren etxea izan dadila” langileentzat, hots, EUNdarrentzat. Horregatik, SPRI Taldeak Innobideak Pertsonak programaren bidez emandako laguntzarekin pertsonen kudeaketa hobetu dute; horretarako, lan-giroari buruzko diagnostiko bat egin zuten “lagungarri izan zitzaiguna ordena jartzeko eta bost jarduera-ardatz definitzeko: erakarpena, hautaketa, ordainsaria eta arreta; ezagutza eta talentua kudeatzea; komunikazioa, konpromisoa eta motibazioa; lidergoa eta lan arriskuen prebentzioa.
Aipatu dute Innobideak programak laguntza gehigarria eman diela. “Alderdi ekonomikoaz gain, SPRIko teknikarien aitorpena jaso dugu eta horrek ikaragarri motibatzen gaitu”.
Etorkizuneko erronkak dira digitalizazioa, jasangarritasuna eta zerbitizazioa. “Espazioak optimizatzen jarraituko dugu, baina adimendunagoak eta jasangarriagoak izango dira, eta zerbitizazioarekin batera iritsiko dira”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?