SPRI Taldeak (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak) nazioarteko B2B topaketak antolatu ditu apirilean beste erakunde batzuekin batera, enpresen arteko harremanak bultzatzeko energia eolikoaren sektorean. Topaketen antolaketan, SPRI Taldeaz gain –Basque Enterprise Europe Network (EEN) partzuergoko kide bezala-, orobat parte hartzen dute Euskadiko Energia Klusterrak eta energia urdinaren inguruko ELBE aliantza europarrak, eta kolaboratzaileen artean daude Energia Berriztagarrien Talde Sektoriala eta EEN sarea.
Topaketak datozen apirilaren 6an eta 7an egingo dira, Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) antolatuko den WindEurope 2022 urteroko ekitaldiaren esparruan. Egitarau zabalaren barruan erakusketak eta hitzaldiak eskainiko dira, eta hizpide hartuko dira offshore zein onshore energia eolikoaren azken berritasunak, izan ere haizea Europako argindar-iturri nagusi bilakatuko baita hamarkada honetan. WindEurope industria honen huts egin ezinezko ekitaldia da, Europako sektore eoliko osoa bildu eta energia eolikoaren alderdi guztiak landuko baititu.
SPRI Taldeak antolatutako B2B topaketek (“Wind Energy International Matchmaking at WindEurope Bilbao 2022”) aukera eman diete energia eolikoaren balio-kateko antolakunde guztiei kontaktu baliotsuak egiteko eta nazioarteko lankidetzaren alderdi berriak ezagutzeko: adibidez, harreman komertzial berriak sortzea eta I+G+B proiektuetarako kolaboratzaile eta bazkide berriak bilatzea.
Nazioarteko B2B topaketetan parte hartu ahal izango dute merkataritza, teknologia eta ikerketarako kontaktu berriak identifikatu nahi dituzten enpresa, startup, kluster, ikerketako erakunde eta elkarteek. Hala, aukera egongo da berrikuntzak aurkitzeko eta energia eolikoaren sektorearen zein bere balio-kate osoaren premia espezifikoetara egokitzeko.
B2B topaketetako parte-hartzea doakoa da, baina ezinbestekoa da WindEurope Annual Event 2022 Bilbao ekitaldian erregistratzea eta ekitaldi horri dagokion tarifa ordaintzea.
Izena eman nahi duten erakundeek dagoeneko posible dute erregistratzea, lankidetzarako profila betetzea eta aldebiko bilerak eskatzea helbide honetan: https://windeurope-2022.b2match.io/
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?