Baikortasun orokorreko seihilekoaren ondoren, oinarrizko adierazle guztiak (eskaerak, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G) hobetuta, euskal industriak aurreikusita zuen hurrengo sei hilabeteetan hazkundea argi eta garbi sendotuko zela. Hala ere, Errusiaren inbasioak Ukrainan ziurgabetasuna ekarri du etorkizuneko aurreikuspenetara, batez ere funtsezko hiru esparrutan: energia, lehengaiak eta logistika.
Otsailaren 24, Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuen eguna, inflexio-puntua izan zen ekonomia globalaren jardunarentzat, eta, baita euskal ekonomiarentzat ere. Horixe jakinarazi diote gaur Iñigo Urkullu Lehendakariari euskadiko 16 klusterren arduradunek Industria Abagunearen Behatokiaren bileran. Lehendakaria izan da bileran buru, eta Jaurlaritzako Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua ere bertan izan da. Bilera honetan, joan den seihilekoko industriaren gako nagusiak eta datozen sei hilabeteetarako aurreikuspenak aztertu dira.
Duela hilabete batera arte balantzea eta aurreikuspenak orokorrean positiboak baziren, gerrak elementu berri bat txertatu du eta egokitu egin behar dira. Azken seihilekoan euskal sektore gehienak hazi egin dira. Eskaera-zorroari dagokionez, 16 klusterretatik 9k hobera egin zuten, eta % 40k ildo beretik jarraitzea espero zuten, eta beste % 40k, eustea.
Fakturazioari dagokionez, azken seihilekoan sektoreen % 80 hazi egin ziren, eta % 56k igotzen jarraitzea eta % 30ek berdintzea espero zuten. Esportazioek antzeko dinamika jarraitzen zuten: klusterren % 75ek aurreko sei hilabeteetan gorakada bat ikusi zuten, eta etorkizun hurbilerako % 50ek hazten jarraitzea espero zuten eta beste % 50ek bere horretan jarraitzea.
Enpleguek ere gora egin zuen eta aurreikuspena baikorra zen, igoera espero zen, nahiz eta ez zen ikusten hain nabarmena izango zenik. Azkenik, I+G hazkunde iraunkorretik zetorren, eta aurreikuspena ere positiboa zen.
Ukrainako gerrak eta haren ondorioek perspektibak berriz kalkulatzera behartu ditu klusterrak, nahiz eta horretarako denek beharrezko duten liskarrak zenbat iraungo duen jakitea. Une honetan, epe laburrari lotuagoak dauden adierazleetan (eskaerak, fakturazioa eta esportazioak) ikusten da eragina.
Zehazki, 16 klusterretatik 6k zalantzan edo okerrago ikusten dituzte eskaerei eta fakturazioari buruzko aurreikuspenak hurrengo seihilekoan, nahiz eta oraindik 11 klusterrek esportazioei eustea edo hobetzea espero duten.
Egoerak hurrengo hilabeteetan jarraituko balu, gainerako faktoreei eragin liezaieke. Oraindik 16 klusterretatik 13k seihileko hobea edo berdina aurreikusten dute enpleguari dagokionez. Hau guztia gatazkaren iraupenaren araberakoa izango da, batez ere, makinak gelditzera behartuta egongo diren edo ez ikusi beharko da eta, beraz, ERTEak bezalako erregulazio-neurriak ezarri beharko ote dituzten. Batzuek soldata-kostuen gorakadaz ere ohartarazi dute.
Ezegonkortasun global horri hoberen aurre egiten dion faktorea I+G+b da, inbertsioak epe ertainera planifikatzen dira eta sendo mantentzen dira. 16 klusterretatik 15ek beren jarduera mantentzea edo hobetzea aurreikusten dute atal honetan, baita gerra-faktorea kontuan hartuta ere. Hemen, euskal enpresentzako aukera handia ikusten da PERTEetan, hala nola sare elektriko digitalizatuetan, berriztagarrietan eta hidrogenoan, edo energia biltegiratzean, elikadura osasungarrian edo zerbitizazioan.
Pandemia garaiko erresilientzia errepikatzea
Hornidura-katean gerraren ondorioak nabariak izan dira azken hilabete honetan. Beraz, Errusiatik eta Ukrainatik datozen lehengai batzuk iristeko bide berriak bilatu beharko dira. Klusterrek, behintzat, pandemian frogatutako erresilientzia errepikatzea espero dute, salbuespenezko egoera baten aurrean protokoloak eta neurri berriak aplikatu ahal izan dituztelako.
Prezioak igotzeko abagune horretan –inflazioa azken hilabeteetan handitzen ari zen–, fakturazioa ez da hain adierazle fidagarria. Pandemian sektore batzuek marjina handiagoekin lan egin bazuten gehiago fakturatu gabe, orain alderantziz gertatzen da, eta marjinak jaisten ari dira.
Logistikan –errepide bidezko garraioan– eragin zuzena izan du gerrak, Euskadin lanean ari ziren ukrainar jatorriko gidari asko beren herrialdera itzuli baitira.
Nazioarteko Behatokiaren balioa
Ildo horretan, enpresek Eusko Jaurlaritzak Basque Trade bidez abian jarritako Nazioarteko Behatokia erabil dezakete, Ukrainaren inbasioak ekonomian eta merkataritzan izan duen eragina kalkulatzeko.
Gatazka hain sartu da, non ia erabat baztertu duen COVID-19aren osasun-krisia, lehiakortasunerako faktore erabakigarriena bezala. Egoera hori alde batera utzita, badira beste gai batzuen inguruan aurretik datozen kezkak, hala nola talentua bilatzeko beharrari eta trantsizio digital eta energetiko-ekologikoa aprobetxatzeko beharrari buruzkoak.
16 klusterrek Euskadiko ekoizpenaren zatirik handiena ordezkatzen dute. Industria Abagunearen Behatokian honako hauek daude: aeronautika, elikadura, automobilgintza, bioosasuna, eraikuntza, energia, trenbide-ekipamenduak, galdaketa eta forja, habitata, zura, bulegoa eta contract, itsas industriak, ingurumena, papera, siderurgiako produktu eta instalazioak, fabrikazioko teknologia aurreratuak, EIKTak eta ezagutza, eta garraioak, mugikortasuna eta logistika.
Sektorez sektore
Sektoreka aztertuz gero, zenbait berezitasun ikus daitezke:
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?