Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 28 Marzo, 2022 Berrikuntza Energia

Haizea Wind: “Sektore eolikoa eta, batik bat, off shore sektorea indartuta aterako dira krisi honetatik”

Borja Zárragak, itsas dorre eoliko handien Europako fabrikatzaile nagusiaren CEO-ak, aurreikusten du 100 milioi euroko inbertsioa egitea Euskadi sektore eolikoaren abangoardian kokatzeko.
Borja Zárraga.

Haizea Wind 2017an sortutako talde industrial bat da, aerosorgailuentzako metalezko egitura handien diseinu, fabrikazio eta muntaian eta material urtuzko osagaietan espezializatua dagoena. Bilboko Portuan du bere egoitza zentrala, baina, horrez gain, presentzia du Agurain, Itziar eta Aranda de Dueron, eta orobat ezarpenak ditu Argentinan eta Frantzian. Hala, itsas dorre eoliko handien Europako fabrikatzaile garrantzitsuena da gaur egun. Energia arloan bizi dugun testuinguru ziurgabea gorabehera, euskal talde honek ibilbide-orri anbiziotsu bat prestatu du datozen urteetarako, zeinaren arabera 100 milioi euroko inbertsioa egingo baitu Euskadi sektore eolikoaren abangoardian kokatzeko. Haizea Wind-eko zuzendari nagusi Borja Zárragak baieztatu duenez, helburua da besteak beste Bilboko Portuko instalazioak bikoiztea XXL tamainako off shore dorre eolikoak fabrikatzeko. Proiektu horrek lau urteko lan-karga bermatuko die (dagoeneko jakinarazi dute 350 pertsona kontratatu beharko dituztela) eta 700 milioi euroko diru-sarrerak ekarriko dizkie.

Uste duzu Ukrainiako gerrak behin betiko aldatuko dituela energia sektoreko mundu mailako joko-arauak?

Inflexio-puntu bat izan liteke. Argi geratu da energia arloan menpekotasun handia dugula beste herrialde batzuekiko eta, beraz, kalteberak garela beste eskualde batzuetan gertatzen diren egoeren aurrean. Oso zaila da Errusia bezalako herrialdeei zigorrak jartzea, kontuan izan behar baita EBko herrialde gehienok haren energia-baliabideen eta lehengaien menpe gaudela neurri handiago edo txikiagoan. Ahultasun hori gutxitu nahi badugu, ezinbestekoa da inbertsioak egitea eta gure baliabideak aprobetxatzea, esaterako haizea eta eguzkia. Badauzkagu energia-iturriak, eta horiei probetxua ateratzeko behar ditugun teknologiak eta industria. Horregatik, oraintxe da unea energia eolikoaren eta antzeko beste sistema batzuen aldeko apustua egiteko.

Krisi honen inguruan gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, nolakoa izango da Euskadiren argazkia epe laburrean?

Epe laburrean egoera oso gogorra izan liteke euren jardueretan energiaren erabilpen estentsiboa egiten duten sektore eta industrientzat. Azken hilabeteotan ikusi dugu argindarraren eta erregaien kostuak etengabe igotzen ari direla, eta horrek azkenean zuzenean edo zeharka eragina du jarduera guztietan. Euskadiko industriak tirabira handiko uneak bizi ditu. Oraintxe da momentua enpresa ekimenei laguntzeko, eta mota guztietako eragileek (hasi Gobernutik eta gizarte eragile guztietara iritsiz) gure industria babestu dezaten.

Esku artean duzun informazioaren arabera, uste duzu itsasoko sektore eolikoaren merkatua ere kaltetua izango dela?

Epe laburrean nabaritu dezake krisiaren eragina, bai horniduran, bai lehengaien eskasian edo baita ere produkzio-kostuen igoeran, baina ziur gaude sektore eolikoa -eta, zehazki, itsasokoa- indartuta irtengo dela krisi honetatik. Europar Batasunak jada jakinarazia zuen energia sektorea -eta zehazki sektore eolikoa- zela COVIDaren ondorengo krisitik irteteko bideetako bat. Uste dut estrategia hori are gehiago landuko dela Europarako autonomia energetikoaren beharra dela medio, eta beraz itsasoko sektore eolikoak bultzada gehigarri bat jasoko duela.

Danimarkako Orsted konpainiak zuek aukeratu zaituzte XXL mono-piloteak ekoizteko, hau da, aerosorgailuak itsas hondora finkatzeko erabiltzen diren altzairuzko egitura handiak fabrikatzeko. Zer ekarri dio kontratu handi horrek Haizea Wind enpresari?

Zalantzarik gabe, mugarri esanguratsua izan da guretzat. Kontuan izan Orsted itsas energia eolikoaren sektoreko munduko operatzaile liderretako bat dela eta helburutzat duela 2025erako “neutrala izatea karbonoan”. Kontratu honi esker, munduko erreferente gisa finkatuko gara itsas energia eolikorako dorre eta zimenduen fabrikazioan. Horretarako ari gara lanean gure enpresaren sorkuntzatik, beraz, kontratu hau sekulako aitortza da Haizea osatzen dugun guztiontzat.

Non ikus dezakegu Haizea Wind Group-en arestiko proiekturen bat?

Proiektu garrantzitsuak egin ditugu, hala nola East Anglia (Erresuma Batua), Borselle (Holanda), Hornsea (Erresuma Batua) Seamade (Belgika), Formosa (Taiwan), St. Nazaire (Frantzia) eta Hywind (Norvegia). Orain dorre eolikoak fabrikatzen ari gara Europako itsas proiektu garrantzitsuenentzat, besteak beste hauentzat: Dogger Bank (Erresuma Batua), munduko parke eoliko handiena dena, eta HKZ (Herbehereak).

Bilboko Portuko instalazioak bikoiztu nahi dituzuela diozunean, zer esan nahi duzu zehazki?

Batetik, gure lantegiaz ari naiz, gure tailerraz. Gaur egun 50.000 m2 inguru ditu, eta akordio honen bidez 100.000 m2-ko azalera gaindituko dugu (15 futbol zelai inguru). Gainera, nabe berriak zertxobait handiagoak izango dira, horrela gai izango gara tamaina handiagoko zimenduak egiteko eta egungo zein etorkizuneko bezeroen premiak asetzeko. Bestalde, zabalkuntza horren bidez plantilla ere ia bikoiztu egingo da. Gaur egun ia 400 langile ditugu, eta espero dugu 350 langile berri sartuko direla lantaldean.

Fisikoki nolakoak dira zuen dorreak?

Gure dorreak nolakoak diren ongi ulertzeko, lehenbizi azaldu behar da dorre eoliko batek hiru zati dituela: top, hots, goialdean doan zatia; middle edo dorrearen erdiko sekzioa; eta bottom, azpialdekoa. Zatiak bereizita fabrikatzen dira, eta dorrea muntatzean batzen dira parke eolikoan bertan. Ez dira guztiz zilindrikoak. Top zatia beti izango da bottom zatia baino estuagoa. Hala, esango genuke kono-enbor formakoak direla. Gaur egun, tarte horiek 6-8 metro bitarteko diametroa dute, eta 30 metro inguruko luzera. Aitzitik, dorre horientzako urpeko zimendu berriak tarte bakarrean fabrikatzen dira, eta 100 metro inguruko luzera eta 10-11 metroko diametroa dute. Metalezko egitura erraldoiak dira, eta munduan oso konpainia gutxi daude gai direnak halako dorreak seriean ekoizteko.

Belaunaldi berriko aerosorgailuak diozunean…

Aerosorgailu hauen potentzia etengabe doa hazten, gaur egun 10-12 MW ingurukoa da, baina espero da epe laburrean 14-15 MW-ra iristea, eta etorkizunean 20 MW-ra. Horretarako ezinbestekoak dira dorre eta zimendu handiagoak, aerosorgailuari egonkortasuna emateko. Horregatik, gure instalazio berria gai izango da bezeroek bospasei urte barru beharko dituzten egitura horiek hartzeko.

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Berrikuntza
RK Informatikak laneko bajak murrizteko Crossfita eskaintzen du
Irakurri gehiago
29 urria, 2024 Berrikuntza
Fabrikak eskuliburu bat argitaratu du ‘lan-kultura berria’ izenekoa ezartzeko gakoekin
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Azpiegiturak
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
24 iraila, 2024 Berrikuntza
Gesklima: “Hazinnovak gure barne baliabideak hobeto optimizatzen eta eraginkortasuna hobetzen lagundu digu”
Irakurri gehiago
18 iraila, 2024 Berrikuntza
Álvaro Martínez de Lagos (Ulma Handling Systems): “Intralogistika robotizatuaren sektorea hazkunde handiko momentu paregabean dago”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak