Basque Trade & Investment-SPRI Taldeko Nazioartekotzeko Euskal Agentziak txosten berri bat argitaratu du hainbat eremu geografikotako automobilgintza sektorera hurbilketa kuantitatibo bat eskaintzeko egiten dituen azterlanen barruan.
Oraingoan, Ekialdeko Europako “herrialde gorakor berriak” hartu ditu ardatz.
Azken urteotan, automobilaren industriak gorakada handia izan du Ekialdeko Europako herrialdeetan. Hala, gero eta auto fabrikatzaile zein osagai hornitzaile gehiagok erabaki dute euren produkzio-zentroak herrialde horietan ezartzea, lehiakortasun-abantaila bat lortzeko Mendebaldeko Europako herrialdeen aldean. Politika egonkorragoak eta garapen ekonomiko indartsuagoa direla medio, eskualde horrek inbertitzaileen interesa piztu du, ikusten baitute gune egokia dela hornikuntza, fabrikazio eta logistikarako.
Ekialdeko Europak kalitate handiko eta kostu baxuko operazioak egiten jarraitzen du, eta horiek izango dira oinarri ibilgailu elektriko eta konektatuak bultzatzeko eta hornikuntza-katea gehiago digitalizatzeko. Europa, Amerika zein Asiako OEM ia guztiek eta osagai hornitzaile garrantzitsuenek badituzte ordezkariak (produkziokoak edo komertzialak) eskualde horretan. Nahiz eta beste urte batzuekin konparatuta txikitu egin den Ekialdeko eta Mendebaldeko soldaten arteko aldea, diferentzia handia dago oraindik. Eskulana merkeagoa da Europako beste toki batzuetakoa baino, are Asiako zenbait herrialdetakoa baino ere, eta, aldi berean, oso kualifikatua da.
Oraindik orain, nahiko erraza da eskualde horretan kokatzea. Ekialdeko Europako herrialdeen garapen ekonomikoak aukera ugari ekarri ditu enpresa berriak sortzeko, atzerriko zuzeneko inbertsioa sustatzen delako eta atzerriko enpresariek bertakoen tratu berdina jasotzen dutelako. Funtsean, gero eta gehiago gertatzen ari da hori mendebaldeko herrialde gorakorretan, batez ere Serbian, Hungarian eta Errumanian, eta neurri txikiagoan Bulgaria, Eslovenia eta Kroazian. Herrialde horiek duela urte gutxi hasi dira industria horretan posizionatzen, pixkanaka tokia kenduz Ekialdeko Europako automobilgintzako hub tradizionalei (Txekia, Eslovakia eta Polonia).
Halere, badaude aldeak txostenak aztertu dituen herrialdeen artean. Eslovenia, Hungaria eta Serbiak atzerriko enpresen ezarpen berriak erakarri badituzte ere azken urteotan, industria garapena moteltzen ari da beste herrialde tradizionalago batzuetan, esaterako Errumanian (han zeuden Ford eta Dacia marken lantegi historikoak), eta beste batzuek, adibidez Bulgariak edo Kroaziak, ez dute iritsi hainbesteko garapen-mailarik. Hiru dira euskal enpresentzat aukera gehien eskaintzen dituzten herrialdeak: Hungaria elektrifikazio arloan (bateria hornitzailea, birkargarako azpiegiturak, ibilgailu elektrikoak); Serbia, berriki bertan ezarri diren edo etorkizunean han ezartzekoak diren nazioarteko hornitzaile kopuru handiagatik (alemanak, asiarrak eta amerikarrak); eta Errumania, non itxuren arabera produkzioa asko haziko baita datozen urteetan. Halere, Kroazia eta Bulgariak ere merkatuko nitxo aprobetxagarriak eskain ditzakete.
Txosten osoa (herrialde bakoitzaren fitxa xehatua barne) eskuragarri dago eskatzen duten euskal enpresa guztientzat. Fitxetan sektoreari buruzko datu ekonomikoak eta espezifikoak jasotzen dira, enpresek erabaki dezaten zein herrialdetan garatu ekintzak euren aukera komertzialetan sakontzeko. Txostena jasotzeko, posta elektroniko bat bidali behar da mzarraonaindia@basquetrade.eus
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?