Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 17 maiatza, 2022 Ingurumen-jasangarritasuna

Eusko Jaurlaritzak elikagai eta edarien industriara bideratutako berrikuntzarekin duen konpromisoa indartu du, “Food 4 Future” biltzarraren bigarren edizioan

“Euskadi Basque Country, land of opportunities” standak gure lurraldearen indarra erakutsiko du, eta bertan izango dira nekazaritzako elikagaien sektorearekin lotutako enpresa publikoak (Hazi, Neiker eta Elika), eta SPRIko Nazioartekotzeko Euskal Agentzia eta Invest In Basque Country erakunde taldea
  • Ekitaldian 286 erakusketari eta 353 hizlari izango dira, 16 herrialdetakoak, eta nazioarteko 5.000 profesionaletik gora bertaratzea espero da.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia izan da gaur goizean Food 4 Future biltzarraren bigarren edizioaren inaugurazio-ekitaldiaren burua. Ekitaldi hori maiatzaren 17tik 19ra egingo da Bilbon eta munduko garrantzitsuena da elikagai eta edarien industriara bideratutako berrikuntzaren arloan.

Tapia sailburuarekin batera izan dira Juan Mari Aburto (Bilboko alkatea), Ainara Basurko (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua) eta Fernando Miranda (Estatuko Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusia), bai eta Jordi Gallés ere, Food 4 Future Expo Foodtech-en presidentea.

Bi ediziotan bakarrik, Food 4 Future ezinbesteko hitzordu bihurtu da mundu osoko elikagai eta edarien arloko enpresetarako. Horrenbestez, biltzarra plataforma bat izango da “The Food Global Ecosystem” ekimena ezagutarazteko. Egitasmo hori ekosistema propio bat da munduko erronka garrantzitsuenetako bati erantzuteko: elikadura osasuntsu eta jasangarria zaintzea.

F4F ekimeneko gai nagusiak

Automatizazioa, prozesatzeko teknika berriak, belaunaldi berriko osagaiak eta jasangarritasuna dira edizio honetako gai nagusietako batzuk.

Biltzarraren lehen egunean, big data edo adimen artifizial erabilita, arrantza-industria, haragi-industria eta agritech arloko elikagaien ekoizpen adimenduna landuko da.

Bigarren egunean, jasangarritasunaren mundu mailako tratamendua izango da ardatz, eta proteina-iturri eta osagai berriak aztertuko dira eta osagai horiek nola eralda dezaketen dieta eta gizarteen kontsumo-patroia, jasangarriago izateko. Halaber, hondakinak, isuriak eta plastikoen erabilera nola murriztu aztertuko da, eta berritasunak aurkeztuko dira packaging arloan.

Hirugarren eta azken egunean, osasuna eta elikagaien segurtasuna aztertuko da, teknologia berriak erabilita. Elikadura-iraultza horretan honako hizlari hauek izango dira buru, besteak beste: Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Ignacio Muñoz (Angulas Aguinaga), Carmen Gómez-Acebo (Coca Cola) edo Ricardo Fernández (Carrefour).

Euskadiren standa

Enpresa-garapena eta enpresa eta negozio berriak sortzeko bultzada dira Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko bi apustuak elikaduraren eta gastronomiaren balio-katea indartu eta hazteko, sektore estrategikoa baita euskal ekonomiarako. Hori dela eta, Jaurlaritzak espazio garrantzitsua du biltzar horretan; izan ere, stand bat izango du eta bertan, informazioa eskainiko da erakunde-mailan elikadura-enpresen esku jartzen diren tresnei buruz.

“Euskadi Basque Country, land of opportunities” standak lurraldearen indarra erakutsiko du elikaduraren arloan, eta bertan izango dira nekazaritzako elikagaien sektorearekin lotutako enpresa publikoak (Hazi, Neiker eta Elika), Nazioartekotzeko Euskal Agentzia eta Invest In Basque Country erakundeko taldea. Bestalde, F4F ekimenean euskal elikadura-ekosistemako beste agente batzuk ere izango dira, hala nola AZTI, Basque Food Cluster eta Tecnalia.

Eusko Jaurlaritzak hainbat tresna eskaintzen dizkie Euskadin instalatu nahi duten enpresei, besteak beste, babes- eta laguntza‑programak startupentzat, ikerketa‑zentroen sare garrantzitsu bat berrikuntzan aurrera egin nahi duten enpresa finkatuentzat, edo kokapenei, baldintzei, eta abarrei buruzko informazioa. Azken batean, elikadura-ekosistema egituratu bat, sektorearen erronka estrategikoetarako konponbide berritzaileak garatzen dituena, nazioarteko eragileekin dagoen lankidetza eta gaitasunak bizkortzen dituena, elikaduraren sektorea jasangarria, segurua, osasungarria eta berezia izan dadin.

Erakusketa-zatiaz gain, hedapen-zatian euskal enpresa publikoek hainbat hitzaldi eta konferentzia tekniko emango dituzte hiru egun horietan. Hitzaldi horietan, Neikerreko, Haziko eta Elikako adituek hainbat gairi buruz hitz egingo dute: datuen zientziaren aplikazioa nekazaritzan, jasangarritasuna, karbono‑aztarnaren murrizketa, kontsumitzaileen behar berrien azterketa, biosentsoreen teknologia eta adimen artifizialaren aplikazioa, besteak beste.

Euskadiko konferentzien agenda F4F-n

 

    • Maiatzaren 17an, 11:00etan: Neikerreko Landare Ekoizpena eta Babesa Saileko Gorka Landeras ikertzaileak AGRI-TECH: How is Digital and Data Science Transforming Agriculture and plant based industries” saioan hartuko du parte, eta nekazaritzako elikagaien prozesuak optimizatzea xede duten teknologien garapenaz hitz egingo du.
    • Maiatzaren 17an, 13:00etan: Neikerreko Animalia Ekoizpena Saileko Nerea Mandaluniz ikertzaileak “Agri-sus: sustainable and regenerative agriculture” saioan hartuko du parte eta azalduko du nekazaritza mota horrek bere barruan hartzen dituela aldaketa leheneratzera bideratutako nekazaritza‑ eta abeltzaintza‑praktikak.
    • Maiatzaren 17an, 13:00etatik 14:00etara: Elikakatea-Digitalizazioa, Biolan eta Inkoaren kasuak, RIS3 Euskadi Elikadura Osasungarria gidaritza-taldeko Nazioartekotzea lantaldearen eskutik (Hazi, Azti, Neiker, Tecnalia, Elika, Elikaduraren Clusterra eta Innobasque).
    • Maiatzaren 17an, 17:30ean: Neikerreko Baliabide Naturalen Kontserbazioa Saileko Haritz Arriaga ikertzaileak karbono-isuriak murrizteko elikaduraren industriak egin beharreko ekintzei buruz hitz egingo du “Targeting Zero Carbon in Food”
    • Maiatzaren 18an, 13:00etatik 14:00etara: Elikadura Sistema seguruak eta jasangarriak, Zunibalen kasua, RIS3 Euskadi Elikadura Osasungarria gidaritza-taldeko Nazioartekotzea lantaldearen eskutik (Hazi, Azti, Neiker, Tecnalia, Elika, Elikaduraren Clusterra eta Innobasque).
    • Maiatzaren 18an, 16:30ean: Doitasunezko Nekazaritzaren ikertzaile aditu Asier Uribeetxeberriak “Agroecology II: Transition to a sustainable production. Reducing the impact of production enhancers” saioan honako hau azalduko du: zer den nekazaritza ekologikoa eta nola murritz daitekeen ekoizpenaren indartzaileen inpaktua egungo ekoizpen-ereduan alternatiba adimendunak erabilita.
    • Maiatzaren 19an, 13:00etatik 14:00etara: elikadura osasungarria, Angulas Aguinaga eta Befoodlab-en kasuak, RIS3 Euskadi Elikadura Osasungarria gidaritza-taldeko Nazioartekotzea lantaldearen eskutik. (Hazi, Azti, Neiker, Tecnalia, Elika, Elikaduraren Clusterra eta Innobasque).

Elikadura sektorearen txostena:

Lotutako albisteak

Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Vascolacek bigarren bizitza ematen dio gatzurari
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Jauregik i-DE enpresaren egoitza nagusia bisitatu du, bertako profesionalei GOIDI Valentziatik igaro ondoren hornidura berrezartzeko emandako laguntza eskertzeko
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Energia Klusterrak aurreikusten du Euskadin 6.000 enplegu baino gehiago sortuko direla 2040an sektore eoliko flotatzailean
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Mikel Jauregi sailburuak ITP Aero bisitatu du, motor aeronautiko efizienteagoen eta jasangarriagoen fabrikazioan nazioarteko liderra den euskal enpresa
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak