Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 31 maiatza, 2022 Ingurumen-jasangarritasuna

Mondragon Unibertsitateak Europako iSTORMY proiektuaren lehenengo topaketa presentziala antolatu du, non hamabi erakundek osatutako partzuergo batek energia biltegiratzeko irtenbide berritzaileak bilatzen dituen

Ikerketa-proiektu horrek, zeina 2024ko uztailera arte luzatuko den, 3,4 milioi euroko aurrekontua du, eta sei herrialdek hartuko dute parte

Trantsizio energetikoak aurre egin beharreko erronketako bat da jatorri berriztagarria duten iturriak modu masiboan integratzea sare elektrikoetan. Balantze energetikoa ziurtatzea erronka bat da, iturri horien bidez sortutako energia oso aldakorra baita; hortaz, energia biltegiratzeko irtenbideen inguruko ikerketa funtsezkoa da hornidura elektriko egoki bat bermatzeko. Europar Batasunak badaki zein garrantzitsuak diren ikerketa horiek trantsizio energetikorako, eta babesten duen proiektuetako bat, zeinetan sei herrialdetako hamabi erakundek parte hartzen duten, iSTORMY deitzen da. Horrek 3,4 milioi euroko aurrekontua eta hori gauzatzeko lau urteko epea ditu.

Europako ikerketa- eta berrikuntza-proiektua da iSTORMY eta 2020ko abenduan hasi zen garatzen, sistema elektrikoen erronka berriei aurre egiteko, energia berriztagarrien iturriek gero eta pisu handiago baitute horietan. Energia hibridoa eta molekularra biltegiratzeko sistema baten garapenaren bidez egiten du hori, sare elektrikoarekin elkarreragiteko gai dena, zerbitzu ugari eskaintzeko.

Lehenengo bilera presentziala

Proiektuan parte hartzen duen erakundeetako bat da Mondragon Unibertsitatea, eta atzodanik proiektuaren laugarren Batzar Nagusia egiten ari da. Mondragon Unibertsitateko Energia Elektrikoaren Taldeko ikertzaileak, aldi berean proiektuaren lan-paketeetako bateko buruak direnak, dira Arrasaten egingo den Batzarraren antolatzaileak. Proiektua hasi zenetik kolaboratzaileek egingo duten aurreneko topaketa presentziala da, eta azken sei hilabeteetan egindako aurrerapenak partekatzea eta etorkizuneko helburuak zehaztea da helburua.

Aurreneko hilabeteetan, energia biltegiratzeko hainbat teknologiaren modelaketan eta  karakterizazioan zentratu da proiektua, bateria elektrokimikoetan oinarrituta, eta soluzio hibrido bat diseinatu da, sarera konektatuko dena erraz eskalatu eta konfiguratu daitekeen bihurgailu modularreko topologia baten bidez. Gainera, Energia Elektrikoaren taldeak energia kudeatzeko estrategia berri bat proposatu du, sare elektrikorako askotariko zerbitzuak eskaintzeko.

Bazkideak eta Mondragon Unibertsitatea

Batzarrean proiektuko bazkideek hartuko dute parte. Mondragon Unibertsitateaz gain, han izango dira Cegasa Energia, Zigor enpresa, bai eta Frantziako, Belgikako, Herbereetako, Eslovakiako eta Austriako bazkideak ere –erakundeak eta unibertsitateak–. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ikerketa-proiektuan duen zereginak Energia Elektrikoaren Taldearen esperientziak eskaintzen duen bermea du; izan ere, ibilbide luzea egin du korronte alternoko nahiz korronte jarraituko sistema elektrikoak modelatzen, aztertzen eta kontrolatzen, energia biltegiratzeko sistemak aplikazio egonkorretan dimentsionatzen eta integratzen, eta potentziako bihurgailu elektronikoak kontrolatzen eta diseinatzen.

Duela gutxi arte, biltegiratze-sistemen inguruko I+Garen zati handi bat baterien kimika berrien bilaketan edo aplikazio jakin baterako optimizatutako baterien soluzioetan zentratu da. iSTORMYren ardatza irtenbide modular eta elkarreragile bat garatzea da, potentziako elektronikan, energiaren kudeatzeko sisteman eta baterietan dauden berrikuntzak konbinatuz, eta bigarren bizitza bat izaten ari diren bateriak (beste erabilera batzuetarako aurretik erabilitako bateriak) erabiltzeko aukera barne hartuz.

Ezaugarri horiei esker, iSTORMY proiektuak mahaigaineratutako irtenbideak bizitza erabilgarri handiagoa, kostu txikiagoa eta malgutasun handiagoa izango ditu, lehendik dauden soluzioekin alderatuta. Gainera, garatutako soluzioa frogatzeko, benetako demostrazio-plataforma batean esperimentatuko da, sorkuntza fotovoltaikoko sistemak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioak eta bestelako aktibo energetiko batzuk erabiliz.

 

Lotutako albisteak

Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Vascolacek bigarren bizitza ematen dio gatzurari
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Jauregik i-DE enpresaren egoitza nagusia bisitatu du, bertako profesionalei GOIDI Valentziatik igaro ondoren hornidura berrezartzeko emandako laguntza eskertzeko
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Energia Klusterrak aurreikusten du Euskadin 6.000 enplegu baino gehiago sortuko direla 2040an sektore eoliko flotatzailean
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Mikel Jauregi sailburuak ITP Aero bisitatu du, motor aeronautiko efizienteagoen eta jasangarriagoen fabrikazioan nazioarteko liderra den euskal enpresa
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak