Euskal ETE honen aurkezpen txartela oso argia da: ingeniaritza- eta aholkularitza-enpresa bat da, bere baliabideak eta laguntza eskaintzen dituena bezeroak energetikoki eraginkorragoak izan daitezen, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena izan dezaten, eta indarreko legeria bete dezaten. Beti ere, diote Aztes-eko ordezkariek, enpresari balio erantsi bat emanez, hala nola energian aurreztea, irudia hobetzea edo bezeroen asebetetzea lortzea. 2014an Roberto Pérez de Arrilucea eta Nerea Alonsok sortua, Aztes-ek Arabako Teknologi Parkean du egoitza.
Ukrainiako gatazka dela eta, ez dakigu zein izango den energia-kostuen bilakaera. Une aproposa al da zuen enpresarentzat argiaren erreziboaren kostuak optimizatzeko proiektuak garatzeko edo horren inguruko kontsultak edo eskaerak egiteko?
Edozein une da ona begiak irekitzeko eta ulertzeko ezinbestekoa dela eraginkorrago izatea eta ingurumena zaintzea. Baina egia da energia- eta ingurumen-krisi honek patrikari eragiten diola eta horrek konponbideak bilatzera bultzatzen gaituela. Horregatik, dezente nabaritu ditugu gatazkaren ondorioak.
Nola definituko zenuke Aztes enpresaren jarduera?
Ingeniaritza- eta aholkularitza-enpresa bat gara: gure baliabideak eta laguntza eskaintzen ditugu bezeroak energetikoki eraginkorragoak izan daitezen, ahalik eta ingurumen inpaktu-txikiena izan dezaten, eta indarreko legeria bete dezaten, eta ahalegina egiten dugu balio erantsi bat emateko, hala nola energian aurreztea, irudia hobetzea, bezeroen asebetetzea lortzea, eskaera handitzea edo arriskuak gutxitu edo desagerraraztea.
Zure ustez, zeintzuk dira zuena bezalako ETE batek bere egunerokotasunean dauzkan zailtasun handienak?
Lehenik eta behin, ETE bati zaila egiten zaio bere hastapenak finantzatzea. Baina gero ideia berriak sortzen dira, proiektu berritzaileak, eta enpresa txiki batentzat zaila da horrelako proiektuak garatzea, ez daukalako horretarako baliabiderik. Lehia ere zailtasun handia izaten da, baina arazoa ez da lehiakideei aurre egin behar izatea, baizik eta zenbait enpresak prezioak atalasetik behera jaisten dituztela merkatua bereganatzeko eta lehiakideak baztertzeko. Hori dela eta, sektoreko zerbitzuek balioa galtzen dute edo legeria betetzeko tramite soil bilakatzen dira. Gurea bezalako enpresa baten helburua da ahalik eta zerbitzu onena ematea bere bezeroei, hurbila eta balio erantsiduna, eta euren espektatibak gainditzea.
Eta zeintzuk dira ETE batek ematen dituen poz handienak?
Batetik, zuk zeuk egiaztatzea gauzatu dituzun proiektuen emaitzak, ikustea merezi izan dutela bai erabilitako baliabideek eta bai egindako ahaleginak; eta bestetik, jakitea bezeroak gustura daudela eta berriz ere gurekin kontratatu nahi dutela.
Enpresa batek edo administrazio publiko batek zuen zerbitzuak kontratatzen dituenean, zer eskatzen dizuete gehien?
Une honetan energetikoki eraginkorragoak izan nahi dute kostuak aurrezteko eta energia eta ingurumen arloetako indarreko legeria betetzeko. Indarreko legeriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu du energia jasangarritasunari buruzko araudi bat, eta hark bultzaturik, enpresak, erakunde publikoak nahiz etxebizitza sektorea konponbide bila dabiltza energetikoki eraginkorrago izateko eta ingurumena zaintzeko.
Posible da ETE edo mikroETE bat izanik energia-kostuetan aurreztea hasiera-hasieratik?
Energia eraginkortasunarekin zerikusia duen edozein ekintzak aurrezten ditu kostuak, beste kontu bat da ekintza hori noiz amortizatzen den. Hiru motatako ekintzak bereizten dira. Batetik, kosturik gabeko ekintzak daude, berehala inplementatzen direnak. Askotan uste baino ohitura txarragoak dauzkagu, behar baino gehiago kontsumitzera bultzatzen gaituztenak. Argindar edo gas fakturak optimizatuz ere kostuak aurrezten dira, baina ez kontsumoak, eta garrantzitsua da hori bereiztea. Bigarrenik, badaude epe oso laburrean (hilabete bat edo bian) kostuen aurrezki handiak ematen dituzten inbertsio txikiak. Eta hirugarrenik, badira baita ere ahalegin handia eskatzen duten ekintzak; horrelako ekintzak amortizatzeko denbora gehiago behar da, baina guztiz errentagarriak dira, eta normalean aurreko bi ekintza-motekin baino askoz gehiago aurrezten da.
Eta zenbateko aurrezkiez ari gara?
Kosturik ez duten ekintzez ari bagara, bezeroaren araberakoa izango da. Batzuek % 30erainoko aurrezkiak lor ditzakete, eta beste batzuek % 10ekoak. Badira kontuan hartu beharreko beste hainbat faktore ere: zuzendaritzak baduen ingurumenarekiko kontzientziarik edo energia eraginkortasunaren arloko ezagutzarik, langileen zein portzentajek duen ingurumenarekiko kontzientzia, enpresa barruan badagoen zeregin horietara bideratutako langilerik, egin ote den lehenago energia eraginkortasunarekin lotutako lanik, eta abar.
Aipa zenezake azkenaldian garatu duzuen proiektu garrantzitsuren bat?
EcosUrban proiektua garatu dugu, hiri hondakinak ongi kudeatzeko neurrira eginiko aplikazio bat, zeina lagungarri baita hondakin horiek kudeatzen dituzten enpresentzat ere. Aplikazio hori izen horrexekin ezarri dugu Araba eta Bizkaian, bai eta Euskadiko nahiz Errioxako hainbat udalerritan, eta beste lurralde batzuetara ere zabaldu nahi dugu. Bestalde, bere garaian ekonomia zirkularreko Bizia proiektua sortu genuen, zeina saritua izan baitzen, eta beste hainbat proposamenetan ere parte hartu dugu, esaterako Koroatzea auzoko SmartenCity ekimenean. Une honetan, Ekontzi proiektuan murgilduta gaude. Proiektu horren helburua da nekazaritza eta elikadura industriako hondakinak aprobetxatzea -adibidez, bertako produktuak diren patata edo erremolatxa hondarrak- bioplastikozko produktuak egiteko.
Atzera begira jarrita, zerk bultzatu zintuzten Nerea Alonso bazkidea eta zu 2014an Aztes sortzera?
Gustuko dugun lanean aritu nahi izateak eta gure bezero izango zirenei laguntzeko gogoak.
1etik 10erako eskala batean, zenbateraino da zaila zuen ibilbide berezi hau?
Enpresa bat sortu eta mantentzea errusiar mendi baten modukoa da. Egun batzuetan oso goian zaude, eta beste batzuetan gogoa duzu dena bertan behera uzteko, hau da, batean mutur batean zaude eta hurrengoan bestean. Baina orokorrean oso pozik gaude, batez besteko nota gisa oso ongi bat jarriko nioke geure buruari. Eta esango nuke sentsazio hori akuilu bat dela hain arriskutsua den erosotasun-eremuan ez gelditzeko… Uste dugu hazi ahal izateko berritu egin behar dela, eta berritzeko erosotasunetik irten beharra dagoela, eta horretarako ezinbestekoa da zailtasun eta oztopo ugari gainditzea.
Abiatuko zinateke berriro ere hasieratik?
Jakina! Baina lezio batzuk ikasita.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?