BRTA partzuergoak (Basque Resecar & Technology Alliance) ikerketen emaitzen balorizazioari buruzko jardunaldi batzuk eskainiko ditu Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan. Uztailaren 18 eta 19an Donostiako Miramar Jauregian egingo den ekitaldi horretan laguntza emango zaie bertaratuei ikerketa-espazioetan sortzen den ezagutza identifikatu, babestu eta ustiatzeko, helburutzat hartuz ezagutza horren inpaktua hobetzea.
BRTA duela hiru urte sortu zen, Eusko Jaurlaritzak eta bere menpeko SPRI enpresen garapenerako agentziak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 16 eragile zientifiko-teknologikok sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez. Bere helburu nagusia da lankidetza-dinamika bat finkatzea Euskadik etorkizunean izango dituen erronka teknologiko eta industrialei aurre egiteko, eta baita ere nazioartean duen posizionamendua hobetzeko.
Udako ikastaro hauetan hizpide hartuko dira ikerketa-espazioetan sortzen den ezagutza identifikatu, babestu eta ustiatzeko bideak, lan konplexua baita, eta eragile bat baino gehiagoren arteko elkarreragina eta lankidetza eskatzen duena. Horregatik, BRTAk bi eguneko topagune bat proposatzen du, elkarrekin partekatzeko prozesu horiek hobetuko dituzten gaitasunak, tresnak eta ezagutzak. Jardunaldi horietan inguruko ekosistemaren ereduak landuko dira, kanpoko adituen laguntzarekin eta eragile desberdinen ikuspuntutik abiatuta.
Jardunaldi bakoitzak gai nagusi bat izango du: batak, ikerketa-zentroetako jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketa eta, besteak, oinarri teknologikoko enpresa berrien sorkuntza balorizaziorako bitarteko esanguratsu gisa.
Bi jardunaldien helburua da elkarreragina bultzatzea berrikuntzako ekosistemako eragileen artean, balorizazio-prozesu onenak sustatzeko, eta, era berean, ikasleei gaitasunak eta tresnak eskaintzea jabetza intelektual eta industrialaren kudeaketa hobetzeko. Baita ere aztertuko dira oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko bideak.
Ekitaldia bereziki zuzentzen zaie unibertsitateko ikasle eta irakasleei, profesionalei, ikertzaileei nahiz teknologoei.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?