Bronymec Elgoibarren kokatutako ETE bat da, plastikozko piezak mekanizatzen dituena energia, burdinbideak, farmazia, elikadura eta makina-erreminta bezalako sektoreentzat. Duela 27 urte sortutako enpresa honen epe laburreko erronketako bat da pieza arinduak egitea fabrikazio gehigarria erabiliz. Bronymec-ek SPRI Taldearen laguntza jaso du Basque Digital Innovation Hub-ek martxan jarritako BDIH Konexio programaren bidez, zeinak euskal ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, probak egiteko eta produktuak baliozkotzeko.
Agustín Cristóbalek 1995ean sortu zuen konpainia hau burdinazkoak ez diren metalak banatu eta mekanizatzeko, eta 1997an metalezko piezetatik plastikozkoetarako trantsizioari ekin zion. “Gaur egun horixe da gure negozio-ildo nagusia: gure fakturazioaren % 80 plastiko teknikoen eta compositen mekanizatutik eta banaketatik dator” azaldu du Ander Cristóbal kudeatzaileak, aitak sortutako familia-enpresa honen egungo arduradunak.
Hala, 2012an bulego teknikoa sortu zuten, “ikusi genuelako bezeroari lagundu behar geniola metaletik plastikorako trantsizio horretan. 80tik gora polimero formulazio lantzen ditugu, eta zaila egin zitzaigun aplikazio bakoitzerako material aproposena aurkitzea”. Gaur egun bost pertsona dauzkate ingeniaritza arloan lanean. “Aplikazio bakoitzerako material termoplastiko onena aukeratzeko prozesu hori da gure nortasun ikurra”.
Gainera, enpresak eboluzionatu egin du eraldaketa prozesuan, eta duela bi urte fabrikazio gehigarriaren munduan murgildu zen, “polimeroz eginiko 3D piezekin. Gaur egun ia ez dugu ezer egiten metalarekin”.
Bronymec-en bezero nagusiak energia, burdinbide, farmazia, elikadura eta makina-erreminta sektoretakoak dira. Geometria eta tamaina desberdinetako termoplastiko eta compositezko piezak eskaintzen ditu. “Makinen osagaiak dira, baita ere frikziorako piezak (zorroak) edo deslizagailuak. Eta tapoi baten nahiz mahai baten neurrikoak izan daitezke. Bereizten gaituena materiala da, polimero eta compositen mekanizatuko zerbitzu espezifiko bat garatu dugu”.
Enpresak 21 pertsona dauzka plantillan, eta aurtengo fakturazioa 4,3 milioikoa izango da, horietatik % 27 esportaziotik datozelarik. Bere produktuak 12 herrialdetan daude, nagusiki Frantzia, Suitza, Italia eta Alemanian, “baina baditugu bezeroak Amerikan eta Marokon ere”. Fabrikazio gehigarria “oso ongi ari da funtzionatzen. Fabrikazio gehigarrirako diseinu espezifikoan (ingelesez DfAM) bereizi nahi dugu. Badauzkagu soilik horretan diharduten langileak”.
SPRI Taldearen BDIH Konexio programako laguntza fabrikazio gehigarrira bideratu da, eta konpainiak hiru etapatan egituratzen du prozesu hori: diseinua, fabrikazioa eta prozesatu ostekoa. “Prozesatu ostekoan, aurrerapen handiak egin dira mundu mailan denbora gutxian. Gu prozesatu osteko funtzionalak ikertzen ari gara, osagaiaren propietateak hobetzeko helburuarekin. Tekniker-ekin harremanetan jarri ginen baldintza tribologikoak hobetu nahi genituelako, hau da, marruskadura-propietateak, frikzio-koefizientea eta higadurarekiko erresistentzia. Ohartu ginen inork gutxik ikertu duela arlo hori, eta kontzeptu-probak egin genituen ikusteko zein teknologiak ematen zuen emaitza onena”. Proiektuaren helburua izan da zimurtasuna eta estaldurak hobetzea higadurarekiko erresistentzia optimizatzeko. “Dagoeneko bukatuta dago, eta piezetan aplikatzen ari gara”.
Konpainiaren erronka nagusia haztea da, “Europako lehiakideen tamainara hurbiltzeko”. Hala, 2026rako helburutzat hartu dute 6,5 milioi euroko fakturaziora iristea, heren bat esportatzea eta plantilla 28 langilera handitzea.
Negozioari dagokionez, polimero eta compositen mekanizatuan eboluzionatzen jarraitzeaz gain, fabrikazio gehigarrian zentratuko dira. “Diseinu eraginkorrenera bideratu nahi dugu: pieza arinduak egin nahi ditugu eraginkorrago izateko. Dagoeneko badaukagu Luma izeneko zerbitzu bat, oso ongi funtzionatzen ari dena”.
Badago epe ertaineko beste ildo bat ere: poliimida edo prestazio oso altuko plastikoena. “Arlo industrialean ezagutzen den material polimeriko aurreratuena da”. Sektore zehatz batzuetara zuzentzen da, hala nola hauetara: sektore aeroespaziala, hidrogenoa eta huts ultra-altua, hau da, partikula azeleragailuen eraikuntzatik fusio nuklearreraino doana.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?