Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 26 uztaila, 2022 Berrikuntza spri komunikazioa

2.000tik gora lanpostu eta 24 milioi eurotik gorako inbertsioa da kooperatibek Lea-Artibain eta Busturialdean egindako ekarpena

Hala erakusten dute Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaia Elkarteko kide diren kooperatiba industrialek bildutako 2021eko ekitaldiko datuek: Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier.
Kooperatiben Mahai Elkartearen irudia

Munduan kaosa eragin duen pandemia baten ondorioz urte zailak igaro ondoren, Mahaia osatzen duten kooperatiba industrialen 2021eko ekitaldiko datu ekonomikoak bildu ditu Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaia Elkarteak, euren inguruari egiten dioten ekarpena ezagutzeko. Txostenetik ateratako datuek erakusten dute Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maierrek eragin handia dutela Lea-Artibai eta Busturialdeako gizartean eta ekonomian.

  • Lanpostuak 2.123, hauetatik 763 emakumeak dira, % 36.
  • Bazkideak 1.800 (% 84,78), hauetatik 549 emakumeak dira, % 30,5.
  • I+D+B gastua (salmentekiko) azken urtean 11 milioi eurokoa izan da (10.943.621,80€), % 2,13.
  • Fakturazioa 513.785.061€
  • Eskualdeko produkzio zentroetan egindako inbertsioa ia 25 milioi eurokoa izan da (24.767.270€)
  • Formakuntzara bideratutako ordu kopurua: 24.201

Nazioartekotzea azpimarratu beharreko beste alderdietako bat da, Mahaia osatzen duten kooperatiba industrialek 20 lantegi baitituzte nazioartean: Txekiar Errepublika, Eslovakia, Errumania, Txina, India, Mexiko, Polonia, Alemania, Erresuma Batua, Italia eta Indian kokatuta. Gainera, 2021ean salmentetan egin zituzten 500 milioi euroetatik % 87,26 esportazio-salmentak izan ziren.

Eskualdeetan errotuta

Txostenak, gainera, industria-enpresa horiek Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan duten eragina frogatzen duten beste datu batzuk aurkezten ditu, bai eta ingurunearekiko duten lotura ere. 2021ean, kooperatibek 15 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten bi eskualdeetako enpresen produktuak eta zerbitzuak kontratatzera, eta beste 1,4 milioi euro inguruko garapen ekonomiko eta sozialerako KOFIP funtsetara. Kooperatibetan euskararen presentzia ere oso esanguratsua da, izan ere, industria enpresa horietako langileen % 90ak euskara ezagutzen du, eta datu horrek berebiziko garrantzia du euskararen aldeko apustu handia egiten duten erakunde horientzat, bai euskararen plan eta batzordeen bitartez, eta baita elkarrekin antolatzen dituzten euskararekin lotutako jardueren bitartez. Hala erakusten dute erakunde horietako batzuek lortutako BIKAIN ziurtagiriek eta Lauaxeta eta Abadia sariek.

Ingurumenarekiko konpromisoa

Berotze globala errealitate bat da, eta haren ondorioak ikus daitezke jada; horregatik, Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maierrek, ISO 14001 Ingurumen Kudeaketaren ziurtagiria dute, industria-enpresa horiek ingurumenarekiko duten konpromisoa frogatzen duena.

ISO 14001:2015 arauaren eskakizunak erakunde bakoitzaren lan-inguruneak, garatzen duen industria-prozesuak eta bere prozesuek ingurumenari eragiten diotela onartzeko konpromiso-mailak baldintzatzen dituzte.

Lea-Artibai y Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartea

Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier kooperatiba industrialez gain, Laboral Kutxa ere Kooperatiben Mahaiko kide da.

2003an, erakunde horiek indarrak batzea erabaki zuten, talde-lanari ekiteko helburuarekin, eta 2008an Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zuten, Leartibai Fundazioaren laguntzarekin, lankidetza-mahai hori dinamizatzeko.

Urte hauetan zehar, Mahaiak 61 kooperatiba berri sortzen lagundu du Lea-Artibai, Busturialdea, Durangaldea eta Debabarrena eskualdeetan, eta horietako 38k, guztira, ia 400.000 euroko zuzkidura ekonomikoa jaso dute hasierako inbertsioak finantzatzeko.

Hala ere, kooperatiba berriak sustatzeaz gain, 2017an Mahaiak urratsa berri bat ematea erabaki zuen, ordura arte egiten zuten ekarpena areagotu eta TALENTATU proiektua abiarazi zuten, bi eskualdeen eraldaketa soziala bultzatzeko asmoz. Egitasmo honen ardatz nagusia eskualdeetan talentua sortzea, erakartzea eta mantentzea da: ikasleen artean STEAM ikasgaiak sustatzea (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics), eskualdea ezagutaraztea, nortasun-sentimendua lantzea, inguruko industria-sareari buruzko informazioa ematea eta enpresek lanbide-profilei dagokionez dituzten talentu-beharrak azaltzea.

Horretarako, eskualde horietako 25 ikastetxetako 2.000 ikasle baino gehiagok (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) jarduera ugari egiten dituzte ikasturtean zehar: kooperatibetara eta enpresetara bisitak, kooperatibetako bazkideen bisitak ikasgeletara, hitzaldiak, kooperatibetan egun bateko egonaldiak, udalerrien arteko trukeak, erronkak ebaztea, inguruko emakume zientzialariei bideo-elkarrizketak, Zientzia eta Teknologiaren Eguna, etab.

Aipatutako datuek eta inguruko kooperatibek egiten dituzten jarduerek argi eta garbi erakusten dute erakunde horiek beren eskualdeetan duten eragina eta ekarpena. Urtez urte, inguruaren eraldaketa sozialerako ekarpena indartzen ari dira.

Lotutako albisteak

25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eximportek irtenbide itsasgarriak eta urratzaileak eskaintzen ditu automobilgintza, trenbide edo energia berriztagarriak bezalako sektoreetarako
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Berrikuntza
SPRI, Budapesten egiten ari den SME Assembly 2024an parte hartzen ari da
Irakurri gehiago
18 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Solve Wind itsas eolikarako gabarra garatzen ari da
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Berrikuntza
‘ekinBarri 2024’ enpresa-topaketak Bizkaiko enpresa-garapenaren eta lehiakortasunaren erdigunean jarriko ditu pertsonak
Irakurri gehiago
8 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Euskadiko ITS Batzarraren 15. edizioa jasoko du Bilbok, mugikortasunari buruzko enpresen urteroko hitzordua
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak