Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 27 uztaila, 2022 I+G

CTECHnano: “Gure bezeroek beren materialaren portaera hobetu edo alda dezakete gure teknologiaren bitartez”

Enpresa donostiarrak estaltze-prozesuak garatzen ditu Geruza Atomikoen bidezko Deposizio (ALD) teknikaren bidez. Teknologia hori maila industrialean aplika daiteke hainbat sektoretan, hala nola mikroelektronikan, energian, optikan, bioteknologian, bitxigintzan, automozioan, etab.
Catalina Mansilla, CTECHnanoko zientzialari seniorra

Mota guztietako materialen azalera estaltzea, horien funtzionaltasunak eta propietateak hobetzeko edo aldatzeko, industriarentzat balio handia izan dezakeen prozesua da. Gainazala UV erradiaziotik edo oxidaziotik babestea, erresistenteagoa bihurtzea edo lehen ez zuen propietateren bat ematea dira prozesu horiek dakartzaten abantailetako batzuk, eta horretan zentratzen da CTECHnano enpresa donostiarra, prozesu horiek garatzen dituzten ekipoak diseinatu eta fabrikatzeaz gain, bai ikerketa-laborategi mailan, bai maila industrialean.

Horretarako, enpresak Geruza Atomikoen bidezko Deposizio (ALD) teknika erabiltzen du, zeinak, aldi berean, beste bi bariazio dituen: Geruza Molekularren bidezko Deposizioa (MLD) eta Lurrun Faseko Infiltrazioa (VPI). “Gaingiroki, ALDa lamina meheak gainazal batean ezartzeko erabiltzen den teknika kimikoa da”, Catalina Mansilla CTECHnanoko zientzialari seniorrak azaldu duenez. “Prozesu horretan, ezarpen hori lurrun-fasean (CVD) egiten da, eta, horren ondorioz, erreakzio kimikoa bi azpierreakziotan banatzen da. Horrela, gasak bereizita mantentzen dira, eta sekuentzialki sartzen dira. Horri esker, estaldurak geruza-geruza hazten dira eta hazkundea maila atomikoan kontrolatzea ahalbidetzen dute, mota guztietako substratuetan uniformetasun handia lortuz (hautsa, zuntzak, 3D, itxura erlazio handia dutenak, porotsuak, etab.).

Teknika honen abantaila handietako bat da industria-mailan erabil daitekeela, kostu txikiko ekoizpen masiboarekin, substratua eraginkortasun handienarekin estaltzeko behar den material-kantitate txikiaren ondorioz. Izan ere, Mansillak dioenez, “estalduren lodiera-tartea 1 eta 500 nanometro bitartekoa izaten da”.

ALD-a bezala, Geruza Molekularren bidezko Deposizioaren teknika (MLD) ere modu sekuentzialean gertatzen da, baina maila molekularrean. Oraingoan, zati molekular bat ziklo bakoitzean ezartzen da. “Teknika hau oso erabilgarria da kate polimerikoak eta material hibridoak (polimero-konposatu ez-organikoak) jartzeko”, zehaztu du adituak. Eta, azkenik, Lurrun Faseko Infiltrazioa (VPI) izenekoa dago. “Teknika hori erabiltzen denean, gasak azaleraren azpian dauden eskualdeetan sartzen dira, eta eskuragarri dauden talde funtzionalekin (adibidez, atomoa edo atomo-multzoa, kate karbonatu bati lotuta) erreakzionatzen dute . Horrela, propietate fisiko edo kimiko interesgarriak dituzten materialen nahasketak egiteko aukera ematen du”, zehaztu du Mansillak.

Teknologia bat, aplikazio amaigabeak

CTECHnanoren teknologia sektore ugaritan aplika daiteke: mikroelektronikatik hasi, non ALD teknika modu konbentzionalean erabiltzen den maila industrialean, eta energiaren, optikaren, bioteknologiaren, ontzien, bitxigintzaren, automobilgintzaren eta abarren sektoreetara arte. Adibidez, gaur egun, funtzio anitzeko ehun aurreratuak garatzen dituen proiektu batean dihardu enpresak, hau da, “ehun natural batek propietate hobetuak izatea eragiten dugu, kasu honetan, antimikrobianoa eta bakarrik garbitzeko gai dena izatea. Propietate horiek VPI infiltrazioa erabiliz lortzen ari gara, lehen aipatu dugun teknika”, argitu du adituak.

Era berean, hainbat motatako polimero birziklatuak UV erradiaziotik babesteko proiektu batean lanean ari da. Horrela, materialak kanpoan erabili ahal izatea lortu nahi da, haien ingurumen-degradazioa murriztuz eta haien bizitza-denbora luzatuz. “Horrez gain, bukatutako bi proiektu nabarmendu nahi nituzke, bata leihoetako beirak estaltzea eta fotokatalitikoak izatea helburu zuena, eta bestea kartoia erresistenteagoa izatea helburu zuena”, gaineratu du Catalina Mansillak.

Bezeroak, oro har, teknologia eta bere abantailak ezagutzen dituzten nazioarteko enpresak dira, nahiz eta I+Gn inbertitzen duten bezero nazional edo lokal handiak ere badituzten. “Azken horiek, teknika ezagutzen ez zuten arren, zer onura ekar diezazkiekeen ikusten jakin dute”, dio adituak. 2021ean, adibidez, proiektu bat egin zuen Danobatekin batera, SPRI Taldearen Bind 4.0 programaren barruan. “Estaldura hidrofobikoak eta oleofobikoak jartzearekin lotuta zegoen. Beren prozesuetan erabiltzen zituzten pieza batzuen beirak estaltzea zen asmoa. Zalantzarik gabe, proiektu interesgarria izan da, eta asko ikasi dugu materialei eta inplikatutako prozesuei buruz”, CTECHnanoko zientzialariaren esanetan.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.

Lotutako albisteak

6 Azaroa, 2024 I+G
Ibarmia: “Abangoardian egoteko eta prestazio handiko makinen fabrikazioan erreferente izateko lan egiten dugu”
Irakurri gehiago
30 iraila, 2024 I+G
Orai: “Adimen artifizialerako gure neurona-eredua euskarazko aurreratuena da ingurune eskalagarrietarako”
Irakurri gehiago
26 ekaina, 2024 I+G
HINEk 50. urteurrena ospatuko du sistema hidraulikoetako munduko lider gisa
Irakurri gehiago
19 ekaina, 2024 I+G
Pospoloak eta aterkientzako egiturak egitetik, automobiletarako motelgailuak eta norabide-zutabeak egitera
Irakurri gehiago
17 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Paturpat: “Produktu naturala egiten dugu, patatarekin errezetak egitean denbora eta kostuak murriztea lortzen duena”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak