EKIN Zornotzako enpresa bat da, munduko hiru liderretako bat bihurtu dena automobilgintzaren eta aeronautikaren sektoreetarako goi teknologiako brotxen fabrikazioan. 300 langile dituen konpainia honek bere salmenten % 80 esportatzen du. EKIN enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Basque Digital Innovation Hub-ek martxan jarritako BDIH Konexio programaren bidez, zeinak euskal ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, probak egiteko eta produktuak baliozkotzeko .
Zornotzako hainbat ekintzailek sortu zuten enpresa 1963an. Ekintzaile horiek inguruan lan egiten zuten tresna fabrikatzaile batekin “eta aukera ikusi zuten jarduera hori eta bere ezagutza garatzeko. Kooperatiba bat sortu zuten inportatutako produktu batekin -brotxak- lan egiteko”, diosku Josu Rodríguezek, EKIN-eko CEOak.
Enpresa haziz joan zen brotxen fabrikazioarekin; brotxak automobilgintza sektorerako ebaketa-erreminta batzuk dira, txirbil-harroketa bidezko piezen barruko eta kanpoko ildoketarako erabiltzen direnak. “Enpresak eboluzionatu egin zuen eta erreminta-sorta zabal bat eskaintzen hasi zen hainbat aplikaziotarako konfigurazio biribil eta lauekin eta kremailerekin.
80ko hamarkadaren erdialdera konpainiak beste negozio-nitxo bati ekin zion, hots, makina-erremintari, eta brotxaketarako eta ijezketarako makinetan espezializatu zen, makina horiexek erabiltzen baitituzte bere tresnak. “Akordio bat lortu zen talde japoniar batekin teknologia hori txertatzeko. Ez gara ohiko tresna-fabrikatzaile bat, gure asmoa ez baita bakarrik tresna saltzea, baizik eta konponbide onenak eskaintzea bezeroari, aurrera eginez konponbide eraginkorrago eta ekologikoagoetarantz eta lehorrean brotxatzeko makinak txertatuz”.
Hurrengo mugarria 2010ean iritsi zen, Igorreko enpresa lehiakide bat, Ebay, gure konpainian integratu zenean. “Gure gaitasunak batu eta brotxen arloko lider bihurtu ginen Estatuan, gainera, gai izan ginen merkatu-aukera berriak sortzeko”. 2011n produkzio-lantegi berri bat ireki genuen Mexikon, eta hurrengo hiru urteetan lantegi bana Indian eta Brasilen. “Nazioartean zabaltzeko erabakia hartu genuen tokiko presentzia behar genuelako gune jakin batzuk estaltzeko, eta hartara, gure bezeroei konponbide onenak eskaintzeko.
Brasileko lantegia handik urte batzuetara itxi zen eta orain lau produkzio-zentro ditugu: atzerrian, Mexiko eta Indiakoak, eta hemen Zornotza eta Lemoakoak, azken hori tratamendu termikoan zentratua.
Automobilgintza (ibilgailu komertzialak nahiz bidaiariak garraiatzekoak eta baita ere ibilgailu industrialak), aeronautika, energia eta esku-tresnen sektoreetarako lan egiten du. Merkaturatzen dituen produktuak dira konfigurazio eta aplikazio desberdinetako brotxak, eta baita ere produktu horiek erabiltzeko makina-erreminta.
Kooperatiba honek 300 langile inguru ditu eta aurten 20 milioi euro inguru fakturatuko ditu iazko 17 milioien aldean. Negozioaren % 6 bideratzen du I+G-ra. % 80 inguru esportatzen du batez ere Alemania, Frantzia eta Ekialdeko Europara, eta horri gehitu behar zaizkio Mexiko eta Indiako tokiko salmentak.
SPRI Taldearen BIDH Konexio programaren laguntza baliatuko du higatutako moleten erregeneratuak eta makinako akatsak gutxitzeko prozesua optimizatzeko. Gainera, hobetu egingo da profilen programazioa eta zuzendu aurreko zuzentzaileak aplikatuko dira, material gutxiago alferrik galduko da eta prozesuaren errentagarritasuna areagotuko da.
Konpainiaren erronkak dira produkzioa birdefinitzea etorkizunerako, produktibitatea eta baliabideak hobetuz. “2023-2025 plan estrategikoan murgilduta gaude eta asmoa dugu hazten jarraitzeko, ez bakarrik bolumenean, baita ere balioan. Balio handiagoa eskaintzen duten produktu berriak aztertzen ari gara eta makinen dibisioko jarduera ere garatu nahi dugu. Energia sektorerako konponbideak indartu nahi ditugu, eta baita ere automobilgintzakoak, horixe baita gure sektore naturala, eta elektromugikortasuna bultzatu nahi dugu aukera berri bezala”. EKIN-ek dagoeneko saltzen ditu bizikleta elektrikoetarako brotxa eta makinak.
Hori guztia kooperatibismoaren baloreei eutsiz, “hala nola elkartasuna eta lankidetza, eta fundatzaileen espirituari jarraituz, hau da, aberastasuna sortzea gure inguruan”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?