Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 26 urria, 2022 Basque Trade & Investment Nazioartekotzea

Arantxa Tapia: “Euskadik bere merkatu-nitxoa sortu behar du Asian”

Sailburuak inauguratu du INTERGUNE 2022, gaur eta bihar BECen egingo den euskal enpresen nazioartekotze foroa, zeinak bere baitan biltzen baititu industria eta zerbitzu arlo guztietako konpainia, kluster, finantza-erakunde eta instituzioetako 600 profesional, eta nazioarteko bokazioa duen talentu gaztea
  • Tapiak Asian zabaltzearen garrantzia nabarmendu du, azalduz aurten bulego komertzial bat ireki dela Japonian, eta hemendik gutxira beste bi irekiko direla, bata Korean eta bestea Turkian.
  • -Fitch Solutions konpainiako ekonomia globaleko aditu Daniele Fraietta-k jakinarazi du ekonomia globalaren hazkundeak desazelerazio handia jasango duela 2023an, baina ez dela izango atzeraldirik
  • -“Emakumea eta nazioartekotzea” mahai-inguruan argi geratu da behar-beharrezkoa dela emakumeei ikusgarritasun handiagoa ematea eta enpresen kontratazioetan genero-ikuspegia txertatzea

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburu Arantxa Tapiak esan duenez, “Euskadik bere merkatu-nitxoa sortu behar du Asian”. Zentzu horretan, aurten Japonian bulego komertzial bat ireki izanaren garrantzia nabarmendu du; hemendik gutxira beste bi irekiko dira, bata Korean eta bestea Turkian, munduan barrena 16 ordezkaritza izango dituen sare bat osatu arte. Tapiaren hitzetan, “nazioartekotzea trakzio-faktorea da ekonomia suspertu eta hazteko”, eta atzerrian ekoitzi beharra dago, baina “ezin dugu gure fabrikazioa gehiegi urrundu”. Ildo horretatik, pandemiak eta Ukrainiako gerrak irakatsi dizkiguten “lezio garrantzitsuak” aipatu ditu.

Horixe esan du sailburuak gaur eta bihar BECen 600 profesional bilduko dituen INTERGUNE 2022 ekitaldiaren, hots, euskal enpresen nazioartekotze foroaren inaugurazio-saioan.

Ekitaldi horrek bere baitan biltzen ditu industria eta zerbitzu arlo guztietako enpresak, klusterrak, finantza-erakundeak, instituzioak eta nazioarteko bokazioa duen talentu gaztea. Kanpo merkataritzako bostehun bat agentek ere parte hartuko dute Euskadin enpresen esportazio-jardueraren inguruan egiten den ekitaldi nagusi honetan. SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatzen du INTERGUNE.

Arantxa Tapia sailburuaren hitzen ostean, Fitch Solutions konpainiako ekonomia globaleko aditu Daniele Fraietta-k 2023rako mundu mailako panorama makroekonomikoa aurkeztu du. Fraietta-k esan du munduko ekonomiaren hazkundea nabarmen eroriko dela 2023an, baina ez dela sartuko atzeraldian. Perspektiba onenak Asia-Pazifiko eskualdeak ditu, batik bat Txinak; aldiz, etorkizuna ilunagoa da AEBentzat eta Eurogunearentzat, eta baliteke zifra negatiboak erregistratzea euren BPGaren bilakaeran.

Segidan, “Emakumea eta Nazioartekotzea” mahai-ingurua egin da BECeko auditorioan, non aztergai izan baitituzte emakumearen lidergoa eta kanpo-merkataritzaren arloan duen papera. Smart Jidoka aholkularitzako, Basque Trade nazioartekotzeko euskal agentziako eta Sisteplant, Arteche nahiz Dikar enpresetako hainbat emakumezko zuzendaritza-karguk parte hartu dute mahai-inguruan.

Eztabaida horrek argi utzi du behar-beharrezkoa dela aldaketak egitea hezkuntzan, administrazio publikoan zein enpresetan. Hezkuntzari dagokionez, aniztasunean hezi behar da, emakumeen ahalduntzea bultzatuz eta emakume profesionalen eredu inspiratzaileak aurkeztuz. Administrazioak, berriz, ikusgarritasun handiagoa eman behar die emakume profesionalei, eta aintzat hartu behar du genero-ikuspegia laguntzak ematean. Azkenik, enpresei dagokienez, martxan jarri behar dute kultura berri bat, aniztasuna bultzatuko duena, ikusgarritasuna emango diena emakumeei eta genero-ikuspegia barneratuko duena langileak kontratatzean eta enpresako barne sustapenean.

Epe laburreko perspektibak euskal ekonomiarentzat funtsezkoak diren sektoreetan

Egunean zehar, INTERGUNEn presente egongo dira euskal ekonomiarentzat funtsezkoak diren hainbat sektoretako -hala nola automobilgintza, energia, ingurumena edo osasuna- adituak. Foro honek mundu osoko enpresa-liderrak, nazioarteko merkataritzako espezialistak eta arduradun politiko nahiz akademikoak biltzen ditu, munduko ekonomiaren egoeraz eta epe laburreko perspektibez eztabaidatzeko.

80tik gora herrialdetarako zuzeneko sarbidea euskal enpresentzat

Euskal konpainien erronkak aztertuko dira nazioartekotze arloko adituekin eta baita ere Kanpo Sareko kideekin eginiko bilera pertsonalen bidez, tresna eta konponbide indibidualizatuak eskaintzeko eta euskal enpresei zuzeneko sarbidea errazteko 80 herrialde baino gehiagotara.

 Euskal enpresentzako aukerak Asian

Arreta berezia eskainiko zaie Asian hedatzeko aukerei, eta batik bat fokua jarriko da Korea, Turkia, Japonia eta Indiako merkatuetan. Ekitaldian izango dira herrialde horietan adituak diren hizlariak, azaldu dezaten zein den gaur egungo egoera, nolakoak diren 2023rako espektatibak eta, batez ere, zein aukera eskaintzen dituzten merkatu horiek euskal enpresentzat.

Talentua Euskadira erakarri eta bertan atxikitzea

Era berean, Intergune ekitaldiaren bigarren jardunaldian (bihar osteguna, hilak 27), “Talent Spot” talentuaren foroa egingo da, Euskadiko erreferentziazko ekitaldia, eta bere helburua da pertsonek enpresen nazioartekotze-prozesuetan betetzen duten paperaren garrantziaz sentsibilizatzea.

Hala, foro horretan bilduko dira bai ikasleak, bai profesionalak eta baita ere erakunde eta enpresak, eta elkarrekin konektatuko dituzte prestakuntzako aukerak, enplegua nahiz nazioarteko erronkak, zeintzuetan talentua oinarrizko elementua baita. Gune honetan hizpide hartuko dira laguntza-tresna publikoak (besteak beste “Beint” eta “Global Training”), eta enpresen nazioartekotze arloan gaitzeko unibertsitate-tresnak, eta baita ere Euskadira itzultzeko erronkak eta laguntzak. Helburua: talentua erakarri eta atxikitzea.

INTERGUNE 2022

Ikusi egitarau osoa hemen:

URRIAK 26 ETA 27ko EGITARAUA / BEC / BILBAO EXHIBITION CENTER

 

Lotutako albisteak

26 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Mikel Jauregi sailburuak jaso du Japoniako Enbaxadoreak emandako distinzioa, Basque Trade & Investment nazioartekotzeko euskal agentziak Euskadi eta Japoniaren arteko harremanak sendotzeko egindako ahaleginari errekonozimendua
Irakurri gehiago
22 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetako inbertsio berriak eta Euskadiko enpresentzako aukerak erakartzen jarraituko du
Irakurri gehiago
Basque WomenIN 20 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
B·WOMENIN Globalen bosgarren saioak emakumeen ekintzailetza nabarmentzen du hedapen globalaren eragile gisa
Irakurri gehiago
Red Exterior Vasca 20 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Estatu Batuak, Alemaniak eta Frantziak BasqueTrade International Meetingsen jarri dute arreta euskal enpresetan
Irakurri gehiago
Webinar Automoción 18 Azaroa, 2024 Basque Trade & Investment
Automobilaren sektoreko euskal enpresek Europako industria honen erronkak eta aukerak jorratu dituzte
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak