Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 13 abendua, 2022 Ekintzailetza Up Euskadi

Lau proiektu puntuaketa gorenarekin berdinduta geratu dira E-mprende lehiaketan eta horrek argi erakusten du Euskadik ekintzailetzarako duen talentu bikaina

Unibertsitateko lehiaketa honetako finalistek asko baloratu dute simulazioen eta gamifikazioaren erabilera gaitasunak garatzeko

Ez da izan erraza, baina ekintzailetzako E-mprende unibertsitate-lehiaketaren finalera iritsi diren ikasleek pentsarazi digute hala izan dela, azken proba teknikoetan oso puntuazio altuak lortu dituzte eta. Halere, lauk bakarrik lortu dute puntuazio gorena (100dik 100) eta berdinduta geratu dira lehenengo postuan. Hamdi Salma (EHU/UPV), Inazio Aja (EHU/UPV), Kepa Juaristi (Mondragon Unibertsitatea) eta Unai Abadía (EHU/UPV) izan dira 2022ko edizioko irabazleak, eta bakoitzak 1.500 euro eskuratu ditu.

Gestionet Taldeak antolatzen duen E-mprende Euskadi lehiaketak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du (SPRIren bitartez), eta baita ere Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiena. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ere kolaboratu dute.

Parte-hartze handia

Guztira 400dik gora ikaslek eman dute izena, gehienak euskal unibertsitateetako graduren batean matrikulatuta daudenak, eta lehiaketa hilabetean egin da. Denbora horretan, parte-hartzaileek enpresa birtual bat zuzendu dute, eta plataforma digitalak baliatu dituzte euren ekintzailetza gaitasunak indartzeko.

Izena eman zutenetatik 100 iritsi ziren finalerdietara, eta haietatik 10 igaro ziren abenduaren 1ean Beaz Bizkaia zentroan egin zen finalera.

Lehiaketak erakutsi du posible dela ekintzailetza bezalako gaiei buruzko prestakuntza indartzea enpresen simulazioak eta ludifikazioa (gamifikazio anglizismoaz ezagunagoa) erabilita, hau da, jolasaren berezko teknika eta dinamikak aplikatuta ludikoak ez diren inguruneetan, adibidez, hezkuntzan. Parte-hartzaileek “Innovación GP” eta “La Isla” Gestionet-en plataforma digital gamifikatuak erabili zituzten, hain zuzen konpainia multinazional handiek (horietako batzuk IBEX 35 taldekoak) erabiltzen dituzten berdinak.

Ekimena baliagarri izan da baita ere ezagutzera emateko Euskadin ekintzaileei laguntzeko eskaintzen diren baliabideak. Hain zuzen, horixe izan da proba baten ardatz nagusia.

Lehen fasea: auto-diagnostikoa eta erronkak

Lehiaketak gonbidapena egin zien parte-hartzaile guztiei euren gaitasunak neur zitzaten, horrela ekintzailetzarako duten potentziala identifikatzeko eta auto-diagnostiko bat izateko. Neurketa hori aukerakoa izan zen, ez derrigorrezkoa.

Auto-ebaluatzeko aukera eman ondoren, ikasleek galderen erronkan parte hartu zuten. Fase hori arrakastaz gainditzeko irakurri egin behar izan zituzten ekintzailetzari buruzko aholkuak eta euskal ekintzailetza sistemari buruzko informazioa. Lehiakide bakoitzak 25 erronkatan parte har zezakeen gehienez. Erronkak ziren hainbat galdera zuzen erantzutea gainerako lehiakideak baino arinago.

Lehen fasean baita ere (online egin zena) ekintzailetzako simulagailu bat erabili zuten. Simulagailu horrekin parte-hartzaileek enpresa txiki sortu berri bati buruzko erabakiak hartu zituzten 12 hilabete birtualetan, emaitza onenak lortzeko.

Auto-talde bat lideratzea

Hurrengo fasera (hau ere online egin zen) igaro ziren 100 pertsonek “Innovación GP” lasterketetan parte hartu zuten Gestionet-ek eskaintzen duen beste enpresa-simulagailu batekin. Horraino iritsi zirenek 4 lasterketatan parte hartu zuten euren auto-taldea maila gorenera eramateko.

Fase honetako ehun parte-hartzaileen zeregina zen euren auto-taldea lidergoan kokatzea, bai kirol arloan eta baita ere kudeaketan. Hogeina auto-taldez (parte-hartzaileak) osatutako bost multzo sortu ziren. Eta multzo bakoitzeko bi onenak (10 guztira) finalera igaro ziren.

Uharte bat modu jasangarrian gobernatzea

Finalean, presentzialki egin zena Beaz zentroan, proban jarri ziren 10 finalisten ekintzailetzarako gaitasunak Gestionet-en “La Isla” simulagailuarekin.

Tresna horren bidez, erabiltzaileak uharte bat gobernatu behar du, bertako baliabide naturalak kudeatuz aurrekontu mugatu batekin, uharteko biztanleen gogobetetze ahalik eta handiena lortzeko.

Kasu arrakastatsuekin ikastea

Amaierako ekitaldian izan ziren Aitor Cobanera, SPRI Taldeko Enpresen Sustapeneko zuzendaria, Olatz Goitia, Beaz zentroko zuzendaria (Bizkaiko Foru Aldundia), Iker Estensoro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomi Sustapeneko zuzendaria, eta David Montero, BIC Araba zentroko zuzendaria. Baita ere parte hartu zuten Noemí Peñak, UPV/EHUk Bizkaian duen campuseko Ekintzailetza eta Transferentziako zuzendariak, eta Almudena Reciok, Deustuko Unibertsitateko Crecer+ inbertsio-sareko koordinatzaileak.

Bilboko ekitaldian orobat izan ziren ekintzailetzaren arloan erreferente diren hizlariak, denak ere ibilbide arrakastatsua duten startupetako ordezkariak: Neurologyca, Innitius eta Smowltech.

Irabazleen erreakzioak

Hamdi Salma Bleila: “Dibertigarriena izan da nire antzeko ideiak dituen jendea ezagutzea eta haiekin momentuak  partekatzea”.

  • Bizkaia
  • Enpresa Graduko ikaslea
  • Euskal Herriko Unibertsitatea

Finala amaitzean, Hamdi Salma Bleila-k (irabazleetako bat) nabarmendu zuen erabili zuten simulagailuak dedikazio handia eskatzen duela hasieran, baina, izan zutela astia probak garatzeko. Ikasleak aipatu zuen beretzat “interesgarria eta intuitiboa” izan zela, eta aukera eman ziola unibertsitateko ikasketetan jorratutako gaiak praktikan aplikatzeko. Baita ere esan zuen: “dibertigarriena izan da nire antzeko ideiak dituen jendea ezagutzea eta haiekin momentuak partekatzea, hau da, egun oso bat, otorduak eta solasaldiak”.

Kepa Juaristi: “Iruditu zait lehiaketa hau ikasteko modu oso dinamikoa dela”

  • Gipuzkoa
  • Enpresa Graduko ikaslea
  • Mondragon Unibertsitatea

Kepa Juaristi izan da beste irabazleetako bat, eta bere hitzetan “plazer handia da saria nik adina lan egin duten beste hiru pertsonarekin partekatzea”. “Iruditu zait lehiaketa hau ikasteko oso modu dinamikoa dela eta aukera ematen duela jolasaren bitartez talentua erakusteko” esan zuen.

Inazio Aja Urdangarin: “Jarrai dezatela horrelako jarduerak antolatzen, ikasleontzat oso aberasgarriak dira eta”

  • Araba
  • Enpresa Graduko ikaslea
  • Euskal Herriko Unibertsitatea

Inazio Aja Urdangarinek ere lehen lau lehiakideen artean bukatu zuen eta, bere esanetan, E-mprende “zerbait desberdina da gelan egin ohi dugunarekin alderatuta”. “Jarduera didaktiko interesgarria da” esan zuen. Zentzu horretan, adierazi zuen “hasiera-hasieratik gozatu zuela” simulagailu desberdinak erabiltzen. “Jarrai dezatela horrelako jarduerak antolatzen, ikasleontzat oso aberasgarriak dira eta” esan zuen finalean. Gainera, aukera aprobetxatu zuen “gainerako lehiakideak zoriontzeko” eta aipatu zuen “maila oso altua izan zela”. Bere iritziz, hori “oso nabarmena izan zen hasieratik”, hortaz, “pozik” dago azkenean irabazleetako bat izan delako.

Unai Abadia Cobo: “Gamifikazioak barruan dugun onena ateratzen digu”

  • Bizkaia
  • Gizarte eta Lege Zientzien Gradua.
  • Euskal Herriko Unibertsitatea

“Lehiaketa hau oso dinamika baliagarria iruditu zait bere gaitasunak aztertu nahi dituen edonorentzat” esan zuen Unai Abadia Cobok, beste irabazle batek. Gizarte eta Lege Zientzietako ikasle hori beste lehiakide batzuen iritzi berekoa da: “maila handia egon da”, eta gaineratu zuen “etorkizuna bermatuta” dagoela “ekintzailetza arloan”;  “ekintzailetzako ezagutza edo gaitasunak ebaluatzeko modua egokia da, gamifikazioak barruan dugun onena ateratzen digu eta”. Orobat aipatu zuen gamifikazioak aukera ematen duela hezkuntzarako dinamika aproposak erabiltzeko eta ikasleek ez dutela jolastzat hartzen.

Lotutako albisteak

28 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Stansol Energy, instalazio fotovoltaikoentzako egiturak Gasteiztik mundura
Irakurri gehiago
26 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Biribil Ecolabek erabilitako materialei bigarren bizitza bat ematen laguntzen du
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 22 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 15 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak