Zamudion kokatutako IPF ingeniaritza 25 langileko ETE bat da, eta mundu mailako liderra da poliuretano malguzko aparraren manipulazioan. Konpainiak bost kontinenteetan saltzen du bere produktua, eta SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programako laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.
Enpresa hau 1994an sortu zen, instalazioak eskaintzeko poliuretano malguzko aparra fabrikatzen duten enpresentzat. Lehengai hori erosotasun, automobilgintza, oinetakogintza eta aplikazio teknikoen sektoreetan erabiltzen da batik bat. “Giza gorputza ukitzen duen ia edozein gauza egiteko erabiltzen da” azaldu du Ángel Viñasek, enpresako kudeatzaileak.
Konpainia hau bereziki zentratzen da poliuretano malguzko aparraren manipulaziorako instalazioetan. “Produktu espezifikoa da, giltza eskuan modalitatekoa. Aparra fabrikatzeko instalazioak egiten ditugu. Produktu hau ez da fabrikatzen Txina bezalako herrialdeetan, ez du merezi, gero garraiatu egin behar baita; aparra kontsumitzen den tokitik hurbil kontsumitu behar da, horregatik, mundu osoan dauzkagu bezeroak”.
Hasieran, Recticel multinazionalak erosi zuen enpresa, baina 2013an hiru bazkideren esku geratu zen konpainia autonomo gisa.
Aparra manipulatzeko sistemak egiten dituzte batez ere. “Munduko onenak gara, espezialista bakarrak. Apar malgua egiten duten munduko enpresa gehienen diseinuan parte hartu dugu”. Negozioa pixkanaka zabaldu egin da, lantegien diseinuan eta konektagarritasunean sartzeraino. Gaur egun, urtean lau eta hamar instalazio bitartean egiten dituzte.
2007an milioi bat euro baino gutxiagoko salmentak izatetik 2021ean 9 milioira eta 2022an 15 milioira igaro dira, horixe da euren arrakastaren giltza. Plantilla ere bikoiztu egin da, 2007ko 12 langileetatik gaur egungo 25 langilera iritsi arte.
Bere bezeroak poliuretano aparraren fabrikatzaileak eta koltxoi fabrikatzaileak dira. Bost kontinenteetan saltzen dute, eta Estatu Batuetakoa da euren egungo merkatu nagusia. Pandemiak “hazkunde handia” ekarri zion IPFri, garai hartan hiritarrek eginahalak egin baitzituzten euren etxeak erosoago egiteko. Horrekin batera, Estatu Batuetako dumping-aren aurkako legea etorri zen, Asiako herrialdeetatik koltxoiak inportatzea debekatu zuena.
I+G funtsezkoa da enpresarentzat, eta salmenten % 5 suposatzen du. “Gure hazkundeak oinarritzat dauzka produktu berritzaileak garatzea, desberdinak izatea eta produktu kategoria berriak sortzea. Gure helburua da lantegiko produkzioari buruzko datu kritiko guztiak kudeatzea”.
Datozen hilabeteetan produktu-sorta berri bat merkaturatuko dute: prozesuaren simulagailuak, kalitatearen datu-kudeatzaileak eta baita ere bezeroen premiak (tamaina, tenperatura eta pisuaren kontrola, produktuaren trazagarritasuna eta prozesuko segurtasunaren kontrola) aseko dituen sentsore-sorta bat. “Apar fabriketan suteak gertatzeko arriskua dago. Eta blokearen barruan tenperatura aldaketak detektatzen dituzten sentsoreak garatu ditugu keari eta tenperaturari buruzko datuak neurtzen dituen teknologia espezifiko batekin, bezeroek euren prozesuan txertatu eta prozesua optimizatu dezaten. Era berean, aparrarentzako kode berezi bat definitu dugu, produktuen trazagarritasuna kudeatzeko lantegi barruan zein lantegitik kanpo”.
Enpresak badu beste produktu berritzaile bat: sistema bat blokeak eskaneatzeko eta etenik gabeko apar blokeak dinamikoki pisatzeko.
SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntzarekin barneko arkitektura osoa berritu da, eta segurtasun- eta erabiltzaile-politikak ere bai.
Etorkizuneko erronketako bat da merkatuan lehiakiderik izango ez duen produktu estandar bat eskaintzea eta neurrira eginiko instalazioekin bateragarri egitea. “Hazkundea egiten dugunaren ondorio bat izango da, eta ez helburu bat. Gure asmoa da egiten dugun honetan onenak izatea”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?