Ingemat ingeniaritza bizkaitarrak Zamudion du egoitza, eta ehun bat profesional dauzka plantillan. 1982an sortu zenetik, neurrira eginiko automatizazio robotikoko proiektuak eskaintzen ditu hainbat sektore industrialentzat, batik bat automobilgintzarentzat. Arlo horretan, fabrikatzaile nagusi ia guztientzako proiektuak garatu ditu 25 herrialdetan, eta horrek izaera globala ematen dio bere negozio-ereduari, ezinbestekoa dena sektorean lehiakor izateko. Hona hemen azkenaldian garatu duen proiektuetako bat, izaera global horren erakusgarri: oraintsu entregatu dizkio US POSTAL enpresari bere banaketarako furgoneta berriek behar dituzten ingeniaritza eta ekipoak. Ipar Amerikako posta sektoreko erraldoi honek 200 bilioitik gora gutun eta pakete jaso eta banatzen ditu urtero, adierazi du konpainiaren zuzendari nagusi Adolfo del Campok.
Zertan dautza US Postal enpresari bere furgoneta-flota berritzeko salduko dizkiozuen ekipoak?
Linea robotizatuak dira, eta bere bitartez mihiztatuko dira Oshkosh Korporazioak Ford enpresarekin lankidetzan AEBetako posta zerbitzuari (US Postal Service) entregatuko dizkion furgoneten aluminiozko ateak (albokoak eta atzekoa) eta kapotak. Mihiztatze-linea horiek 15 robot izango dituzte eta hainbat teknologia baliatuko dira piezak uztartzeko, hala nola gako bidez eusteko teknologia, itsasgarriak aplikatzekoa eta SPR (self piercing riveting).
Zenbat unitate egingo dituzue?
Sei enpresak parte hartu dugu proiektu honetan: amaierako bezeroa US Postal Service da, ibilgailuaren fabrikatzailea Oskhosh Corporation (Ford-ekin lankidetzan), Tier-1 Hego Karolinako Spartanburg Steel Products eta Tier-2, berriz, gu geu eta AEBetan daukagun Artiflex kolaboratzailea. Hortik abiatuta aurreikusten da 665.000 furgoneta hornitzea ibilgailuaren bizi-ziklo osoan, hau da, 2024tik hasi eta 2033ra bitartean, urtean 165.000 unitateko gailurrarekin.
Zertan eragiten dio proiektu honek Zamudioko egoitza nagusiari?
Garrantzitsua da aipatzea proiektu honen muina, bere balio erantsi garrantzitsuena (ingeniaritza), Ingematen garatuko dela eta, hortaz, Made in Basque Country izango dela. Ingematek gidatu ditu prozesuaren definizioa eta instalazioaren lay-out-a eskaintza fasean; ondoren, mihiztatze-linearen diseinu mekaniko osoa garatu dugu, bere simulazioa egin dugu, robotak offline programatu ditugu eta gakoz eusteko prozesua diseinatu dugu (geure teknologia da, Ingematek patentatutakoa, eta beharrezkoa dena ibilgailuaren zati mugikorrak –ateak, kapotak- mihiztatzeko).
Eta muntaia?
Estatu Batuetan dugun kolaboratzailea arduratuko da muntaiaz eta proiektua in situ abiarazteaz Hego Karolinako lantegian. Gure langileek laguntza puntualak emango dizkiote urrats kritikoenak emateko, adibidez, gako bidez eusteko teknologia martxan jartzeko.
US Postal enpresarekin lortutako akordio honek erakusten du “ziklo onean” murgilduta zaudetela iaztik… Esango zenuke 2022a urte ona izan zela Ingematentzat?
Bizi izan dugun egoera konplexua gorabehera (lehengaien kostuen igoerak, energiaren kostuen gorakadak eta erdi-eroaleen hornikuntzako krisiak ondorio larriak izan ditu automobilgintza sektorean), 2022a urte ona izan zen guretzat, gai izan ginelako salmentak handitzeko, emaitzak hobetzeko eta Europan, Mexikon nahiz Estatu Batuetan dugun bezero-nomina handitzeko eta, ondorioz, plantilla ere handitu dugu. Esan genezake “borobila” izan dela alde guztietatik. Gainera, horrek berretsi egin du azken lau urteetako joera ona, zeinari esker enpresa gai izan baita hazteko eta arlo guztietan hobetzeko, kanpoko faktoreak gorabehera (Covid, etab.).
Zeintzuk dira hasi berri den 2023 urte honetarako helburu nagusiak?
Hiru helburu nagusi ditugu: Europan, hau da, gure etxean eta gure merkatu naturalean hazten jarraitzea, fokua jarriz Alemanian. Horretarako ezinbestekoa izango da berritzea, gure bezeroak harritzeko lehiakorrago egingo gaituzten garapen berriekin eta hobekuntzekin. Bigarrenik, Mexikon dugun filialaren tamaina bikoiztea (salmentetan eta langileetan). Dagoeneko badaukagu asmo handiko hazkunde-plan bat datozen urteetarako…
Eta hirugarrenik?
Estatu Batuetan dugun presentzia sendotzea enpresa propio bat sortuz han daukagun partner-arekin. Horrek sarbidea emango digu gurea bezalako enpresa batentzat aukera handiak eskaintzen dituen merkatu erraldoi batera. Interesgarria da aipatzea Zamudioko egoitza nagusian kontzentratzen dela Mexiko eta AEBetako proiektuetarako balio erantsia, proiektu horietarako ingeniaritza mekaniko eta elektrikoa beti egiten baita Ingematen. Hortaz, hirugarren helburu hau lortzeko Zamudioko plantilla ere handitu beharko dugu, arlo horietako eskaeraren hazkundeari aurre egiteko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?