Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskola, lehengo Txomin Agirre ikastolan instalatu da 2,5 milioi euroko inbertsioaren ondoren, guneak behar barrietara egokitzeko eta ikastegia azken barrikuntza teknologikoekaz hornitzeko.
Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskolak gaur goizean inauguratu dauz haren instalazio barriak, lehengo Txomin Agirre ikastolako egoitzan kokatuta dagoz, udalerriko Kamiñazpi auzoan, 2,5 milioi euroko inbertsioaren ondoren. Inbertsioa ikastetxearen titularra dan, parrokiagaz batera, Bilboko Gotzaindegiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailak ordaindu dabe. Arrantza eskola barriak itsas-arrantza sektorea bultzatzea ahalbidetuko dau Bizkaian eta, bereziki, Lea Artibai eskualdean.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Joseba Segura Bilboko gotzainak eta Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak martxan jarri dabe gaur goizean, formalki, Arrantza Eskola barria. Ikastegiak San Inazio kalean egoan eraikin zaharretik alde egin dau, erabat barritutako eta bere hezkuntza eskaintzara egokitutako instalazioetara joateko.
Gotzaindegiak 1949an San Inazio kalean inauguratu zan Arrantza Eskolaren egoitza ordezkatzea erabaki eban, Ondarroako parrokiaren bultzadagaz eta auzokideen, kofradiaren, armadoreen eta eskualdeko hainbat enpresaren lankidetzagaz, instalazioak egungo prestakuntza beharretara egokitzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta ikastegia azken barrikuntza teknologikoekazhornitzeko.
Holan, arduradunek nabarmendu dabenez, arrantza eskola barria, 2.500 metro karratutik gorakoa patioak kontatu gabe, Lea Artibai eskualdeko hezkuntza eskaintza zabaldu eta hobetzen dauan proiektu barritzailea bihurtuko da, hezkuntza lidergoa hartuko dau eta itsas-arrantza sektorea sustatuko dau une erabakigarri batean, “eskaera betetzeko beharrezko belaunaldi erreleboa izan gabe”, ikastegiko zuzendaria Bittor San Millanek azaldu dauanez. “Hori guztia, kontuan hartuta Ondarroako portua Kantauri isurialdeko arrantza porturik garrantzitsuenetako bat dala”, gaineratu dau.
Izan be, Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu dauanez “Arrantza Eskola proiektu giltzarria da sektore oso baten etorkizuna ziurtatzen saiatzeko, lehiakorragoa eginez”.
“Gaur ikastegi barri bat inauguratu dogu, eta aukera berriak izango doguz itsas arrantzaren sektoreko balio-kate osorako. Eskualde osoan. 2 milioi eta erdiko inbertsio honek horma hauetatik haratago doaz, etorkizunerako apustu bat dira. Lea-Artibaik itsasoko eta arrantzako jardueraren alde egiten dauan apustu estrategiko honi heltzeko definitzen dan gobernantza-ereduaren parte izan behar dau”, adierazi dau, “Lea Artibaik eta Ondarroak arrantzan eta merkaturatzean erreferente izaten jarraitu daien laguntzeko eta bermatzeko balio behar dau. Eta hori talentua, barrikuntza eta ekintzailetza batzen dauazan lehiakortasun ikuspegi integral baten bidez bakarrik egin daiteke. Eta horixe da gaur inauguratuko doguna”, gaineratu dau.
Bilboko gotzainak, bere partetik, adierazi dau gotzaindegiak “ahalegin nabarmena” egin dauala. “Sinisten dogulako itsas-arrantza sektorearen etorkizunean, etorkizuneko profesionalen prestakuntzarik onenean, Ondarroaren, Lea Artibairen, Bizkaiaren eta Euskadiren etorkizunean sinisten dogulako”, azpimarratu dau.
Eraldaketa sakonari esker, Arrantza Eskola barriak Nabigazioko eta Arrantzako Erdi Mailako ziklo barri bat eukiko dau, gainerako hezkuntza eskaintzari gehituko dana:
Itsas Mekanikako Erdi Mailako Gradua, Alturako Patroiaren Goi Mailako Gradua eta Makinen Goi Mailako Gradua. Horrez gain, ikastegiak abian jarriko dau hurrengo hilabeteetan Ethazi metodologia barritzailea. Horren bidez, ikasleek erronka eta proiektuen bidez lan egiten dabe, ikaskuntza praktikoagoa eta dinamikoagoa eginez.
Gainera, arautu gabeko prestakuntza hezkuntza eskaintzan ere sartuko da, lanbide ziurtagiri barriekaz. Holan, besteak beste, sakonera txikiko urpekaritza profesionaleko ikastaroak emongo dira Ondarroako portuan, itsas-arrantzako prestakuntza osatzeko.
Zentzu horretan, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak azpimarratu dauanez, “proiektu honek sendotzen dau Eusko Jaurlaritzaren apustua belaunaldi erreleboagaitik eta Euskadiko arrantza sektorearen profesionalizazioagaitik. Guzti hori, sektorearen etorkizuna bermatzeko helburuagaz gazteen eransketagaz, sektore jasangarri eta lehiakor bat ahalbidetzeko”.
Azken urtean burutu diran lanek lortu dabez “posible diran instalaziorik onenak ingurune barri batean eta ekipamendu aurreratuenagaz”. Holan, eraikina barritu eta domotizatzeaz gain, teknologia aurreratuena instalatu da simulazioetan, bai nabigaziokoak eta arrantzakoak, bai makinetakoak eta kontrol elektrikokoak. “Ekipo digitalak dira, bideo-joko baten bezala, non ikasleek sistema elektrikoak edo balbulak kontrolatu ahal daben, edo ontzia gidatu ahal daben, baita arrantzarako maniobra aproposak egin be, besta gauza askoren artean”, azaldu dau zuzendariak.
Gainera, eskolan arrantzan espezializatutako hotz industrialeko tailerrak dagoz, eskualde osoan erreferenteak, motorren eta mekanizazioaren tailerrak, edo soldadurako ekipo eta instalazio aurreratuak. “Itsasontzi batean, zikloetako profesionalek danetarik ikasten dabe; horregaitik, oso kotizatuak dira, bai itsasoan, bai lehorrean”, San Millánek azaldu dauanez. Izan be, sektoreko urteera profesionalak oso zabalak dira eta langabezia oso txikia da. Zuzendariak adierazi dauanez, “ikasleek denbora laburrean aurkitzen dabe lana”.
Gainera, Arrantza Eskolak, instalazio fotovoltaiko bat izango dau teilatuan, elektrizitatez hornituko dauana eraikin osoa, eta horrek are jasangarriagoa egingo dau ikastegia.
Arrantza eskola EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak sarearen parte da, Bilboko Gotzaindegiaren mendekoa dana. Txomin Agirre Ikastola sarearen parte zan be, 2019an itxi zan, udalerrian eta eskualdeko gainerako lekuetan matrikulazioak jaitsi ziralako eta jaiotza-tasak behera egin ebalako.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?