Euskadiko airesorgailuen sektorean erreferentziazkoa den ETEetako bat Portugaleten (Bizkaia) kokatuta dago 1961etik. Antec famili enpresaz ari gara, zeina haize-errotentzako balazten diseinu eta fabrikazioan espezializatuta baitago. Jarduera horrek mundu mailako lider izatera eraman du, eta berriki Marcelo Gangoiti saria jaso du sariketaren 26. edizioan, berrikuntzaren alde egin duen apustuagatik. Konpainia hau 2006an hasi zen atzerriko merkatuetan ezarpenak egiten, eta orain 50 herrialde baino gehiago (besteak beste Frantzia, Alemania eta Estatu Batuak) barne hartzen dituen sare komertzial bat dauka. Antec-en ekoitzitako milioi erdi bat balazta baino gehiago daude martxan mundu osoko turbina eolikoetan, dio Javier Zarauz enpresako zuzendari komertzialak.
Testuingurua jartze aldera: zertarako balio du balazta batek airesorgailu batean?
Lehenik eta behin, kontuan izan behar da airesorgailu baten barruan errotaziozko hainbat sistema daudela, eta errotazioa dagoenean, normalean, balaztatze-sistemak ere beharrezkoak izaten direla mugimendu hori geldiarazteko. Antec espezialista da bi motatako sistemetan: hegalak edo errotorea balaztatzeko sisteman eta gondola edo yaw delakoaren biraketa-mugimendua balaztatzeko sisteman. Errotoreari dagokionez, badaukagu balaztatze-sistema aerodinamiko bat, zeinaren bidez hegalek euren ardatzean biratzen baitute pixkanaka abiadura galdu dezaten. Ondoren, ia geldirik daudenean, balazta bat edo gehiago akzionatzen dira, normalean hidraulikoak direnak. Hala, hegalak guztiz geratzen dira eta geldirik jarraitzen dute, esaterako, mantenimenduko operazioak egin bitartean. Azken balazta mota hori diseinatzen eta fabrikatzen dugu guk, hau da, balazta hidraulikoa.
Beraz, esan liteke pieza kritikoa dela airesorgailu baten funtzionamendurako…
Hala da. Kontuan izan behar da airesorgailuak bi norabideetan biratu behar duela egunero, beti haizearen araberako orientazioa izateko. Bada, orientazio hori abiadura konstante eta kontrolatuan egin behar da, eta hori lortzeko hainbat balazta kokatzen dira dorrearen diametro osoan. Horiei esker, airesorgailua egonkor mantentzen da haizearen norabiderantz orientatzen denean. Balazta horiek bereziki kritikoak dira, beti daudelako martxan, dela presio baxuan haizearen norabiderantz orientatzeko edo dela presio altuan dorreari eusteko, hau da, beti daude funtzionamenduan eta, hortaz, eskakizun handiak bete behar dituzte etengabe funtzionatu ahal izateko. Mota horretako balaztak hidraulikoak edo mekanikoak izan litezke, edo bi metodoak konbinatuz eginikoak.
Onshore edo offshore sorgailuentzat egiten dituzue sistema horiek?
Gure sistemek berdin funtzionatzen dute onshore nahiz offshore airesorgailuetan. Gaur egun, onshore merkatua da garrantzitsuena, hartara bideratzen baitira munduan egiten diren airesorgailu gehienak, baina argi dago offshore merkatuak hazteko joera duela, eta hor airesorgailuak indartsuagoak direnez, balazta kopuru handiagoa behar da.
Zenbat haize-errota behar dira, adibidez, 100 MW inguruko parke bat sortzeko?
Airesorgailu baten potentzia zenbat eta handiagoa izan (offshore sorgailuek 15 MW inguru dituzte jadanik), orduan eta unitate gutxiago instalatu behar dira parkeak guztizko potentzia jakin bat izan dezan. Hau da, duela urte batzuk 100 MW inguruko offshore instalazio batean 5 MW-ko 20 bat airesorgailu behar ziren; gaur egun, ordea, baldintza logistiko eta klimatiko egokiak badaude, nahikoa litzateke 15 MW-ko zazpi airesorgailurekin.
Zerk bereizten zaituzte besteengandik?
Antec-en balio bereizgarri nagusiak dira produktuaren fidagarritasuna eta salmenta ondorengo zerbitzua. Lehen esan bezala, balazta-sistema gehienak hidraulikoak dira eta, balaztatu behar dutenean balaztatzeaz gain, garrantzitsuena da ihesak saihestea. Zeren, demagun, ihes bat dagoela itsasertzetik 15 kilometrora dagoen offshore parke batean, soilik itsasontziz edo helikopteroz iritsi daitekeen toki batean, eta gainera aldian-aldian gertatzen dela, baldintza klimatikoen arabera. Horrek sekulako produktibitate-galera eragingo luke, eta konponketa gastu handiak ere bai. Beraz, balaztak diseinatu, baliozkotu, fabrikatu eta probatzeko prozesu guztia biziki garrantzitsua da, horrela bermatuko baita funtzionamendua egokia dela eta ez dela gertatuko aipatu duguna bezalako egoerarik.
Baduzue elementu bereizgarri gehiago?
Beste balio bereizgarri garrantzitsu bat da industria eolikoko hornitzaile globala garela. Arreta eman diezaiekegu Europan, Asian zein Amerikan dauzkagun bezeroei Bizkaia, Txina eta Brasileko lantegien bitartez.
Zuena multinazional bihurtutako famili enpresa bat da, oraindik ere erroak Portugaleten dituena. Zergatik?
Hirugarren belaunaldiak gidatutako famili enpresa bat gara, beti apustu egin duena dibertsifikazioaren eta nazioartekotzearen alde, baina, aldi berean, beti eutsi diona Antec Taldearen (Ingeniaritza, Merkataritza eta Finantza arloak barne) erabaki zentroa Portugaleteko instalazioetan mantentzeko hautuari. Gainera, bertan daukagu gure hiru produkzio-lantegietako bat; horrek laguntzen digu gure erroak bertan atxikitzen, gure ingurunearen garapen sozio-ekonomikoa sustatzen, enplegua sortzen eta berrikuntzaren eta ingurumena zaintzearen aldeko apustua egiten.
Zeintzuk dira konpainiaren epe laburreko helburuak?
Gure helburua da balio erantsi handiko produktu fidagarri baten aldeko apustua egiten jarraitzea, argi eta garbi offshore merkatu eolikora zuzenduta. Esan dezagun gaur egun onshore merkatua gehiago zentratzen dela prezioan, eta offshore merkatua, berriz, fidagarritasunean, sentsorizazioan eta besteak beste monitorizazioan. Hau da, merkatu horrek ez bakarrik ematen dizu aukera produktua berritzeko eta hobetzeko, baizik eta exijitu egiten dizu.
Nolako intzidentzia izango du parkeen mantenimenduko arloak zuen Plan Estrategikoan?
Parkeen mantenimendua gure negozioaren parte bat da, eta hazten jarraitu nahi dugu arlo horretan. Urtetik urtera gero eta potentzia instalatu gehiago dago, eta beraz, airesorgailu gehiagoren mantenimendua egin behar da: balaztak aldatu, pastillak aldatu, konpondu, etab. Proiekzio handiko negozio garrantzitsua da guretzat epe ertain eta luzean, bai Estatuan eta bai nazioartean.
Zuen jarduera (balaztak) airesorgailuen merkatura mugatzen da?
Antec-en bestelako balaztak ere ekoizten ditugu: industriarako, tona askotako zamak mugitzen dituzten garabietarako edo zinta garraiatzaileetarako. Hortaz, arlo horretan gure helburua da nazioarteko merkatuetan hazten jarraitzea, hala nola Alemanian, Estatu Batuetan edo Txinan. Eta aplikazio elektromagnetikoak garatzen dituen Antec Magnets dibisioari dagokionez, apustu bat egin dugu eta bestelako produktuak garatzen hasi gara Europako eta Euskadiko (Hazitek programaren barruan) funtsak baliatuz: energia elektrikoa biltegiratzeko sistemak, adibidez SMES (Superconducting Magnetic Energy Storage) biltegiratzaile super-eroaleak, itsasorako aplikazioak dituzten inertzia-bolanteak, eta baita ere abiaziorako motor elektriko super-eroaleak.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?