SPRIk, Net-Zero Basque Industrial SuperCluster ekimenaren koordinatzaile den aldetik, jendaurrean azaldu du zein aurrerapen lortu diren energia-kontsumoan intentsiboak diren EAEko industria-sektoreak deskarbonizatzeko ibilbide-orrien definizioan.
SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendari Cristina Oyónek “EPRI European Workshop Week” ekitaldiaren zazpigarren edizioko elektrifikazio eta deskarbonizazio industrialari buruzko saioan parte hartu du eta xeheki azaldu du identifikatu diren neurrietatik zeintzuk diren garapen teknologikoa behar dutenak. Martxoaren 14tik 16ra bitartean, nazioarteko energia-sektoreko eragile garrantzitsuenak elkartu dira “EPRI European Workshop Week” ekitaldian, jakiteko nola aurre egin industriaren berrikuntza arloko erronka handiei 2050erako trantsizio energetikoan.
Net-zero Basque Industrial Supercluster-aren parte hartzea SPRIren eta EPRIren arteko lankidetzaren emaitza da. Joan den abenduaren 5ean SPRI Taldeak eta EPRIk hitzarmen bat sinatu zuten, euskal industriaren deskarbonizazio-prozesua azkartzeko NZBIS ekimenaren esparruan. Egun horretan, ekitaldi batean bildu ziren EPRIko presidentea eta CEOa, Arshad Mansoor, eta, ekimenaren sustatzaile gisa, Arantxa Tapia, Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, eta Aitor Urzelai, SPRIko zuzendari nagusia, eta, horiez gain, han izan ziren baita ere proiektuko bazkide nagusien (Petronor, Iberdrola eta Energia Klusterra) ordezkariak.
Lankidetza horri esker, EPRIk AEBetan eta Europan dituen langileen laguntza eta esperientzia eskaintzen du, ikuspegi objektibo eta independente batetik identifikatzeko deskarbonizazioko teknologiak, zehazki, hidrogeno, energia-eraginkortasun eta elektrifikazio arlokoak.
Net-Zero Basque Industrial SuperCluster (NZBIS) ekimena Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Euskadiko energia arloko bi enpresa handiekin (Petronor-Repsol eta Iberdrola) eta industri klusterrekin lankidetzan, Euskadiko zero emisio garbietarako bidea azkartzeko, energia-hornikuntzaren eta energia-eraginkortasunaren deskarbonizazioa sustatuz eta teknologia berrien eta zerbitzu berritzaileen zabalkundean oinarritutako merkatu-aukerak sortuz.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?