Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 23 Marzo, 2023 Berrikuntza

SPRIk “Euskal Politika Industriala” plataforma aurkeztu du ADR Foroan esperientzia berritzaile eta jardunbide egoki gisa

Aitor Urzelaik Eskualde Garapenerako Agentzien XXIII. Foroan parte hartu du Sevillan

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelai Sevillan izan da Eskualde Garapenerako Agentzien XXIII. Foroan (ADR), non euskal ordezkaritzak esperientzia berritzaile eta jardunbide egoki gisa aurkeztu baitu “Euskal Politika Industriala” plataforma. Azalpenak Aitor Cobanerak eman ditu, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendariak.

Euskal Politika Industriala erreferentziazko tresna bat da jakiteko zeintzuk izan diren Eusko Jaurlaritzak Euskadiren eraldaketa prozesua gidatzeko baliatu dituen giltzarriak, filosofia, helburuak eta ekimenak.

Azken hamarkadetan, Euskadiko ehun produktibo, ekonomiko eta sozialak eraldaketa-prozesu sakon bat bizi izan du lehiakor izaten jarraitzeko ingurune berri honetan, zeinetan nazioarteko presentzia, IKTen erabilera, kalitatea eta aurrerapen teknologikoa, berrikuntza eta espezializazio adimenduna funtsezko lehiakortasun-faktore bihurtu baitira.

Euskal Politika Industriala plataformaren helburua da Euskadik hainbat arlotan (politika industrialean, sustapen industrialean eta lehiakortasunean, finantzaketan, ekintzailetzan, azpiegituretan, teknologian, berrikuntzan, EIKTetan, nazioartekotzean, politika energetikoan eta ingurumen politikan) metatu duen jakintza sakona berreskuratu eta zabaltzea sarbide unibertsaleko espazio bakar baten bidez. Bertan sakon aztertzen dira euskal politika industrialaren azken lau hamarkadetako arrakastaren giltzak, horien azpian dagoen filosofia, aldi bakoitzean iritsi nahi izan diren helburuak eta nola garatu den prozesua.

Plataforma hau tresna bizi eta dinamiko bat da, etengabe eguneratuko da eta sarbide unibertsala eskaintzen du Euskadiren lehiakortasunaren giltzarriak ulertarazteko eta, aldi berean,  “Euskadi Basque Country” marka nazioartean errotzen eta zabaltzen laguntzeko. Ikuspegi bisuala du, eta kalitatezko diseinu berritzaile eta sortzailea, irudi moderno bat emateko eta areago sendotzeko Euskadiren nortasun industrial eta lehiakorra.

Funtsean, Euskal Politika Industriala plataforma lagungarri izango da euskal ekonomiak eta gizarteak bizi duten eraldaketaren historia bizirik atxikitzeko eta ezagutzera emateko eraldaketa prozesu sakon horretan gauzatu diren programa, ekimen eta ekintzak. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erabil daiteke, eta bilaketa motor batekin 300dik gora eduki-fitxa identifikatu daitezke; fitxa bakoitzak labur azaltzen du euskal politika industrialaren arloan martxan jarri diren ekimen guztien funtsa eta funtzionamendua. Oro har, fitxetako informazioak egitura hau du: helburuak, aurrekariak, ekintzak, aurrekontuak, emaitzak eta oinarritzat hartutako araudia, bai eta ikus-entzunezko elementuak eta erreferentzia interesgarriak. Era berean, plataformak baditu hainbat funtzio nabigazio-esperientzia hobetzeko:

  • HOME (hasierako orria): hemendik sartzen da bilatzailera, nabigazio-mapara eta Euskal Politika Industriala plataformako eduki guztien aurkibidera. Horien osagarri, karrusel interaktibo batek mugarri historikoak, bideoak eta aldi-bateko irudien konparatzaile bat eskaintzen ditu.
  • Esploratu: hemendik eduki-fitxak bilatzen dira terminoak sartuz eta iragazkiak zehaztuz.
  • Ekintza-eremuak: ekintza-eremu bakoitzean informazioa aurkitzen da hainbat ekimenen inplementazioari buruz (eduki-fitxetan bildutako informazioa).
  • Kronograma: ekimen guztiak eskematikoki bistaratzen ditu euren ekintza-esparru eta iraupenaren arabera.
  • Denbora-lerroa: eduki-fitxa guztiak kronologikoki ikusarazten ditu.
  • Adierazleak: Euskadiko datu sozio-ekonomikoen bilakaera erakusten du eta beste geografia batzuetako datuekin konparatzen ditu.

Hala, plataforma hau politika industrialak bere osotasunean bildua duen jakintzaren erreferente global bat da, baina ez bakarrik diziplinarteko ikuspegitik, baita belaunaldi-artekotik ere.

 

Lotutako albisteak

25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Sidenorrek estrategia bat sustatu du enpresaren balio-kate osoan emakumearen presentzia handitzeko
Irakurri gehiago
25 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Eximportek irtenbide itsasgarriak eta urratzaileak eskaintzen ditu automobilgintza, trenbide edo energia berriztagarriak bezalako sektoreetarako
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Berrikuntza
SPRI, Budapesten egiten ari den SME Assembly 2024an parte hartzen ari da
Irakurri gehiago
18 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Solve Wind itsas eolikarako gabarra garatzen ari da
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Berrikuntza
‘ekinBarri 2024’ enpresa-topaketak Bizkaiko enpresa-garapenaren eta lehiakortasunaren erdigunean jarriko ditu pertsonak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak