BIND 4.0 SME Connection programaren bigarren edizioko 37 startup finalistak ekimenaren 2. edizioan parte hartu duten 24 ETEekin bildu dira Miramongo Parke Teknologikoan, Donostian, datozen hilabeteetan elkarrekin garatuko dituzten berrikuntza irekiko proiektuak zehazteko. BIND 4.0 SME Connection ETEei zuzendutako ekimen bat da, BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformaren barruan, eta startupekiko lankidetzaren bidez eraldaketa digitala bultzatzea du helburu.
Topaketa hori deialdiko azken hautaketa-fasea da. Deialdia urtarrilean abiarazi zen, eta 200 hautagaitza baino gehiago jaso zituen, hau da, aurreko edizioan erregistratutakoen bikoitzak. Networkingaren eta aurkezpenen jardunaldi horren barruan, 37 startup finalistak bakarka bildu ahal izan dira lehenetsi dituzten 24 ETE parte-hartzaileekin, eta 11 erronka sektorialetan sakondu ahal izan dute premia horiei erantzuteko.
Zehazki, BIND 4.0 SME Connection-en aurtengo edizioan parte hartu duten 24 ETEak honako Klusterrak Dinamizatzeko Erakunde hauetakoak dira: Aclima (AAC Acústica, Sercontrol, Agrupalab), Basque Food Cluster (Artomaña Txakolina SL, Bodegas Itsasmendi, Paturpat, Giraldo Food Group SL), Eraikune (Zikotz, Fhimasa, REPAIR), Habic (Alcad Electronics SL, Burdinola, Daisalux, Ojmar), Uptek AFM (Lantek, Loire, Ona, Gestamp), Siderex (GHI Hornos Industriales); eta Adegi enpresa-elkartekoak ere bai (Couth Industrial, Salva Industrial, Euskabea, Comercial Hostelera del Norte, Metrología Sariki). Teknologia berriak aplikatzearen bidez makina-erremintaren, ingurumenaren, elikaduraren, diseinu eta ekipamenduaren eta eraikuntzaren arloetako digitalizazioaren erronka berriei erantzuteko ahalmena duten startupak bilatzen dituzte guztiek.
BIND 4.0 SME Connection-ek antolatutako lehen topaketaren helburua da parte hartzen duten ETEek soluziorik egokienak detektatzeko hautatu dituzten startupak zuzenean ezagutzea. Era horretan, euskal ETEak bultzatzeko eta haien digitalizazioa bizkortzeko proiektu berritzaile berriak jarri ahal izango dira abian, eta haien lehiakortasun-abantaila eta berrikuntza eta negoziorako barne-ahalmenak areagotuko dira.
Bestalde, topaketaren ondoren hautatutako startupek proiektu bat garatuko dute sektorean erreferentzia den bezero batekin lankidetzan. Horren bidez, beren teknologia erabiltzeko lehen aukeretako bat lortuko dute, eta posizionamendu hobea eta agerikotasun handiagoa izango dute.
SME Connection Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eta Up!Euskadi plataformaren bidez sustatutako BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformaren ekimenetako bat da. 2016. urteaz geroztik, proiektu berritzaileen garapena ziurtatu du Euskadiko enpresetan, eta berrikuntza irekiaren onurak eta startupen hazkundea ezagutarazi ditu proiektu errealekin eta erreferentziazko bezeroekin. Horren ondorioz, nazioarteko erreferentziazko plataforma bihurtu da.
SME Connection-ek efizientzia egiaztatuta duen Cluster Challenges ereduari jarraitzen dio. Eredu horretan, BIND 4.0 SME Connection-eko Klusterrak Dinamizatzeko Erakundeek eta enpresa-elkarteek ETEentzako hainbat erronka komun identifikatzen dituzte. Horren helburua da erronka horiei erantzuteko proiektu berritzaileak garatzea, startup teknologikoekin lankidetzan eta hainbat teknologia erabiliz (hala nola adimen artifiziala, Big Data, IoT edo zibersegurtasuna).
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?