Argi-Tech argiztapen-ingeniaritza bat da. Bere helburua: soluzioak inplantatzen dituen instalazioetako errendimendua eta energia-eraginkortasuna hobetzea. Izan ere, argiztapen adimenduna modu eraginkor eta errazean integra daiteke IoT sareetan, 4.0 industria sustatzen lagunduz.
Amando Ruiz zuzendari nagusiaren arabera, Argi-Tech bereizten duena “azken teknologiaren ekarpena da sektorean eta hiru dimentsiotako argi-proiektuen garapenean, eta horrek askoz ere zehatzagoak izaten laguntzen digu argiztapenean itzalen arazoak ikusteko orduan, baita bezeroari begira ere, non bere enpresaren ‘biki digital’ bat ikus baitezake aurreikusitako argiztapenarekin”. Oso erabilgarria da, halaber, larrialdietako argiztapen-proiektuetan, ebakuazio-bideetan, larrialdi-irteeretan eta antipaniko-eremuetan.
3D bistaratze hori erabili aurretik, Argi-Techek “zehatz-mehatz aztertzen du argiztatuko den arloan garatuko duen jarduera, indarrean dagoen araudia eta energiari eta ingurumenari buruzko nazioko eta nazioarteko arauak kontuan hartuta”, Ruizek azaldu duenez. Azterketa horren ondoren, Argi-Techek giro bakoitzerako argiztapen-mota definitzen du, eta proiektua 3D bistaratzeko tresnekin garatzen du, bezeroak espaziorako proposatutako argiztapen-soluzioaren emaitza ikusi ahal izan dezan. Bideo-adibide ugari ditu, hala nola Arcelor Mittalek Sestaon duen egoitzarako, upategiren baterako eta Coca-Colak Galdakaon duen industria-botilaratzeko makinarako proiektuak. Azkenik, horniduren kudeaketaz, eraikuntzaz, instalazioaz eta argiztapen-soluzioa abiarazteaz arduratzen da.
Soluzio horiek bilatzeko, Argi-Techek teknologia digitalak eta irrati-maiztasuneko teknologiak aplikatzen ditu luminariak kontrolatzeko eta erregulatzeko, eta bezeroei beren beharretara hobekien egokitzen diren alternatibak proposatzen dizkie. “Haririk gabeko komunikazio-sistemek aukera ematen dute argiztapenean (PLC, PC, DALI, RF, ZIGBEE) terminal finko edo mugikor programagarri baten bidez jarduteko, mantentze-lanak eta kontsumoen neurketa erraztuz eta, era berean, instalazio-kostuak murriztuz”, Ruizek azaldu duenez.
“Gure proiektu guztietan erabilgarri dagoen azken teknologia segurua aplikatzen dugu”, dio zuzendari nagusiak. Gainera, azpimarratu du ia guztiek presentzia-sentsoreak edo ilunabar-sentsoreak erabiltzen dituztela, eta horrek aukera ematen duela “instalazioen errendimendua eta eraginkortasuna ahalik eta gehien hobetzeko”.
Enpresa 2014an hasi zen lanean, Beaz-en enpresa berritzaileak sortzeko programari esker. Hiru bazkide fundatzaileak industria eta energia sektorekoak dira: “Hausnarketa estrategikoko prozesu baten ondoren, ondorioztatu genuen teknologikoki, hurrengo ekitaldietan, iraultza bat ikusiko genuela eraginkortasun energetikoan hobekuntzak lortzeko. Ondorioz, aukera bat iruditu zitzaigun argiztapen-teknologia horiek ahalbidetzen dituzten aukerak industria-sektoreari zabaltzea eta eskaintzea”, Ruizek azaldu duenez. Bere garaian Bizkaia Ezkerraldea BICean instalatuta, Argi-Tech gaur egun Barakaldo Elkartegia eraikinean dago.
Ruizek dioenez, Argi-Techen jarduera ia erabat gelditu zen pandemian zehar, baina enpresak aukera berriak bilatzen jakin zuen: “Gainazaletarako eta inguruneetarako desinfekzio-soluzioak merkatuan sartzen saiatu ginen, argi ultramorea (UVC) erabiliz. Alternatibak aztertu genituen eta eraginkortasuna egiaztatu genuen euskal mikrobiologiako laborategi batekin batera. Hainbat eskaintza egin genituen UVC ekipoekin eta haien kontrolarekin. Soluzioa bi laborategitan instalatu genuen”.
Argi-Techen ohiko jarduera 2022an berraktibatzea lortu zuen eta, 2023rako, zuzendari nagusia baikor dago. Bere egunerokotasunaren barruan, enpresak arazo espezifikoak dituzten argiztapen-proiektuetan ere jarduten du, hala nola antzokietan, museoetan edo eraikin enblematikoetan, barnealdeetarako eta kanpoaldeetarako irtenbide bereziak eman behar dituztenetan. “Halaber, 3Dko lursail erreala erabiliz argiztapen-proiektuak egiten ditugu, hala nola Ordunteko presa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarentzat (BBUP) egindako proiektua. Lurraren 3D mapa bat erabili genuen presarekin, argiztapen egokia ikusteko, inguruan argi-kutsadura saihestuz”, Ruizek dioenez.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?