Industria sailburuorde Mikel Amundarain, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelai eta Industria eta Energia Trantsizioko zuzendari Ana Camacho Hannover Messe azokan daude aste honetan, bertan parte hartzen ari diren euskal enpresei laguntzeko. Hannover Messe industria arloko Europako azoka garrantzitsuena da eta Alemaniako izen bereko hirian egiten da. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ekitaldian aurkeztu dituzte Euskadin azaroaren 13tik 17ra bitartean egingo diren jarduerak SME Week eta Basque Open Industry jardunaldien barruan.
Barakaldoko BECen egingo den Basque Open Industry 2023 ekitaldiak euskal industriaren potentzial osoa bilduko du eta nazioarteko proiekzio handia emango dio Euskadiri. Batetik, SME Assembly batzarrarekin (azaroak 13-15), ETEentzako Europako ekitaldi garrantzitsuenarekin. Eta, bestetik, aste horretan bertan (azaroak 15-17) egingo den Europe Enterprise Network-EEN sarearen urteroko konferentziarekin. Euskadi EEN-ko kide da hasiera-hasieratik eta antolakunde horrek milatik gora ordezkari europar biltzen ditu.
Hannover Messe
Euskal erakundeen ordezkaritzak Hannover-eko egonaldia aprobetxatu du bilerak egiteko bai Alemaniako ekitaldiko ordezkariekin, eta bai euskal enpresekin. Hona hemen horietako batzuk: Talleres Mendi, Egaña, LESOL, Lekuona Solutions, Xubi engranajes, Iraundi, Multiverse computing, Ingeteam power technology, FANOX Electronic, COFUNDI, Gipuzkoako Ganbera, teknologi zentroak eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA) sareko ordezkariak.
Duela urte batzuetatik hona, Eusko Jaurlaritzak gero eta presentzia handiagoa du Hannover Messe azokan. Ekonomi Garapen Sailak eta SPRI Taldeak hantxe eman zuten ezagutzera Basque Industry 4.0 estrategia, zeinak Erkidegoko instantzien eta Europar Batasuneko presidente Ursula Von der Leyen-en laudorioak eta aitortza jaso baitzituen. Izan ere, 2020ko urrian Von der Leyen-ek eredutzat jarri zuen Euskadiko Gobernuak Basque Digital Innovation Hub (BDIH) proiektuaren bidez garatzen duen digitalizazio politika, aipamen berezia eginaz eraldaketa digitala bultzatzeko euskal ekimenari Eskualdeen Batzordeko osoko bilkuran.
Hannoverreko Hannover Messe azoka munduko industria azoka handiena da. Hannover hirian (Alemania) egiten da urtero, eta 6.000 erakusle eta 200.000 bisitari inguru erakartzen ditu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?