Kusudama ‘spin off’ bat da, Cidetec zentro teknologikoko nanomedikuntza-eremutik sortua, eta BRTA euskal aliantzaren parte da. Duela bost urte sortu zen, biriketako infekzioak tratatzeko nano-antibiotiko berriak garatzeko proiektu gisa, eta, bereziki, ohiko farmakoen aurrean erresistentzia handia duten infekzio kronikoetan lantzeko nahiarekin.
Kusudamak garatu nahi dituen medikamentuak ‘delivery’ kontzeptuan oinarrituta daude, hau da, zehazki birikara bideratutako partikulez osatuta daude. Horrelako pneumonien kasuan, euskal enpresak egiaztatu duenez, antibiotikoak arnastea da modurik onena. Delivery plataformak, berriz, gai aktiboa biriketan zabaltzea eta mukian eta biofilmean sartzea hobetzen du. Gaur egun, Kusudamak bi pertsona ditu proiektuan, baina ez du baztertzen langileak gehitzen joatea.
“Gure helburua da plataforma honekin formulatutako lehen nano-farmakoa garatzea, saiakuntza klinikoetara bideratu ahal izateko. Gure bezero potentziala enpresa farmazeutikoak dira, teknologia lizentziatzen eta etorkizunean saiakuntza klinikoak egiten lagun diezaguketenak. Lehen medikamentu honetan, jada ezaguna den antibiotiko batekin ari gara lanean, Tobramizinarekin, alegia”, azaldu du Iraida Loinaz Cidetec Nanomedicine-ko zuzendariak. Gainera, Kusudamak beste ikerketa-proiektu batzuetan lan egiten du beste antibiotiko batzuekin, produktu-sorta zabaltzeko.
Proiektu horrek SPRI Taldearen laguntza izan du, Barnekintzaile programaren bidez. Programa horrek lagundu dio Kusudamari bere negozio-plana garatzen eta I+G dibisioan lortutako gai aktiborako hautagairik onena aukeratzen. Basque Fondoaren bidez ere jaso du laguntza.
Etorkizunari begira, Kusudamaren lehen asmoa botika saiakuntza klinikoetara eramatea da. “Finantziazioa bilatu eta kapitala zabaldu beharko dugu, erregulazio-aurreklinika osoa garatzeko. Lehen antibiotiko horrekin egindako saiakuntza klinikoetan teknologia baliozkotu ondoren, beste antibiotiko berri batzuk lantzen ari gara. Antibiotiko horiek nanoak ere izan daitezke, inhalazio bidez emateko. Hori interesgarria litzateke infekzio iraunkorrak tratatzeko, gaur egun kronikoak baitira eta egungo antibiotikoekin ez baitira desagertu”, adierazi du Iraida Loinazek.
SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?