Euskadi dagoeneko prestatzen ari da Basque Open Industry hartzeko, euskal industria adimendunaren topaketa handiena eta eskualdeko manufaktura aurreratuko ekosistemaren heldutasuna agerian utziko duena. Azaroaren 13an eta 14an izango da, Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta estrategiak, iritziak, teknologia eta esperientziak bateratzeko eta sektorean sortzen ari diren azken joerak eta aplikazioak behatzeko agertokia izatea bilatuko du. Izen-emateak zabalik daude jadanik.
Horretarako, hitzaldi, mahai-inguru eta tailer praktikoen programa oso bat izango du, hiru ardatzen gainean egituratua: talentua; industria adimendunerako joerak; eta energia- eta ingurumen-trantsizioa eta trantsizio teknologiko-digitala. Bakoitzaren gakoak hurbiltzeko, bi jardunaldietan sektoreko erakunde erreferenteak izango dira, informazio garrantzitsua emateko eta beren esperientziak lehen pertsonan kontatzeko.
Talentua lehen jardunaldian jorratuko da. Basque Trade & Investmenten (BT&I) eskutik, erakundeetan gero eta garrantzi handiagoa duela hausnartzeko gune bat eskainiko da. Hainbat alderdiren bidez egingo da, besteak beste, industriarekin lotutako bokazio profesionalen sustapena, nazioarteko inguruneetan lan egiteko gaitasuna eta talentua erakartzeko politika publiko-pribatuak hedatzea.
Tarte horrez gain, arratsaldean, saioek 4.0 industriarako startupak bizkortzeko BIND 4.0 programa izango dute ardatz, SPRI Taldeak sustatua. Programa honen arrakasta kasuak aztertzeko unea izango da. Dagoeneko sei edizio egin dira, 190 startup baino gehiago bizkortu dira eta 270 proiektu inguru garatu dira. Horrez gain, startupen arteko konexioari buruzko mahai-inguru bat, berrikuntza irekiari buruzko ponentzia bat eta ‘networking party’ bat izango dira.
Azaroaren 14an, jardunaldiak industria adimendunaren joerak izango ditu ildo nagusi bezala. Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) bezalako euskal ekosistema industrialeko eragile garrantzitsuek parte hartuko dute. Bi ponentzia eta mahai-inguru baten bidez, ‘Adimen Artifizialaren gaurko eta etorkizuneko erronkak’ jorratuko ditu. Bestalde, Basque Cybersecurity Centre-k (BCSC) hiru saiorekin ekimen estrategikoen eta zibersegurtasunaren erronken gaia aurkeztuko du, I+G+B ikuspegiaren, punta-puntako proiektuen edo talentuaren bitartez.
Basque Research & Technology Alliance (BRTA) delakoan bildutako zentro teknologikoek ere parte hartuko dute jardunaldi honetan. ‘Etorkizuneko industriarako estrategiak eta joerak’ jorratuko dituzte, tokiko industria indartzeko, digitalizazioaren inpaktua ezagutzeko eta industria berdea etorkizun jasangarrirako bidean nola ari den lideratzen ezagutzeko aukera emango duten hitzaldien bidez.
Azkenik, bloke honetan Basque Digital Innovation HUB (BDIH) ere egongo da. Teknologia digitalak eta jasangarriak ezagutu, probatu eta garatu dituzten eta horiekin batera produkzio-prozesuak hobetu dituzten enpresen arrakasta kasuak ezagutzeko gune bat eskainiko du.
Hirugarren ardatzak energia- eta ingurumen-trantsizioa eta trantsizio teknologiko-digitala jorratuko ditu. Horretarako, Basque Microelectronics Hub (BMH) izango da bertan, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartearen (GAIA) barne-organoa, eta eskualdeko estrategia mikroelektroniko bat antolatzeko eta gidatzeko gune bat proposatzen du.
ELBE (European Leaders of Blue Energy), Euskadiko Energiaren Klusterra buru duena, eta INGENIOUS (erresilientzia eta trantsizio berde eta digitalak ekonomian eta industrian bizkortzean oinarritzen dena) kluster multzoek ere parte hartuko dute. Europako Batzordeak ‘eurokluster’ izendutako horiek ezagutarazteko gune bat izango dira bloke honetako ponentziak. Aliantza horien helburua da ETEentzako finantzaketa-ildoak koordinatzea itsasoko energia berriztagarrien eta energia-industria intentsiboen deskarbonizazioaren arloetan.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobek, eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) gune bateratu bat eskainiko dute ekonomia zirkularraren, hondakinen kudeaketaren edo zirkulartasunaren joerei heltzeko, besteak beste.
Hemen da etorkizuneko industria, zain gaituzu Basque Open Industry-n. Euskal produkzio-sarea indartzeko diseinatutako manufaktura aurreratuko ekosistema baten finkapena aurkezten duen topaketa. Izen-emateko epea zabalik dago.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?