Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 4 urria, 2023 Ingurumen-jasangarritasuna Energia

CIC energiGUNEk elektrikoki kargatu daitekeen lehenbiziko zink-aire bateria diseinatuko du

Gailu horien bizi-zikloa eta biltegiratze-denborak hobetuko ditu
  • Lana European Research and Innovation Programme-k (GA zk. 101115421) finantzatutako HIPERZAB Europako Proiektuaren barruan dago, eta euskal zentroa du buru. Abian jartzeko bilera gaur egin da CIC energiGUNEk Gasteizen duen egoitzan, eta partzuergoan parte hartzen duten Europako 7 erakundeetako ordezkariak izan dira, Erkidegokoak zein kanpokoak.
  • Helburua, ziklabilitatean eta biltegiratze-denboran aurrera egitea ahalbidetuko duen eta elektrikoki birkargatu daitekeen zink-aire bateria laborategiko eskalan diseinatzea eta balioztatzea da, energia berriztagarriekin eta biltegiratze egonkorrerako (epe ertain-luzerako) elektrolizagailuekin konbinatzeko.

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, elektrikoki kargatu daitekeen lehenbiziko zink-aire bateria diseinatzeko prozesua jarri du abian. Oso aurrerapen garrantzitsua izango da teknologia hori garatzeko. Izan ere, teknologia hori oso iraunkorra da eta material aktibo ugari eta merkeak erabiltzen ditu. Ekimena Europako HIPERZAB proiektuaren barruan dago. Proiektu horretan kontinenteko zazpi enpresa eta erakundek hartzen dute parte, CIC energiGUNE buru dutela. Proiektua abian jartzeko bilera gaur egin da Gasteizen.

“Gaur egun, kargatu ezin diren lehen mailako zink- eta aire-bateriak ditugu, eta denboran zehar asko irauten duten arren kargagarritasun mugatua dute”, ziurtatu du Nagore Ortiz Vitoriano CIC energiGUNEko proiektu honetako Ikertzaile Nagusiak. “HIPERZABekin lortuko duguna lehen aldiz, zink-aire bateria birkargagarri bat sortzea da eta, horrela, epe ertainera –egunak edo asteak– biltegiratzeko eta energia berriztagarriekin eta elektrizagailu elektrikoekin konbinatzeko gai izango den gailu mota ezin hobea garatzen aurrera egitea”, adierazi du.

HIPERZABen proposamena Europar Batasuneko “Pathfinder Challenges” deialdian sartu da. Osagai disruptibo handia du; izan ere, merkatuan lehen mailako zink-aire bateriak dauden arren, oraindik ez da horien bertsio kargagarririk garatu. Helburu hori lortzeak berehalako hobekuntzak ekarriko lituzke biltegiratze-denboran, kostuen murrizketan eta epe ertainera biltegiratzera egokitutako bizi-zikloaren diseinuan, energia berriztagarriekin eta elektrolizagailuekin konbinatzeko aukera emateaz gain.

Nabarmentzekoa da metal-aire bateriek, kasu honetan bezala, abantaila nabarmenak dituztela, hala nola material aktibo merkeen eta ugarien erabilera, energia-dentsitate handia eta epe luzerako egonkortasuna. Horien garapenerako oztopo nagusia, HIPERZAB proiektua gainditzen saiatuko dena, birkargagarritasuna da (minutuetara, orduetara mugatuta dago) eta birkarga mekanikoaren (ez-elektrikoaren) ondoriozko mantentze-kostu handiak.

Helburua lortzeko, HIPERZABek hiru osagai berritzaile garatuko ditu: 3D Zink/biopolimero porotsuz osatutako anodoa, polimero naturaletan oinarritutako geruza biko gel elektrolito jasangarria, eta material kritikorik gabeko katodoa. Era berean, proiektuak arreta berezia jarriko du material horien erreakzio-mekanismoak ulertzen, eragiketa-baldintzak fenomeno elektrokimikoekin erlazionatuz, teknologia horretarako berariaz garatutako karakterizazio-teknikei esker. CIC energiGUNEk, proiektua koordinatzeaz gain, parte-hartze aktiboa eta erabakigarria izango du katodoa, elektrolitoa, modelizatua eta gelaxkaren integrazioa ikertzeko lan-paketeetan.

HIPERZAB partzuergoa CIC energiGUNEk, lider gisa, Cegasa Energiak, Sintefek, Poltecnico di Torinok, Institut de Recerca de l’energia de Catalunyak, Advenstek eta Deutsches Zentrum Fur Luft Und Raumfahrtek osatzen dute. Egikaritze epea 48 hilabetekoa da.

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE erreferentziazko zentroa da energia elektrokimikoaren biltegiratzean (bateriak eta kondentsadoreak), energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan. Bere 12 urteko esperientzian, CIC energiGUNE nazioarteko erreferente nagusietako gisa finkatu da egoera solidoko baterien arloan, eta energiaren biltegiratzean Europa hegoaldeko erreferentzia nagusia bihurtu da. BasqueResearch&Technology Alliance-BRTAko kide ere bada.

2011n abian jarri zenetik, CIC energiGUNEk 303 I+G proiektutan hartu du parte, horietatik 40 baino gehiago Europa mailakoak, 1.000 argitalpen zientifikotik gora ditu eta ehun proiektu baino gehiago gauzatu ditu industriarekin lankidetzan, horrela industriako produktuen eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzen lagunduz. Horretarako, CIC energiGUNEk instalazio bereziak ditu, eta horien artean, biltegiratze elektrokimikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira.

Lotutako albisteak

Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Vascolacek bigarren bizitza ematen dio gatzurari
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Jauregik i-DE enpresaren egoitza nagusia bisitatu du, bertako profesionalei GOIDI Valentziatik igaro ondoren hornidura berrezartzeko emandako laguntza eskertzeko
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Energia Klusterrak aurreikusten du Euskadin 6.000 enplegu baino gehiago sortuko direla 2040an sektore eoliko flotatzailean
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Mikel Jauregi sailburuak ITP Aero bisitatu du, motor aeronautiko efizienteagoen eta jasangarriagoen fabrikazioan nazioarteko liderra den euskal enpresa
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak