Utopiatik egunerokora izenburuarekin egingo da EUSKARABILDUA jardunaldiaren 12. edizioa datorren urriaren 26an Donostian; eta biharamonean, urriaren 27an, Ekonomilari Euskaldunen III. Biltzarra hartuko du Gasteizek; enpresaBIDEA egunkaritik hartu dugun Aspegi Sarien bederatzigarren ediziorako deialdiari buruzko informazioa, Bai Euskarari Elkarteak Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak berriro martxan dituela eta Industria berriaren hiztegiko berba berri batek, Ziberespaziok osatzen dute IndeusBerriren gaurko agerraldia.
Aspegi Sarien IX. ediziora hautagaiak aurkezteko epea zabalik da.EnpresaBIDEA egunkarian irakurri dugu Aspegi Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien elkarteak Aspegi Sarien bederatzigarren ediziorako deialdia ireki duela. Emakume enpresari, profesional eta zuzendariaren garapenaren alde dihardu elkarteak, eta hauen ibilbide profesionala aitortu asmoz antolatzen du urtero sari hau. Aukera berdintasunean oinarrituta, “jarduera ekonomiko eta profesional errentagarriak, lehiakorrak eta berritzaileak garatzea posible dela erakustea” da sariketaren helburu nagusia. Era berean, emakumeek enpresetan egindako jardunbide egokien adibideak aurkeztu nahi dira, bai enpresarienak, bai profesionalenak, bai zuzendarienak.
Ekonomilari euskaldunen III.biltzarra Gasteizen egingo da urriaren 27an.Bi urtetik behin antolatzen den Ekonomilari euskaldunen biltzarraren 3.edizioa dator aurtengo urrian, 27an hain zuzen eta Gasteizen. Hirugarren honetan, pandemia, gerra eta klima aldaketa kontuen ezinbesteko eraginpean, Oinarrizko Burujabetza Ekonomikoa lantzera gatoz. Hau da, prospekzio estrategikoak estatu-egiturak eraikitzeko. Goizeko saioan hainbat adituk demografia, urarenak, klima aldaketa, elikadura eta energiaren gaiak jorratuko dituzte. Arratsaldean bi tailer aukeran: bata, baliabideak (horretan garraio sektorearen kasu praktiko batzuk ezagutuko ditugu) eta bestea jendea, bietan ala bietan eztabaida irekiekin.
Utopiatik egunerokora: Google gabe aukera burujabeak badira.Gai hau ardatz hartuta egingo da EUSKARABILDUAren 12.edizioa datorren urriaren 26an San Telmo Museoan, Donostian.
Jardunaldiak gure egunerokoan baliagarri zaizkigun hainbat tresna ezagutzera emango ditu, norberaren beharretara parametrizagarriak izan daitezkeenak, datuen pribatutasuna plataforma handien aldean babesten dutenak eta euskaraz ere erabilgarri daudenak: Nextcloud, edozein erakunde edo enpresentzako bulego birtuala, Oddo ERP sistema eta marketin digitalerako Mailtrain softwarea, besteak beste.
“ZIBERESPAZIO” Industria Berriaren Spri Hiztegian. Sare digitalek eta Internetek osatutako eremu interaktiboa, informazioa biltegiratzeko, trukatzeko eta lantzeko erabiltzen dena. Eremu birtuala da, ikuspegi fisikotik existitzen ez dena, non pertsonek edo subjektuek, publiko zein pribatuek, era askotako jarduerak egiten dituzten (hala nola komunikazioa, edukien sorkuntza eta partekatzea, negozio-jarduerak edo zerbitzu-eskaintza).
BAI EUSKARARIk “Elkarrengandik ikasiz” solasaldien hirugarren edizioa abiarazi du.Bai Euskarari Elkarteak Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak antolatu ditu hirugarren aldiz, Kutxa Fundazioak babestuta. Urriaren 5ean, 11n eta 19an, hiru gai hauen inguruko solasaldiak egingo dira: Burujabetza digitala eta inklusiboa, Zerk egiten gaitu zoriontsu gure lanean? eta Jasangarritasuna, etiketa bat besterik ez da?
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?