Azaroaren 8an, Industriaren Deskarbonizazioko Sektore mailako Foro berriaren lehen topaketa egingo da. Aipatutako foroa energia-eraginkortasuneko eta deskarbonizazioko soluzioen eskaintza eta eskaria elkartzeko tokia izango da esparru horrekin lotutako lankidetza-aukerak dinamizatzeko. Izen-emateak zabalik daude eta interesdunek urriaren 31ra arteko epea izango dute. Egitasmoa Barakaldoko BECen egingo da.
Foroa Energia Klusterrak, Aclimak, AFVk, Siderexek, Paperaren Klusterrak eta SPRI Taldeak antolatu dute. Jardunaldiari hasiera erakunde mailako irekiera bidez emango dio Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, eta Net-Zero Basque Industrial SuperCluster (“Net-Zero Basque”) ekimenaren baitan honako sektore hauetako deskarbonizaziorako adostutako ibilbide-orria aurkeztuko dituzte: zementua, galdaketa, ore eta papergintza, eta siderurgia.
Net-Zero Basque ekimena Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bidez), Iberdrolak eta Petronorrek bultzatu dute eta industria-klusterrek babestu. Haren helburua da Euskadiko industrian isurpenak gutxitzea bultzatzea eta Euskadiko enpresentzat teknologia berrien eta zerbitzu berritzaileen garapenetik eratorritako aukera berriak sustatzea. Ekimenak, Euskadiko enpresa industrialekin elkarlanean, sektoreko eta teknologia mailako tailerrak jaso ditu azken urtean, eta World Economic Forum (WEF) erakundeko Transitioning Industrial Clusters towards Net Zero programan sartuta dago.
Era berean, topaketak Net Zero Basque ibilbide-orriaren arabera lehentasuna duten deskarbonizazioko soluzioen eta teknologien inguruko taldeko hiru lan-dinamika izango ditu: “Energia Eraginkortasuna”, “Elektrifikazioa eta Bero Ponpa” eta “Oxierreketa eta Hidrogenoa”. Aldi berean egingo diren saio horietan, teknologia eta soluzio horiek garatzeko Euskadin identifikatutako balio-katea aurkeztuko da eta, aldi berean, parte-hartzaileekin batera aztertuko dira haietako bakoitzari lotutako erronka teknologiko nagusiak. Horiek guztiak honi atxikitako dokumentuan daude jasota. Horren guztiaren helburua da elkarlanerako proiektuen ideia eta proposamenak identifikatzea, gero, klusterrek proiektu pilotuak eta erakusleak landu ahal izateko enpresa-interesa baieztatzeko eta horiek guztiak definitzen eta bultzatzen laguntzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?