Enpresen lehiakortasunerako, ezinbestekoa da talentua erakartzea, baina enpresa-erakundeetan pertsonen fidelizazioa lortzea ere funtsezkoa da. Horixe bera izan da SPRI Taldeak antolatuta BECen talentuaren inguruan egindako jardunaldiaren mezu nagusietako bat. Gainera, Europari Euskadiko ekosistema industrial eta teknologiko publiko-pribatua erakusteko baliagarria den Basque Open Industry egitasmoaren inaugurazioaren atarikoa ere izan da jardunaldia.
Talentuari buruzko jardunaldia Mikel Amundarainek, Industriako sailburuordeak, inauguratu du eta honako hau azpimarratu nahi izan du: gure ongizate-estatua mantendu ahal izateko, gaitasun egokiak dituzten pertsonak behar dira. “Erakunde baitan, funtsezkoa da horren garrantzia gure enpresen lehiakortasuna bermatzeko. Gure gazteak eta bereziki emakumezkoak lotzeko erantzukizuna dugu”. Gainera, “talentu berria erakartzeko eta fidelizatzeko” berrikuntza ez-teknologikoa garatzeak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du.
Bestalde, José María Peirók, Valentziako Unibertsitateko Erakundeetako Psikologia Sozialaren katedradunak, talentua esternalizatzeak duen garrantzia izan du hizpide. Bere hitzetan, “sareko antolaketa behar dugu eta kanpokoak ere gehitu behar ditugu. Horretarako, beharrezkoa da barruan gaudenon mentalitatea aldaraztea”
Bere hitzetan, talentua ikasketako eta berrikuntzako prozesua da eta “kritika ere jaso behar du. Pertsonak duen onena ematea nahi badugu, pertsona horren proiektuarekiko interesa agertu behar dugu”. Era berean, talentuak branding ona eskatzen duela gehitu du; hau da, “profil mota argitzea eta dituzten aurreikuspenekiko adi egotea, bestela alde egingo baitute. Talentua modu abegitsuan jasotzen duen kultura behar dugu”. Peirók nabarmendu duenez, talentuarekin lotutako funtsezko gaia da akatsak kudeatzea; hau da, “iskanbilan ez jardutea, feedbacka eskaintzea eta akatsetatik ikastea, horren bidez egoera hobetzeko”.
Juan Gamboak, Orkestrako ikerlariak, moderatu duen mahai-inguruan, talentuaren erronkaren inguruko eztabaida egin dute. Eduardo Aretxagak, Confebaskeko zuzendari nagusiak, lau erronka identifikatu ditu: trebatzea, erakartzea eta, “enpresa gisa, pertsonak konbentzitzea (izan ere, hori asko aldatu da, lehen aukeraketa egiten baikenuen) eta fidelizatzea”.
Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak, adierazi duenez, enpresek fidelizazioa barneratu eta kanpoko pertsonen harrera sistematizatu beharra dute. “2023an, erakarpenean jarri dugu arretagunea eta talentua fidelizatzen eta atxikitzen laguntzeko ekimen pilotua jarri dugu abian”.
Bestalde, Jorge Arévalok, Lanbide Heziketako sailburuordeak, azpimarratu duenez, talentua hobeak izateko beste batzuengandik bereiztea da. “Berezkoa da, baina prestatu ere egiten da. Gainera, gaitasun ugari eskatzen dituen ekintza da: funtsezkoena adimena da eta hori ere berezkoa den arren, entrenatu egiten da”. Aipatu duenez, bere estrategia “enpresekin eta Ekonomia Garapeneko Sailarekin gertu-gertutik elkarlanean” lan egitea da, “enpresen beharren araberako profilak prestatzeko”.
Ainhoa Ondarzabalek, Euskadiko Nazioartekotze Agentziako kontseilari delegatuak, talentua erakartzeari eta jasotzeari buruzko bigarren panela ireki du. Bere hitzetan, helburu horiek betetzeko, “inprobisatu ezin diren estrategiak” jarri behar dira abian.
Daniel Mikoltak, Ingeteameko Pertsonen arloko zuzendariak, adierazi duenez, haien enpresak LHko zentroetara eta unibertsitateetara gerturatzeko eta enplegu-atarietan presente egoteko garaian jarrera proaktiboa du. “Kaptazioa edo erakartzea ezinbestekoa da, baina fidelizazioa oso garrantzitsua da, barneko edo nazioarteko mugikortasunaren edo lidergo-eredu ezaguterrazaren bidez, betiere”.
Talentua erakartzeko eta jasotzeko estrategien inguruan gero egindako eztabaidan, Silvia Sotok, VIVEbiotech-eko Pertsonen arloko zuzendariak, adierazi du “gazte gehiago falta zaizkigu, baina baita aurrerapen teknologikoetara hobeto egokituta dagoen prestakuntza ere. Historikoki, LHk enpresarekiko lotura handiagoa du, baina unibertsitatearen kasuan, ahalegin handiagoa egin behar dugu”.
Grupo Arteche taldeko Giza Baliabideetako zuzendariak, Sonia Garaik, aipatu duenez, enpresetan “autokritika gutxi egiten da”. Bere enpresari dagokionez, CEOk emandako laguntza eta langile berriek egindako ekarpenak direla eta bere poza agertu nahi izan du. Izan ere, bere hitzetan, “horiei esker, enpresa erakargarria gara”. Talentua erakartzeko lanean Eusko Jaurlaritzaren moduko administrazioek emandako babesagatik eskerrak eman ditu.
Jardunaldia amaitzeko, mende honetako ibilbide profesionaletan nazioarteak duen garrantziari buruzko eztabaida egin dute. Juncal de Lucasek, Salto Systemsen Pertsonen arloko zuzendariak, azpimarratu duenez, gaur egun, “ezaugarri profesionalak beharrean ezaugarri pertsonalen bila aritzen gara; hau da, pertsona horrek motibazioa izatea eta gauza berriak bilatu nahi izatea”. Tinus Van de Pasek, sortzaile eta CEOak, adierazi duenez, ikasle guztiek joan beharko lukete atzerrira eta, hala, “esperientzia handiagoarekin itzuli”. Ainhoa Dorronsorok, Eusko Jaurlaritzaren Global Training beka-programako bekadun ohiak, Herbehereetan izandako esperientzia azaldu du: “han denek noranzko berean laguntzen dute eta gure modukoak haien enpresetan, familietan eta abarretan barneratzen gaituzte. Gainera, lan-ingurunea ez dago hierarkizatuta eta zure nagusiak zu zoriontsu egon zaitezen zer egin dezaketen galdetzen dizu”.
Iñaki Sánchezek, Eusko Jaurlaritzako Beint programako bekadun ohiak, bere esperientzia “eraldatzailea” dela adierazi du. “Nahiago nuke den-denok kanpora ateratzeko aukera izango bagenu”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?