Adimen Artifizialari buruzko Barnetegi Teknologiko bat antolatuz egin nahi izan du Industriaren Euskal Plataformak bere lantaldeen urteko azken batzarra. Bizkaia Enpresa Digitalaren eskutik AI sorkuntzako tresna berriak nola erabiltzen diren ikastea, benetako erabilera kasuak ikusiz, eta tresna bakoitzak dituen mugak eta erabilera arriskuak ere ezagutzea izan da Barnetegiaren helburua: AI sortzailearen oinarriak, Aplikazioak eta erabilera kasuak industria ezberdinetan, ChatGPT eta beste LLM eredu batzuk, Testuak, irudiak, bideoak eta bestelakoak sortzea, Kontsulta zehatzak – Prompt engineering, Alternatibak eta sortzen ari diren aplikazioak (Bard, Copilot, Azure AI, LLaMa, etab.), Automatizazioaren indarra, Praktika eta ariketa interaktiboak eta Mugak eta arazo posibleak; honek guztiak osatu du Barnetegiaren egitaraua.
Barnetegi Teknologikoa bukatuta INDEUSeko lantaldeen urteko azken bilera egin dute, lehenengo eta behin, plataformako kide berriak aurkeztuz: I+MED eta METAPOSTA.
i+MED zientzialarien kooperatiba da, balio erantsi handiko gailu biomedikoak eta sendagai berritzaileak ikertu, garatu eta fabrikatzen dituen ingeniaritza biomedikoko enpresa, Arabako Parke Teknologikoan kokatuta dagoena.
METAPOSTA berriz, dokumentuak kudeatzeko prozesuak arintzeko eta sinplifikatzeko pentsatuta dagoen soluzio digitalen plataforma eskaintzen duen erakundea da, postontzi digital adimendunaren kontzeptuan oinarritutako soluzioak hain zuzen.
Bi enpresokin honezkero 34 kide ditu Industriaren Euskal Plataformak.
Gaurkoa izan da INDEUSeko Lantaldeen urteko azken batzarra. Urtean zehar hartutako konpromisoen betetze maila aztertzearekin batera, datorren urterako lanak zehaztu dituzte bertaratu diren Indeus-kideek: derrigorrezko ikuskaritzak, prestakuntzarako irizpideak, software eta aplikazioak euskaraz eta praktika onak besteak beste.
Zer da Indeus?
INDEUS Industriaren Euskal Plataforma da, 2018. urtean sortua, Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bultzatzen dutena. Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak lantzeko. Eta ibilbide honetan INDEUSek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izanik euskara industria sektore eta esparru gehiagotara hedatzeko asmoarekin.
Partaideak
34 hauek dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen ari diren enpresa eta elkarteak: AMPO, BATZ, BIELE GROUP, BRTA, CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBATGROUP, EGA MASTER, EGA SOLUTIONS, EGOIN, EIKA, ELAY, ENERGIA KLUSTERRA, ESLE ELKARTEA, EUSKAL HERRIKO ITSAS FOROA, FAGOR, GAIA KLUSTERRA, GOIZPER, IKERLAN, i+MED, INNOBASQUE, LEYCOLAN, MAIER, METAPOSTA, OREKA IT, ORKLI, ORONA, PETRONOR, SISTEPLANT, TECNALIA, ULMA CONSTRUCCIÓN eta VICOMTECH.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?